Herriok Ukrainian gatazka armatuaren etetea eta hedapen
inperialistaren bukaera aldarrikatzen dugu: Gerrari ez, bizitzari bai!
Azken egunotan mundua gerra berri batekin mehatxatzen ari duen Ukrainako gerra hotsen
areagotzearekin oso kezkatuta gaude. Berriz ere, potentzia handien interes ekonomiko eta geopolitikoek 2014ean Euromaidan izenez ezagutzen den Estatu Batuen interesen aldeko kolpe
leuna eman zenetik gerran egoteari utzi ez dion herrialdean, bertako herritarren bizitza
mehatxatzen eta baldintzatzen dute.
Krisi geo-politiko berri hau Estatu Batuetako estrategiarekin zuzenean lotuta dago. Estrategia
horrek NATO Europa ekialdean zabaltzea du helburu, honen bitartez Errusia inguratu, isolatu
eta bere eragin-eremua murrizteko helburuarekin. Gas errusiarra lekualdatzeko funtsezkoa den
lurralde geo-estrategiko honetan, lurralde honen kontrola izatea oso garrantzitsua da lehian
dauden potentzientzat. Guzti honi, Txinaren kontrako borroka globalago baten baitan, Estatu
Batuek eta haien interesei loturiko lobbyek Europa ere tentsio foku bat izan dadin daukaten
interesa gehitu behar zaio.
“Koloretako Iraultza” izan zen Euromaidan mugimendua, orduko Ukrainiako presidentea zen
Victor Yanukovich-ek Errusiarengana hurbiltzeko eginiko mugimenduei eskuin eta eskuin
muturreko indarrek mendebaldeko potentzien laguntzarekin emandako erantzun bat izan.
Yanukovich-ek 2013 azaroan Europar Batasunarekin merkataritza akordio bat ezagutzera eman
zuen, Errusiarekin laguntza ekonomikoa negoziatzen ari zen bitartean.
Ordutik hona ez dago bakerik Ukrainian eta zoritxarrez badirudi inori ez zaiola gero eta
pobretuago dagoen Ukrainarren bizi baldintzak axola. Estatu Batuen eta Europar Batasuna
bezalako sateliteak daude alde batetik, zeinak behin Yanukovich kargutik kenduta ez dute
herritarren bizi baldintzak hobetzeko ezer egin eta beste aldetik Ukrainaren ekialdea dago, non
biztanleen gehiengoa errusiar jatorrikoa den eta Moskurekin dituzten lotura historiko, kultural
eta politikoak mantendu nahi dituzten. Egoera honetan harrapatuta, gerrak eta bizitzaren
prekarizazioak, gero eta nekatuago dagoen Ukrainako herritarrak zigortzen jarraitzen du.
Egoera honetan Ukrainiatik datozen gerra hotsak eta Espainiar Estatuak NATOren gerra
estrategiari emaniko laguntza salatzen ditugu. NATOri ez aldarrikatu, baino beranduago
NATORen kontra masiboki bozkatu zuten Euskal Herria, Katalunia eta Kanarietan borondate
demokratikori entzungor eginez iritzia aldatu zuen alderdi politiko berdinak, Ukrainiara
armamentu militarra bidali du. Beste behin, 1978-ko konstituzioarekin gertatu bezala,
Espainiar zentralismoa herrion borondate demokratikoaren gainetik pasa zen. Herriok, gure
borondatearen kontra NATOren gerra makinaria honetan murgildu gintuzten.
Manifestu hau sinatzen dugunok NATO-ren estrategia militarraren konplize ez dugula izan nahi
argi eta ozen esan nahi dugu. Beste askoren artean, Yugoslaviaren kontrako bonbardaketek
eragindako 1.500 biktimak, 2001eko Afganistango gerra eta 2003ko Irak-eko gerra, eta
2011eko Libiako interbentzioak gure memorian dihardute, eta ez dugu giza eskubideen urraketa
gehiagotan erantzukizunik izan nahi. Zentzu honetan gure herrialdeetan egonik gerra eta
suntsiketa estrategia honen parte diren base militar Estatu Batuar guztien itxiera exijitzen dugu;
hala nola, Rota eta Morón Andaluzian, Bardeetako Tiro Eremua Euskal Herrian, Aragoiko base
eta Tiro Eremuak, Kanarietako Fuerteventura Irlan dauden Estatu Batuetako egitura militarra,
eta Bétera-ko basea Valentzian besteak beste. Ukrainiara armak bidaltzeko zalantzarik egiten ez
duten estatuen aurrean, elkartasuna, bizitza eta eskubide nahiz justizia sozialean oinarrituriko
bakearen alde lan egingo duen eredu bat aldarrikatzen dugu.
Manifestu honekin bukatzeko, gatazkan murgilduta dauden alde guztiak interpelatu nahi
ditugu. Elkarrizketaren eta diplomaziaren unea da, hori bai, beti ere sinaturiko akordioak
beteko badira, Ukrainiako gobernuak errespetatu ez duen 2015eko Minskeko
akordioekin gertatu ez bezala. NATOren gerra makinariarekin eta honek planetaren
egonkortasunaren kontrako mehatxuarekin amaitu beharra dago. Pertsona eta herri
guztien eskubideak erdigunean jarriko dituen akordioak bilatzeko elkarrizketa eta
negoziazioa aktibatzea eskatzen diogu nazioarteko komunitateari, honen bitartez
mehatxu eta gatazkei bukaera emanez. Horregatik, herriok Ukrainian gatazka
armatuaren etetea eta hedapen inperialistaren bukaera aldarrikatzen dugu, gerrari ez eta
bizitzari bai aldarrikatuz.
2022ko urtarrilak 25
Sinatuta: Confederación Intersindical Galega, Central Unitaria de Traballadoras de
Galiza, Colectivo Unitario de Trabajadoras y Trabajadores Aragón, Corriente Sindical
d’izquierdas Asturies, ESK Euskal Herria, Intersindical Alternativa de Catalunya,
Intersindical Canaria, Intersindical de Catalunya, Intersindical Valenciana, LAB
Sindikatua Euskal Herria, OSTA Aragón, Sindicato Andaluz de Trabajadores y
Trabajadoras, Sendicato d’os Treballadors e Treballadoras d’Aragon-Sindicato Obrero
Aragones, STEI Balears, STEILAS Euskal Herria, USTEA Andalucia.