Gerra inperialistei ez! NATO kanpora!

*Ezkerraldea Antifaxista

Azken egunotan, NATOko tropak Errusia eta herrialde aliatuen mugen inguruan zabaltzen ari direla ikusi dugu. Ildo horretan, ezin ditugu eskualdea ezegonkortzeko azken ahaleginak ahaztu; Bielorrusian lehenik, eta Kazakhstanen, ondoren. AEBk Errusiari egiten dizkion mehatxu hauek guztiak egoki interpretatu ahal izateko, kontuan hartu behar dugu azken urteotan, nazioarteko aliantzak berritxuratzen ari direla. Testuinguru hori, Txinaren goraldiak eta euren burua “mundu askearen” jendarmetzat duten AEBen gainbeherak markatzen dute.

SESB tristeki desagertu zenetik, Errusiako merkatuak eta bertako natur baliabideen kontrola izan dira inperialismo atlantistaren helburu nagusiak. Berlingo harresiaren erorketak, Jugoslavian hasi zen ibilbide hedatzaileari ateak ireki zizkion, eta azkenean, NATOk bere tropak zabaldu ditu Letonia edo Lituania bezalako sobietar errepublika zaharretan. Ukraina da hurrengo helburua.

Nolanahi ere, NATOren mugimenduak askoz harago doaz. Ekonomia eta politika aldetik ahuldu samar dagoen Europar Batasunarekin batera, AEBk nola edo hala eragotzi nahi ditu EBk Errusiarekin edo Txinarekin izan ditzakeen aliantza estrategikoak. Ez dezagun ahaztu, estatu hauetan, oraindik ere badirela erakunde sozialistaren oroitzapenak. Errusiako oligopolioen kontrola. Plangintza ekonomikoa Txinan. Ez da ideala, baina Vladimir Putinengatik ez balitz, Boris Yeltsin maitagarriak estatua zatiz zati saltzen amaituko zuen, elite ekonomiko inperialisten mesederako.

Horri jarraiki, AEBk, aldi baterako behintzat, bere “ekialdeko frontea” (ez dezagun ahaztu Txinako kostaldeen aurreko yankee-hegazkinen presentzia) bigarren mailan utzi duela ematen du; Europari aliantza estrategiko oro haien gainetik igarotzen dela argi uzteko. Argi utzi nahi dute eurek markatzen jarraitzen dutela EBren nazioarteko agenda, eta ez dutela onartuko, inondik inora, Alemania edo Turkia bezalako herrialdeek Errusiara AEBra baino gehiago begiratzea. Gauzak horrela, Ukrainako gobernu txotxongiloak bere abagune nagusia izaten jarraitzen du, oraindik ere.

Egoera horretan, ez da harritzekoa iritzi-emale profesional eta politiko instituzionalak euren apologia atlantista edo itxurazko “inperialismo parekagarrien” inguruko diskurtsoa jaurtitzen hastea. Batzuek indarrez sartu gintuzten NATOn, eta euren interesak lurretik, itsasotik eta airetik ez ezik, mikrofonoen, unibertsitateen edo legebiltzar-tribunalen aurrean ere defendatuko dituzte. Hala, bada, batzuek NATOren aurkako sentimendua ezabatu nahi dute, zenbait herri sektoretan oraindik ere bizirik dirauen sentimendua, alegia. Beste batzuek ez dute kontraesanik sortu nahi haien lerro “interklasistetan”, ikuspegi ideologiko bakarra “hobeto kudeatzeko” botoen pilaketa baita.

Horregatik guztiagatik, nabarmendu nahi dugu, ikuspuntu antifaxista eta internazionalista batetik, ezin direla AEBko, Errusiako edo Txinako kanpo-politikak alderatu. Ezin dira zuzeneko esku-hartzea, estatu-kolpeen finantzaketa edo aire-bonbardaketak subiranotasun nazionalaren defentsarekin eta errespetu zein ekitate-printzipioetan oinarritutako harreman politiko eta komertzialekin (nahiz eta marko kapitalista baten barruan eman) alderatu.

Irmo eta ozen, NATOri EZ esaten dugu, munduko armadarik arriskutsuena izateaz gain, potentzia inperialista nagusien interesen zerbitzura dagoelako. Era berean, EBri EZ esaten dugu, aipatutako potentzia horien interesetara erabat makurtuta dagoen erakundea delako eta finantza-arloko eliteentzat gobernatzen duelako (pandemiaren kudeaketan argi ikusten ari garen bezala). Aitzitik, elkartasuna adierazi nahi diegu gainbehera kapitalistak markatutako ziklo historiko honetan nazioarteko faxismoaren aurrerapenaren aurrean armak eskuan zilegi babesten diren horiei; Donets eta Luganskeko Errepubliketan eta Krimea Penintsulan, bereziki.

MANIPULAZIORIK EZ:

NATOren ERASOEN AURREAN, ELKARTASUN INTERNAZIONALISTA!

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *