Mendebaldearen azken lubakia

*Asier Blas Mendoza / ARGIA astekaria

Orain bederatzi urte hasi ginen ARGIAn azaltzen AEBen nazioarteko hegemonia gainbeheran zegoela. Garai hartan gerturatze hau ez zen ohikoa Mendebaldeko hedabideetan, egun normala bilakatu da. Kostata, baina azkenean gure jendartea onartzen hasia dago ardatz atlantiarrak utzi egingo diola munduaren zilborra izateari. Datorrena ikusten hasteak, baina, ez du esanahi mundua begiratzeko betaurreko inperialistak albo batera uztea.

Gaur egun atlantismoak inoiz izan duen hegemonia kultural handiena du Euskal Herrian. Jakin badakigu gure bizitza estiloak inoiz baino amerikartuagoak daudela, baina gutxiago erreparatzen diogu gure pentsaera eta mundu ikuskerari. Oraindik klixe sinboliko batzuk funtzionatu dezakete: adibidez, NATOren kontrako jarrera ez da bazterrekoa, beste Mendebaldeko zenbait herrialdeetan bezala; nahiz eta nekez irabaziko lukeen NATOn sartzearen kontrako jarrerak 1986ko erreferendumean egin zuen gehiengo zabalarekin. Halere, kontrako botoa emango luketen askoren hautua sinbolikoa baino ez litzateke izango. Izan ere, ustez NATO zaleak ez diren euskal herritar askoren nazioarteko politikako ikuskera eta herrialde eta lider desberdinekiko iritziak aliantza atlantiarrak dituen ia berberak dira.

Aro garaikidean nazioarteko hegemonia lortzeko lehen urratsa arlo ekonomikoan nagusitzea da, eta azkena hegemonia kulturala erdiestea. Azken honetan nagusitasuna lortzeko denbora gehiago behar izaten da beste dimentsio batzuetan baino. Era berean, behin hegemonia kulturala lortuta, honen higadura eta galera mantsoa izaten da; hain astiro doa batzuetan gainbehera ekonomikoa, militarra eta politikoa hasita dagoenean lortzen dela hegemonia kulturalaren gaina. Horregatik, Mendebaldeko hegemoniaren azken lubakia hegemonia kulturala da eta, batez ere, kontakizunaren kontrola ikus-entzunezko produktuen, hedabideen eta akademiaren bitartez.

Etxeko politikan hedabideek zirimiri baten antzera eragiten badute gure iritzietan, nazioartekoan euri jasa baten modura egiten dute, besteak beste urruneko ezjakintasunagatik filtro kritikoa ez dugulako berdin aktibatzen. Egia da orain beste bertsio bat interneten bila genezakeela, baina hori ere Mendebaldeak kontrolatzen du. Internetaren espazioa enpresa pribatuek Mendebaldeko estatuen lankidetzarekin kudeatzen dute, erabakiz nork hitz egin dezakeen, zer esan daitekeen eta zein bisualizazio gradu izan dezakeen.

Mendebaldeak duen kontakizunaren kontrolean gizarte zibileko erakundeek eta unibertsitateek paper garrantzitsua dute ere bai. Akademia kontrol hori handitzeko tresna inportantea da, izan ere, hor zehazten baita zer den onargarria eta zer ez, garbi utziz nork egin dezakeen karrera eta nork ez. Intelektual batek onargarriak ez direnak idazten eta esaten baditu, baztertua geratuko da; berriz, bere lanak mendebaldar kontakizuna indartzeko balio badu, ñabardura aurrerakoi, kontserbadore edo “antisistemikoa” izanik bada ere, saritua izango da.

Nazioarteko akademia Mendebaldeak kontrolatzen du aspalditik, baina nagusigo hori egun inoiz baino indartsuagoa dela esan genezake Giza eta Gizarte Zientzietan. Karl Marx parafraseatuz azaldu genezake, klasea zegoen lekuan herrialdea jarriz, herrialde dominatzaile batek zenbat eta gaitasun handiagoa izan herrialde menderatuko pertsonarik onenak xurgatzeko, orduan eta sendoagoa eta arriskutsuagoa dela haren domeinua. Hain zuzen ere, hau da unibertsitateek borroka politikoan betetzen duten papera klase eta herrialde menderatuetako ikerlarien xurgaketarekin.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *