NATO Euskal Herritik kanpora! Ez Gasteizen, ez inon!

Ez ditu hauts gehiegi harrotu NATOren etorrerak, eta kezkatzekoa da. Munduko gerra fronte suntsitzaileenetan muturra sartuta dutenak Euskal Herrian ditugu, eta oharkabean ari da pasatzen guztia. Burgesia inperialistaren adar armatua urriaren 27tik ari da pixkanaka Euskal Herrira etortzen. Gasteizko Arakako Kuartelera, Espainiako Armadak Euskal Herrian duen base nagusira, joan dira 1.000 militar baino gehiago; hain zuzen ere, NATOko militarrak eta goi-agintariak trebatzera, 2022tik aurrera eginkizun gehiago bete ahal izateko.

Gogoan izan behar dugu potentzia inperialista handiek 1949an sortutako armada dela NATO. 1945eko maiatzaren 9an, Armada sobietarrak Berlingo naziak garaitu ondoren, Mendebaldeko burgesiek bat egin zuten SESBri aurre egiteko, eta, horretarako, hainbat egitura administratibo eta politiko sortu zituzten. Helburua argia zen: askapen nazional eta sozialerako prozesuen aurrean, hegemonia kapitalistari eustea. Gaur egun 28 estatuk osatzen dute aliantza hori, eta Estatu Batuak eta Turkia dira potentzia militar nagusiak.

NATO sortu zenetik, estatu kideen interes ekonomiko nahiz politikoak eta haien burgesiak defendatzea izan da bere eginkizuna. Asko izan dira inbaditu dituen herri subiranoak. Ez dago Yugoslaviako sarraskiaren garaira joan beharrik NATOren interbentzio kriminalei buruz hitz egiteko, ezta Gaddafiren erailketaraino ere, egungo munduko miseriaren eragileetako bat edo, behintzat, konplizeetako bat izaten jarraitzen baitu. NATO, sortu zen unetik, neutraltasun eta bakezaletasunetik urrun baitago.

Afganistanen, adibidez, urteak egon da sartuta, eta saldu zaizkigun demokratizazio-saiakera eta baketze prozesu faltsuak agerian gelditu dira: mendebaldeko potentziak Afganistanera sartu zirenetik, herria kaos eta miseria betean utzi dute. Edo zuzenki NATOko militarrak izan gabe, Europar Batasuneko proiektu “progresisten” etiketapean, herriarekiko atxikimendua eta borroka iraultzailea ezabatu diete.

Ekialde Hurbileraino joan gabe, Europa mendebaldean ere ohikoa izan da NATOren esku hartzea, nagusiki AEBen eraginpetik aldentzen saiatu den ororen tokian. Bielorrusia demonizatzen saiatzen ari dira komunikabideak egunotan: Bielorrusiak, errefuxiatuak erabiliz, Europako Batasunaren aurkako gerra hibrido bat deklaratu omen duela, beste aitzakia askoren artean. Poloniak argi eta garbi adierazi du mugak itxiko dituela eta NATOri dei egingo diola, mugetara gertura dadin, “egoera larritzen bada”. Hau da, errefuxiatuak Europako Batasuneko herrialderanzko joera hartzen badute. Polonia NATO bidaltzeko prest dago mugetara, errefuxiatuei bidea blokeatzera. Horrek argi erakusten du, beste behin ere, EBren ekialdeko herrialdeetan barrera militarra eraiki nahi dutela, Donbassekin egin bezala.

Espainiako Estatua 1986an bihurtu zen NATOkide. 1986ko martxoaren 12an, Euskal Herriak, Kataluniak eta Kanariek ezezkoa eman zioten NATOra batzeko erreferendumari; zalantzarik gabe, mugimendu sozial guztiek eta, batez ere, herri mugimendu antolatuak egindako lan eskergari esker izan zen. Hala ere, nahiz eta urtetan lan egin dugun bai NATO Euskal Herrian egon ez dadin, bai erakunde kriminala bera desagerrarazteko, NATOk gure lurraldea erabiltzen jarraitzen du  operazioetarako, hala nola Bardeatako basea eta, egunotan, Arakako base militarra. Zoritxarrez, horiek ez dira EHk inperialismoarekin dituen konplizitate bakarrak. Horregatik, gaur egun herri mugimenduaren antolaketa indartu behar dugu eta NATOri EZetz esaten jarraitu. Internazionalista garen aldetik, gure eginbeharra da ahal dugun guztia egitea gure herrialdean, tokiko eta atzerriko burgesiek beste herri zapalduetan egiten dituzten krimen inperialisten konplize ez izateko.

Urriaren 27tik, ehunka militar mobilizatzen ari dira Béterako (Valentzia) kuartel militarretik.  Gasteiz osoa eta inguruak militarizatuko dituzte; poliziaren presentzia eta errepideetako kontrolak areagotuko dira.

Internazionalista gisa, gure betebeharra da Euskal Herria militarizatzeko azken saiakera honi aurre egitea. Argi adierazi behar dugu ez ditugula militarrak eta NATO gure lurretan onartuko, ezta beste inon ere. Horretarako, dei egiten dizuegu azaroaren 19an Gasteizen egingo den kontzentraziora batzera eta egingo diren hurrengo mobilizazioen inguruan adi egotera.

NATO EUSKAL HERRITIK KANPORA!
EZ HEMEN, EZ INON!

                                                                                                                                                             ASKAPENA, 2021eko azaroaren 16an

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *