Errusian autoritarismoa indartuz doa

“Jeltsinek garai batean eta Putinek orain, alternatiba bakarra dute oraingoz: Alderdi Komunista, nahiz eta hedabide askok ezkutatu nahi izan duten.”

*Asier Blas Mendoza / ARGIA astekaria

2020an Errusiako sistema politikoak trantsizio bat hasi zuen lehen ministroa aldatuz eta erregimena erreformatuz. Sobietar Batasuna erori osteko etapa itxi eta berri bat irekiko da. Ez dakigu oso ondo nola bukatu den trantsizioa, baina abian da eta Vladimir Putinek eta Errusia Batuak garbi dute diseinua eta garapena erabat kontrolpean izan nahi dutela, ez daude prest arauak eta lehia-esparrua inorekin negoziatu eta partekatzeko.

Errusian hauteskundeek izaera plebiszitarioa dute, hau da, botere politikoak bere jarduerarekiko babesa neurtzeko baino ez dute balio. Baina, funtzio hau desagertze bidean da. Inkestek eta kale-giroak garbi adierazten zuten gobernuaren politikekiko atsekabeak nabarmen egin zuela gora, besteak beste, nekezia sumatzen zelako azken urteetako atzerakada ekonomiko leun baina iraunkorragatik.

Halere, 2021eko Dumarako hauteskundeen emaitzak Errusia Batuaren historiako hirugarren emaitzarik hoberenak izan dira, %49,8ko babesa eskuratuz, eta bigarren hoberenak eserlekuei begiratuta, 450 diputatuetatik 324 lortuz. Iruzur salaketak ugaldu egin dira, bereziki Moskun, boto elektronikoaren erabilera kaotikoak emaitzetan eragin dituen aldaketengatik gobernuko alderdiaren mesedetan. Kaltetu nagusia Alderdi Komunista izan da, igoera handiena izan duen alderdia den arren, bere espektatibetatik urrun geratu da emaitzetan, bereziki eserleku kopuruari dagokionean. Komunistak kalera atera dira ustezko iruzurra salatzera, baina protestak handituz joan diren heinean, alderdiaren buruzagitzak pauso bat atzera eman du gobernuarekin duen gatazkaren tentsioa ez handitze aldera. Erabakiak komunistak erdibitu ditu, Moskukoek protestan jarraitzea erabaki dutelako.

Putinek, 1990eko hamarkadako anabasaren ondoren, estatuaren egiturak berregin zituen eta garapen ekonomikoa ekarri zien errusiarrei. Baina 20 urteren ostean urrun geratzen dira Boris Jeltsin presidente ohiaren garai latzak, are gehiago herritar askok ez zituztenean bizitu. Horregatik, erregimen politikoaren legitimazio urradura handituz doa bi fronte desberdinetatik: alde batetik, egoera ekonomikoagatik eta erreforma neoliberalengatik sufritzen ari diren klase apalenetatik; eta, bestaldetik, hirietako klase ertain liberaletatik. Bakoitzak agenda oso desberdinak ditu, eta horrek zaildu egiten du Kremlinak eman dezakeen erantzuna atsekabea baretzeko. Izan ere, bi sektore horiek duten puntu komun bakarra da Putinek ordezkatzen duen boterea kentzeko gogoa. Gauzak horrela, Errusia Batuak hartu duen bidea da erregimena itxi eta autoritarismoan sakontzea. Honek, ezinbestean, oposizioen arteko elkarlan hasiberria sakonduko du.

Oposiziok ez du lan erraza. Kremlinak indartu egingo du atzerriko mehatxuaren argudioa autoritarismoa sendotu eta oposizioa kanpo interesen zerbitzura dagoela salatzeko. Horrelako jarrerak ohikoak bilakatu dira Mendebaldeko herrialdeetan, nahiz eta atzerriko esku hartzeak eta erasoak oso txikiak izan. Gurean gauzak horrela badira, pentsa Kremlinak nola erabili dezakeen argudio hau Errusiak pairatzen dituen esku hartze amaigabe eta eraso bortitzekin. Moskuren gaineko Mendebaldearen presioak herrialdearen ekonomia eta gobernuaren legitimazioa higatzen du, baina aldi berean, gobernuaren autoritarismorako joera berrindartuaren arma nagusia bilakatzen da. Bitartean, Jeltsinek garai batean eta Putinek orain, alternatiba bakarra dute oraingoz: Alderdi Komunista, nahiz eta hedabide askok ezkutatu nahi izan duten.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *