Kolektiboen lana ezagutaraziz

 

Liburu, Fanzine eta Material Politikoen III. Azoka egingo dute Portugaleten, asteburuan. Kolektibo autogestionatuen eta liburu denda alternatiboen azoka izango da.

*Natalia Salazar Orbe / Bizkaiko Hitza (bizkaia.hitza.eus)

Talde lana, autogestioa eta politika izango dira asteburuan protagonista Portugaleteko Liburu, Fanzine eta Material Politikoen III. Azokan; oinarrizko osagaiak, berriz, ideologia ezkertiarra, antikapitalista eta antifaxista. Lehengai horien inguruan kozinatuko dituzte Portugaleteko Merkatuan egingo dituzten topaketak. Bertan elkartuko dira, besteak beste, Sare no Antifaxista, DDT Banaketak, Periko Solabarria elkartea, Inurri Gorria liburu denda, IPES, Euskal Herria Donbass Elkartasun Komitea eta Berri Otxoak kolektiboa. Hainbat herri mugimenduk ere hartuko dute parte. 25 talde eta eragile pasa elkartuko dira Portugaleten. Helburua kolektibook ezagutaraztea da.

Hirugarrenez antolatu dute azoka, eta gainerakoetatik desberdina dela azaldu du Amaia Nikolas Sare Antifaxistako kideak. “Azoka sortu zen kolektibo gehienak autogestionatuak garelako eta Durangoko azokaren moduko beste tokietan ez dugulako lekurik”. Ez daukate leku horietan erakuslekua jartzeko nahikoa baliabiderik. “Urte askoan egin zen azoka alternatibo bat Durangon, baina ja ez dago”, esan du.

Egoera hori ikusita, zenbait taldek erabaki zuten Bilboko hainbat auzotan egiten ziren azoken antzekoa antolatu behar zutela Ezkerraldean, eskualdea “sustatzeko”. Pentsatu eta egin. Lortu zuten helburua betetzea: “Kolektibo autogestionatuek eta liburutegi alternatiboek euren lekua izatea”.

Leku bat eskaintzeaz gain, kolektibo horiek ezagutaraztea, taldeoi ikusgaitasuna ematea da asmoa. Azoka antolatu zuten lehenengo urteaz geroztik, harreman sareak ere ehundu dituzte. “Askok elkarrekin lan gehiago egiten dugu. Batzuk ez genituen ezagutzen, eta, orain, arlo askotan, batera egiten dugu lan”, adierazi du Sare Antifaxistako kide Nikolasek.

Aurkezpenak

Erakuslekuak jartzeaz gain, hainbat lanen berri jasoko dute bisitariek. Gaur, Jose Luis Segurak Memoria de mis padres y de Otxarkoaga lana aurkeztuko du (Nire gurasoen eta Otxarkoagaren memoria). Bilbo eta inguruetako langileen auzoak eta 1950eko hamarkadatik 1980kora arteko bizimodua ditu ardatz. Langileen borroka, frankismoaren aurkakoa eta industria moldaketa ditu oinarri.

Bihar, berriz, Portugaleteko memoria historikoan sakonduko dute. Amaia Herrero eta Andrea Heuschmindek Portugaleteko andreak, langile nekaezinak lana aurkeztuko dute. Horren ostean, ibilbide gidatua egingo dute. Arratsaldean, Matias Gatucak skinhead mugimenduaren sorrera eta garapena azaltzen dituen liburua aurkeztuko du.

Iganderako, liburuei, fanzineei eta musikari buruzko hitzaldia antolatu dute. Musikak girotuko du azoka egunotan, gaurtik hasita.