Nord Stream 2 gasbidea bukatuta, gatazka geopolitikoak hor dirau

Joan den ostiralean Nord Stream 2 gasbideko lanak bukatu ziren, hiru urteko lanak eta oztopo ugari gainditu ondoren. Errusiako gasa, Ukraina saihestuz Alemaniara eramango duen azpiegitura horrek Europako negua berotuko du, baina gatazka geopolitikoaren tenperaturak eta Washington eta Kieven haserreak ere gora egin du.

                                                                                            

*GAUR8

Hiru urte baino gehiago lanean aritu ondoren, Nord Stream 2 gasbidea eraikitzeko lanak amaitu dira. Gudu geopolitiko eta ekonomiko baten erdian dagoen azpiegiturak honek Estatu Batuak (AEB) proiektuaren sustatzaile nagusia den Alemaniaren aurka jarri ditu. Europar estatuen artean ere sortu da liskarra, eta, jakina, baita Errusia eta Ukrainaren artean ere.

Washingtonen azken orduko aldaketa harrigarri batek Alemaniaren eta AEBen arteko konpromisoa ahalbidetu zuen gatazka ixten saiatzeko.

Hala eta guztiz ere, Ukrainak gasbidea «Kremlinen arma geopolitiko arriskutsu bat» dela ohartarazi du.

Nord Stream 2k Errusia eta Alemania lotuko ditu Baltikokoaren azpitik 1.230 kilometroko hodi baten bidez, urteko 55.000 milioi metro kubiko gas garraiatzeko edukierarekin, bere bikia den Nord Stream 1-en ibilbide berari jarraituz. Hala, Errusiak bide horretatik hornitutako gasa 110.000 milioi metro kubikora igoko da.

Ukrainatik igaro gabe, Nord Stream 2k bikoiztu egingo du proiektuaren sustatzaile nagusia den Alemaniara garraiatutako gas errusiarra.

Europan gasolina eta energiaren prezioak maximo historikoetara iristen ari diren unean osatu da proiektua, negua baino lehen gordetako erreserben kopurua oso eskasa den momentuan.

Gainera, Aljeriaren eta Marokoren arteko gatazkak ere Afrikatik Europara iristen den gas kopurua murriztu dezake. Aljerek Maroko zeharkatzen duen gasbidearen erabilera bertan behera utziko duela iragarri du, eta Errusiako gasaren beharra handituko du horrek.

Nord Stream 2 egitasmoa 2012an abian jarri zen eta 2015ean gauzatu. Hiru urte ondoren, lanak hasi ziren, bost estatuotako gune ekonomikoak eta jurisdikzioko urak zeharkatuz: Errusia, Finlandia, Suedia, Danimarka eta Alemania. Gazprom erraldoi errusiarrak ustiatzen du 10.000 milioi eurotik gorako proiektua, eta sektore energetikoko bost talde europarrek (OMV, Engie, Wintershall Dea, Uniper eta Shell) kofinantzatu dute.

Alemaniak, Europar Batasuneko (EB) estatuen artean gasbidearen bultzatzaile nagusia izanik, trantsizio energetikoa lortzen lagunduko diola uste du eta asmo horrekin bere lurraldea gasaren hub europar bihurtu nahi du.

Oztopoak

Ukraina, berriz, epe luzera, errusiar gasaren joan-etorriaren ondoriozko diru sarrerak galtzearen eta Moskuren aurrean ahulagoa izatearen beldur da.

AEBak bat datoz Kievekin eta gogor aritu dira hasieratik Ukraina ekonomikoki eta estrategikoki ahulduko lukeen azpiegitura horren aurka. Gainera, ez dute ondo ikusten, EBk Errusiako gasarekiko duen mendekotasuna areagotuko lukeela uste dutelako eta estatubatuarrek saldu nahi zuten eskisto-gasa erosteko interesa kenduko liekeelako.

Europarrak zatituta daude. Polonia eta Baltikoko herrialdeak –Moskuren aurkako jarrera gogorrena dutenak– kezkatuta daude EB Errusiako anbizioen aurrean makurtuko delako.

Alemanian bertan ere, iritzia ez da ahobatezkoa: berdeak erabat kontra daude eta irailaren 26ko hauteskundeen ondoren Gobernuan parte hartzeko aukera izan dezakete.

Moskurekin izandako etengabeko gatazka diplomatikoek, Navalny auzitik zibererasoen susmora arte, proiektua birpentsatzeko deiak elikatu dituzte, baita Angela Merkelen alderdi kristau-demokratan ere. Alferrik.

Alemaniako DIW ikerketa ekonomikorako institutuak 2018an egindako txosten baten arabera, gasbideak Alemaniako eta Europako «gas naturalaren eskaria nabarmen gainditzen duen iragarpenak» zeuden.

Urtebeteko geldialdia

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiaren administrazioak kolpe gogorra eman zion proiektuari, 2019an lege bat onartu baitzuen, haren eraikuntzan parte hartzen zuten enpresei zigorrak ezartzeko.

Zenbait enpresa, presioaren ondorioz, proiektutik erretiratu ziren, bereziki gunea estaltzen zuten aseguru etxeak.

Izan ere, Allseas enpresa suitzarrak, Nord Stream 2ko itsas azpiko zatiaz arduratzen zenak, Baltikotik behin betiko ateratzea erabaki zuen.

2018ko apirilean hasi ziren gasbidea eraikitzeko lanak 2019ko abenduan eten ziren, Alemaniako eta Danimarkako uretan 150 kilometro hodi jartzea bakarrik falta zenean.

Urtebete geroago, beste aukerak bilatu ondoren, Errusia lanaren azken zatiaz jabetu zen eta lanari berrekin zioten. Azkenean, Gazpromek joan den asteko ostiralean iragarri zuen hodia erabat osatuta zegoela.

Urrian lehenengo horniketa

Gazpromeko zuzendari exekutiboak, Alexei Millerrek, egindako adierazpenen arabera, lehen gas horniketak aurten egin beharko lirateke, beharbada urrian.

Washingtonen ezusteko aldaketak ahalbidetu zuen proiektuak bere bidea jarraitzea.

Joe Biden demokratak Nord Stream 2ren aurkako jarrera gogorrarekin hasi zuen agintaldia, bere aurrekoen ildotik.

Baina AEBetako administrazioak maiatzaren amaieran iragarri zuen uko egiten ziola Nord Stream 2 AG enpresa, gasbidearen ustiapenaren arduraduna, zigortzeari. Modu horretan, zerbitzua ematen hasteko funtsezko oztopo bat desagertu zen.

Hori onartzeko, AEBek akordio bat iragarri zuten uztailean Alemaniako Gobernuarekin, itxuraz liskarrari amaiera emanez. Hitzarmenaren xedapen nagusien artean bi dira nabarmenenak: Moskuren aurkako balizko zigorrak, baldintzak aldatuko balitu; eta Washingtonek eta Berlinek batera gas errusiarra Ukrainatik igarotzea bermatzen duten neurriak hamar urtez luzatzearen alde egiteko konpromisoa.

Joe Bidenek proiektua blokeatzeari uko egin zion, beranduegi zela kontuan hartuta eta Washingtonek beste gatazka batzuetan sartuta zegoelako, bereziki Txinarekin.

Eta hortaz, Alemaniaren lankidetza ziurtatu nahi duen aliantzaren alde egitea hobe zela pentsatu du.

Aurkakoen arabera, Nord Stream 2 onartzea Ukrainaren interesei traizio egitea da, Mendebaldearen aliatua baita Moskuren aurrean.

Gazpromek bukatuta zegoela iragarri eta berehala, Ukrainako presidentetzak zera aldarrikatu zuen: «Ukraina errusiar proiektu politiko honen aurka borroka egingo du amaitu arte, gas horniketa hasi eta gero ere bai».

Alemaniako arautzaileak onespena ematen badu. Dmitry Peskov Kremlineko bozeramaileak lehenbailehen martxan jartzea eskatu du.

Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak esan zuenez, Gazprom aipatuz, lehen gas hornikuntzak «urte amaieran egin daitezke munduko eraikuntza energetiko handienetako honen bidez».

Ukrainan zehar egin ohi den ibilbidea saihesten duenez, Mendebaldearen aliatu horri urtean mila milioi euro inguru kenduko dizkio zirkulazio kostuetan –urtean 1.500 milioi dolar jasotzen du–. Horrek Moskuren aurrean ahulago egingo ote duen ere beldur da Kiev, eragin-palanka garrantzitsu bat kenduko diolako eta, beraz, Errusiak haren aurkako gatazka areagotu dezakeela uste duelako.

Kritika horiei erantzunez, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak abuztuaren amaieran Ukrainan azpimarratu zuen Berlinek ahal duen guztia egingo duela 2024an amaitzen den Errusia-Ukraina igarotze kontratua hamar urtez luzatzeko, eta berretsi zuen Moskuk ez duela gasa arma gisa erabili behar, horixe jaso zuela AEBekin egindako hitzarmenak.

Garaipen estrategikoa

Halaber, Moskuk «arma» bezala erabiltzen badu edo Ukrainaren aurkako «eraso gehiago» egiten badu, EBren barruan Errusiaren kontrako zigorrak bultzatuko dituela esan du Berlinek.

Dirulaguntzak ere agindu zizkion, Ukrainako «trantsizio energetikoa» laguntzeko.

Alexei Miller Gazpromeko kontseilari delegatuak esan duenez, Ukrainatik igarotzen den gas horniketak 2024tik aurrera ere jarraitu egingo du «ekonomikoki bideragarria bada».

Baina Volodymyr Zelensky Ukrainako presidentearen ustez, ez da nahikoa eta Nord Stream 2 «arma geopolitiko arriskutsutzat» jotzeko esan zion Merkeli.

Dmitri Marinchenko Fitch agentziako lehengai eta natura baliabideen taldeko zuzendariaren arabera, «egitasmoa azken etapan sartzea, eraikita izatea eta laster gasa ponpatzen hastea Moskuren garaipen geopolitikotzat jo daiteke, AEB eta hainbat herri europarren aurkako jarrera gogorra gainditu duelako».

Kremlin zuhur agertu da eta Errusiaren garaipena den edo ez ez du baieztatu nahi izan. «Garaileak hornitzaileak zein kontsumitzaileak izango dira», adierazi du.

Kieven beldur geopolitikoen aurrean, Moskuk, eta baita Alemaniak ere, beti defendatu izan dute proiektu ekonomiko bat baino ez dela.

Gasbide berriari esker europarrek gutxiago ordainduko dutela azaldu du Errusiako Gobernuak, gas errusiarra garraiatzeko bide honek Ukrainatik pasatzen denak baino 2.000 kilometro gutxiago dituelako.

Oraindik, hala ere, azken oztopoak gainditu behar ditu Nord Stream 2 gasbideak urtea bukatu baino lehen gasa Alemaniara bidaltzeko.

Joan den abuztuan epaitegi alemaniar batek ebatzi zuenez, azpiegitura honek Europar Batasunak energia enpresei ezartzen dizkien arauak bete behar ditu. Erkidego osoan gasa ekoizten, garraiatzen edo hornitzen dituzten enpresak banatuak edo «bereiziak» izan behar dira, merkatuko lehia bermatzeko. Gazpromek helegiteak aurkeztu ditu dagoeneko.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *