Moskuren arabera, Washingtonek eta NATOk segurtasun eskaerei egindako proposamenak ez ditu «baikortasunerako motibo gehiegi» ematen. Halere, «elkarrizketarako perspektibak» badaude.
*Igor Susaeta / BERRIA

Errusiak jaso du egindako segurtasun eskaerei erantzunez AEBek eta NATOk ondutako proposamena, eta Kremlinek uste du horri erreparatuta ez daudela «baikortasunerako motibo gehiegi». Nolanahi ere, «elkarrizketarako perspektibak» badaudela pentsatzen du Moskuk. Hori bai, iruditzen zaio Washingtonek eta aliantza militarrak «modu argi batean» adierazi zutela, atzo, Errusiaren eskaera nagusiak baztertzen dituztela. Horietako bi dira NATOren hedatzea geldiaraztea Europa ekialdean, eta Ukraina NATOko kide bihurtzeko aukera baztertzea. Baina Jens Stoltenberg aliantzako idazkari nagusiak jakinarazi zuen, prentsaren aurrean, Vladimir Putin Errusiako presidenteari idatziz adierazi diotela ez batari, ez besteari ez diotela uko egingo.
Dokumentazio guztia Putinen esku dago. «Denbora beharko da hori aztertzeko, eta ez gara presaka ibiliko ondorioekin», nabarmendu du Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak, gaur, egunero egin ohi duen prentsa agerraldian. Sergei Lavrov Atzerri ministroak ohartarazi du dokumentuan jasotakoak ahalbidetu lezakeela «elkarrizketa serioei» ekitea; «baina bigarren mailako auziez». Izan ere, «gai nagusiei» dagokienean, ez da «erreakzio positibo bat» egon. Lavrovek gogoratu du zein den gai nagusia: «NATOren ekialderanzko hedatzearen onartezintasuna; eta Errusiako lurrak mehatxatu ditzaketen armen kokapena».
Aliantza militarrak eta AEBek ez dute publiko egin Errusiari emandako erantzunaren edukia. Antony Blinken AEBetako Estatu Idazkariak atzo esan zuenez, espero du Errusiak gauza bera egitea. Moskuk konpromiso hori hartu du. AEBen arabera, uneotan Errusiako armadaren 100.000 bat soldadu daude Ukrainako mugan maniobra militarrak egiten. NATO, gainera, Europa ekialdean duen indar militarra handitzen ari da.
Eta Errusiari erantzun bat bidali eta gero, Blinkenek Txinako Atzerri ministro Wang Yirekin hitz egin zuen, telefonoz. Yik adierazi zion Errusiaren «kezka legitimoak» errespetatu behar direla. Bide batez, «lasaitzeko eta eusteko» eskatu zien alde guztiei. Pekinek Washingtoni eta NATOri esan die, gainera, «hedatze militarrak» ez duela «segurtasun bermatuko».
Ukraina, konforme
Ukraina, bestalde, konforme dago AEBen eta NATOren erantzunarekin. «Eragozpenik ez dago«, idatzi zuen, Twitterreko bere kontuan, Dmitro Kuleba Atzerri ministroak. «Errusiarekin edukitako kontaktu guztiak eta gero, inportantea da AEBek harreman estua edukitzea Ukrainarekin. Hori da urrezko araua». Handia da Errusiaren eta Ukrainaren arteko tentsioa, eta Putin eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea 2019ko abenduan batzartu ziren azken aldiz. Bi herrialdeetako ordezkaritza diplomatikoa, ordea, atzo bertan bildu zen Parisen, Frantziako eta Alemaniako gobernuetako ordezkariekin batera, Normandiako laukoaren formatuan. Moskuk eta Kievek Ukraina ekialdeko Donbass eskualdean 2014tik duten gatazka izan zuten hizpide, baina elkarrizketa horiek termometro bezala balio dezakete ikusteko zein aukera dituen bide diplomatikoak. Bi aste barru Berlinen biltzekoak dira.
Alemania, hain zuzen, Ukrainari eraso eginez gero jasan beharko zituen «ondorioz» mintzatu zitzaion, atzo, Moskuri, eta Annalena Baerbock Atzerri ministroak azpimarratu zuen Nord Stream 2 gasbidea blokeatzeko prest dagoela. Errusiatik Alemaniara gasa eramateko eraiki zuten azpiegitura—Itsaso Baltikoaren azpitik—, eta baimenen zain dago zerbitzua ematen hasteko.