NATOk indar militarra areagotu du Ukraina inguruan

Hegazkinak, itsasontziak eta tropak bidali ditu Europa ekialdera. AEBak eta Erresuma Batuak Ukrainan dituzten enbaxadak husten hasi dira. Aste honetan biltzekoak dira AEBetako eta Errusiako ordezkariak krisiari irtenbide bat adostu asmoz, baina bitartean tentsioak gora jarraitzen du.

Espainiako Gobernuak Blas de Lezo fragata bidali du Itsaso Beltzera.

*ARGIA astekaria

NATOk berak jakinarazi du Europa ekialdera indar militarrak bidali dituela: Norvegiak F-16 hegazkinak bidali ditu Lituaniara eta Holandak F-35ak Bulgariara, Frantziak tropak Errumaniara, eta Itsaso Beltzera fragata bat Espainiak. Egun berean jakin da Erresuma Batuak eta AEBak Ukrainako enbaxadak husten hasi dela. Bi gobernuek adierazi dute langileen erdia herrialdetik ateratzeko asmoa dutela, argudiatuta Errusiak “edonoiz” egin dezakeela Ukrainaren aurka, eta hori gertatzekotan ezingo lituzketela herrialdetik atera. Ukrainiako gobernuak adierazi du “goiz” dela tamainako neurriak hartzeko, eta Europar Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek antzera hitz egin du: “Oraingoz ez dugu ikusten horretarako nahikoa arrazoirik”. Kontrako norabidean, Donestskeko Herri Errepublikak salatu du Ukraniako Gobernua Donbass eskualdearen aurkako eraso bat prestatzen ari dela, besteak beste Erresuma Batuetako militarren laguntzarekin.

Diplomazia eta mehatxuak

Astelehenean biltzekoa da AEBetako Estatu Idazkari Antony Blinken EBko Atzerri ministroekin, Ukrainako krisiaz mintzatzeko. Mendebaldeko herrialdeek eta NATOk Errusiari leporatzen diote Ukraina militarki erasotzeko planak izatea. AEBek militarki erantzuteko prest daudela adierazi dute, eta EBk zigor ekonomiko “masiboak” lehenetsi ditu gaur gaurkoz. Errusiak ukatu egin du esku hartze militarrerako inongo asmorik izatea. Salatzen du, ordea, NATOk gero eta presentzia handiagoa duela bere mugen ondoan eta eskatu du, besteak beste, NATO 1997ko mugetara itzultzea eta ez daitezela sartu Aliantza Atlantikoan Europa ekialdeko herrialde gehiago.

Iragan ostiralean bildu ziren Blinken eta Errusiako Atzerri ministro Serguei Lavrov. Bileran Lavrovek Errusiaren eskaerak helarazi zizkion AEBetako ordezkariari. Aste honetan berriz biltzea adostu zuten, eta bertan emango die AEBetako Gobernuak erantzuna Errusiaren eskariei.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *