*Gorka Berasategi Otamendi / BERRIA
Errusiak jaso ditu AEBei eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari egin zizkien segurtasun eskaeren erantzunak. Idatziz eskatu zituen, eta John Sullivan AEBek Errusian duten enbaxadoreak entregatu zituen atzo, pertsonalki, Errusiako Atzerri Ministerioaren egoitzan. Aleksandr Gruxko Atzerri ministrordeari eman zizkion eskura.
Edizio hau ixterako ez zen argitaratu erantzun horien edukia. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak esan zuen Etxe Zuriak ez duela idatzia publiko egingo, eta Errusiak ere gauza bera egitea espero duela. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak aurreratu zuen Moskuk ez zituela dokumentuak argitaratuko, Washingtonek hala eskatuz gero, baina argitu zuen erantzunaren muina jakinaraziko zutela, Errusiako eta atzerriko herritarrek horren berri izan dezaten.
Errusiak akordiorako zirriborro bana bidali zien iazko abenduaren 17an AEBetako Gobernuari eta NATOri, Ukraina inguruan Moskuren eta aliantzaren artean dagoen tentsio militarra baretze aldera. Errusiak segurtasunerako hainbat berme eskatu zituen Ukrainako mugatik gertu dituen tropak erretiratzeko. Nagusiki, Moskuk AEBei eta NATOri eskatu die aliantzaren hedatzea geldiaraztea Europa ekialdean, Ukraina NATOko kide bihurtzeko aukera baztertzea, eta NATOk Europa ekialdean kokatu dituen ahal handiko erasorako armak Errusiaren mugatik urruntzea, aliantzaren 1997ko mugatik bestaldera. Konpromiso horiek legez lotesleak izatea ere galdegin du.
Moskuk idatzia jaso eta gutxira, Blinkenek prentsa agerraldi batean nabarmendu zuen AEBek irtenbide diplomatiko bat bilatu nahi dutela: «Prest gaude komunikaziorako aukera dagoen esparruetan aurrera egiteko». Baina gaineratu zuen Errusiaren eskariek ez dutela arrakastarako aukerarik negoziazioen hasieran. Washington gertu dago beste gai batzuei buruz eztabaidatzeko: armen kontrola edota konfiantza sustatzeko neurriak, kasurako.
Kremlinek ez du balorazio publikorik egin oraingoz jasotako erantzunen gainean. Erantzunak jaso aurretik, Gruxkok atzo goizean adierazi zuen AEBek eta NATOk «ahoz» aurreratu ziotela erantzunaren zati bat. «Jakin nahi genuke zergatik diren onartezinak gure eskaeretako batzuk», esan zien kazetariei. Gruxkoren arabera, Errusiaren galdeak puntuz puntu aztertuz gero, «ezinezkoa» da horien aurka egotea, «horietako bakoitzak segurtasuna indartzen baitu, presio militarra arintzen, eta aukera ematen du segurtasuna modu arrazionalago batean bermatzeko, mehatxuak eta kontra-mehatxuak sortu ordez, orain gertatzen ari den bezala».
Errusiako Gobernuak erantzunak jaso ondoren, hainbat arlotako arduradunek aztertuko dute horien edukia, eta proposamenak egingo dizkiote Vladimir Putin presidenteari, aurrerantzean nola jokatu erabaki dezan. Hala azaldu zuen Lavrovek atzo goizean.
Ukraina-Errusia, Parisen
Errusia eta Ukraina elkarrekin bildu ziren atzo, Parisen, bi herrialdeek Ukraina ekialdeko Donbass eskualdean duten gatazkari buruz eztabaidatzeko. 2014an lehertu zen gerrak are tentsio handiagoa gehitzen dio NATOk eta Errusiak Europa ekialdean dituzten segurtasun arloko desadostasunei. Frantziarekin eta Alemaniarekin batera bildu ziren Moskuko eta Kieveko ordezkaritza bana, Normandiako laukoaren formatuan. Ez zen goi mailako bilera izan, agintari nagusiek ez baitzuten parte hartu. Horien aholkulariek osatu zituzten negoziazio taldeak. Beraz, ez zen pisuzko erabakirik izan, baina Andrei Iermak Ukrainako Gobernuko bozeramaileak garrantzia aitortu zion laukoa elkartu izanari, elkarrizketarako gunea «desblokeatu» zutelako. Lehen urrats bat izan daiteke Ukrainak eta Errusiak negoziaziorako zein tarte duten azter dezaten, eta Ukrainan tentsioa baretzeko.
Horixe izan da Alemaniak eta Frantziak egin duten eskaria. Biek eragina izan nahi dute Ukrainako krisiaren konponbidean, Normandiako formatua berreskuratuta. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak joan den astean esan zuen EB Europako Batasunak bere interesen araberako erabakiak hartu behar dituela kontinentearen segurtasunari dagokionez, AEBei itsu-itsuan segitu beharrean.
Laukoaren aurreko bilkura iazko urtarrilean egin zuten. Ordukoa ere agintarien aholkularien arteko elkarrizketa izan zen. Lau herrialdeetako estatuburuen arteko azken bilkura, berriz, 2019ko abenduan egin zuten. Hura izan zen Putin eta Volodimir Zelenski Ukrainakoa aurrez aurre elkartu diren aldi bakarra. Ordutik, ez da aurrerapausorik izan negoziazioetan, Ukrainaren eta Donbassko matxinoen arteko preso trukean izan ezik.
Baina 2019ko bilera hartan bai, akordio bat sinatu zuten Putinek eta Zelenskik, Donbassko gatazka bideratzeko. Besteak beste, adostu zuten Ukraina ekialdeko Donetsk eta Luhansk eskualdeetan hauteskundeak egitea eta Kievek lurralde horiei estatus berezia aitortzea. Errusiak sarritan salatu du Ukrainako Gobernuak ez dituela puntu horiek bete oraindik ere.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra Errusiarekin elkarrizketa indartzearen alde mintzatu ziren herenegun. «Ez diogu sekula Moskurekin hitz egiteari utziko», adierazi zuen Macronek, Scholzekin batera egin zuen agerraldian. Egun berean, Eliseoak jakinarazi zuen Frantziako presidenteak eta Putinek telefonoz hitz egingo dutela elkarrekin, bihar.
Scholzek herenegun adierazi zuen EB Europako Batasuneko estatuek Errusiaren kontrako zigorren ondorioak neurtu beharko lituzketela, neurri horiek EBko kideen ekonomietan izan ditzaketen kalteengatik.