Askapena euskal erakunde internazionalistaren adierazpena NATO eta Errusiaren arteko auziari buruz

*ASKAPENA (askapena.eus)

Badira aste batzuk inperialismo atlantistak beste ofentsiba militar bati ekin diola: NATO Ekialdeko Europan hedatu da, Errusiak jaurtitako ustezko mehatxuaren aitzakiapean. Errusiak bere barnean tropa errusiarrak mugitu ditu, hori da mehatxu deritzoten horren jatorria; baina, atlantismoarekin lerrokatutako komunikabide eta analistek zabaldutakoaren arabera, Errusiak Ukraina berehalakoan okupatzeko seinale bat da.

Komunikabide horietako gutxik adierazten dute, ordea, Errusia seinalatze horren atzean zer dagoen benetan. Errusiako gobernuak AEB eta NATOrekin akordioetara iritsi nahi du, elkarrekiko segurtasuna bermatzeko. Izan ere, NATO etengabean tropak areagotzen ari da Errusiaren inguruan, baita  armamentuak eta maniobra militarrak ere, Ukrainara eta Georgiara ere hedatzeko. Jakin berri denez, bai AEBek, bai NATOk Errusiaren eskaerari erantzun eta uko egin diote erakunde kriminalaren hedapena mugatuko lukeen akordio bat sinatzeari.

Komunikabide horiek ez dute gogoratzen ere, 2014an, EBk eta AEBk estatu kolpe bat babestu zutela Ukrainan, beren interesei erantzungo zien gobernu txotxongilo bat ezartzeko; ezta talde neonaziak entrenatu zituztela eta boterea eman zitzaiela, erresistitzen ari zen oposizioa kontrolarazteko (ez dezagun ahaztu, guk behintzat, nola erre zuten Odessako Sindikatu Etxea); edo ezta Donbasseko protesten aurrean, indar militarrak eta paramilitarrak bidali zituela Ukrainako gobernu berriak, eta, ordutik, oraindik ere, ejertzito ukrainarrak Donetsko Herri Errepublika bonbardatzen jarraitzen duela. Ez dute azaltzen EB eta hari erantzuten dioten komunikabideak arduratu direla Ukrainako eskuin muturra eta milizia neonaziak zuritzeaz, beraien kontra ari direnak kriminalizatzeko.

Nahiz eta Europar Batasuneko zenbait gobernuk adierazi duten tentsioa arintzearen alde daudela eta irtenbide diplomatiko bat behar dela, argi geratu da asteotan nola eszenifikatu den bestelako akordio bat  EBko herrialde horien artean, Erresuma Batuarekin eta AEBekin batera. Praktikan, alderantziz, ikusi dugu nola areagotu dioten Ukrainari babes militarra (Estatu espainolak ere bidali ditu tropak hara), nola parte hartu duten NATOren hedapen militarrean eta nola egin duten mehatxu Errusiaren aurkako zigor sortarekin.

Gaur, beste behin, egoera ikusita, internazionaliston paperari buruzko eztabaiden aurrean gaude. Euskal internazionalismotik, Europar Batasuneko Estatu espainiar nahiz frantsesen instituzio burges eta inperialisten zapalkuntzapean dagoen Euskal Herrian aritzen garen unetik, gure ekarpenik handiena borroka egitea da emantzipazio sozial eta nazionalerako prozesu bat eraikitzeko bidean, hala soilik izango baikara instituzio burges horiek guztiak suntsitzeko gai. Eta horrek, gaurko testuinguruan, Estatu espainolaren, frantsesaren, Europar Batasunaren eta NATOren inperialismoaren aurka irmoki agertzea dakar, ezinbestean.

NATO EZ!

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *