AEBen “terrorismoaren aurkako gerrak” gutxienez 900.000 pertsona hil ditu 2001etik

Heriotza horiek bonba, bala edo su bidez eragindakoak soilik dira. Brown Unibertsitateko “Gerraren kostua” ikerketaren arabera, AEBek 8 trilioi dolar xahutu dituzte “terrorismoaren aurkako gerra” delakoan.

*Leire Artola Arin / ARGIA astekaria

Egun, AEBak 80 herrialdetan ari dira gauzatzen “terrorismoaren kontrako gerra”; mapa honetan ikusten denez, Afrikako herrialde gehienetan eta Asia hegoaldekoetan dute armada, besteak beste. 2001eko irailaren 11ko atentatuen harira hasi zuten “terrorismoaren kontrako gerra” AEBek, NATOren laguntzaz, eta Brown Unibertsitateak kaleratutako “Gerraren kostua” ikerketaren arabera, gutxienez 900.000 pertsona hil dira horren ondorioz azken 20 urteetan. Bonbek, balek edota suak zuzenean hil dituztenak soilik dira horiek; AEBetako militarrak, soldadu aliatuak eta oposiziokoak dira asko, baina hildako ugari dira zibilak (380.000 inguru), baita kazetariak (680) eta giza-laguntzako langile eta boluntarioak (892) ere. Zifra horretatik kanpo daude gerrak zeharka eragin dituen beste heriotzak, gaixotasunei, behartutako lekualdatzeei eta jan-edanak eskuratzeko ezintasunei lotutakoak.

Herrialdeak gerra horietan erabilitako dolarrak ere zehaztu dituzte: 8.000.000.000.000 dolar. Catherine Lutz ikerketako zuzendarikideak ohartarazi du herritarrek ez dakitela zenbaterainoko dirutza xahutzen duten gerretan: “Pentagonoak eta AEBetako indar armatuek xurgatu dute aurrekontu federalen zatirik handiena, eta herritarren gehiengoak ez daki. Gure eginbeharra da, orain eta datozen urteetan, jendea jakinaren gainean jartzea gerren finantzaketaren jatorriaz eta tamainaz”.

Zehaztu dutenez, 8 trilioi dolarretatik 2,3 Afganistango eta Pakistango gerra eremuetarako erabili dituzte. Joe Biden AEBetako presidenteak azterlan honetako datuak aipatu zituen abuztuan, Afganistandik tropak aterako zituztela justifikatzeko. “Jada ez genuen helburu argirik Afganistango misioan, ez zuen amaiera zehatzik”, laburtu zuen. Baina, nahiz eta armada handik atera, ikerketak ondorioztatu du gerraren kostua ordaintzen jarraituko dutela, hala nola soldadu beteranoen soldatetan eta ingurumenari eragindako kalteak konpontzen: “Hemendik 20 urtera segiko dugu Afganistango eta Irakeko gerrek sortutako kostu sozial handiak izaten, tropak bertatik atera eta denbora asko geroago”, azpimarratu du Stephanie Savell zuzendarikideak.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *