Donbasseko 200.000 biztanle bozkatu dute Errusia Batua alderdiak irabazi dituen Errusiar Federakundeko hauteskundeetan

Botoen ia %100 zenbatuta, Dumako ordezkarien bi heren baino gehiago izango ditu Errusia Batuak, eta komunistak izango dira bigarren indarra. Azken horiek ez dituzte onartu Moskuko boto elektronikoen emaitzak. Ordezkaritzarik gabe geratu dira oposizioko Jabloko alderdia eta ekologistak, besteak beste.

*Arantxa Elizegi Egilegor / BERRIA  egunkaria

Ezustekorik gabe igaro dira Errusiako Duma edo behe ganberarako hauteskundeak. Espero bezala Vladimir Putin presidentearen Errusia Batuak eutsi egin dio ganberan zuen gehiengo osoari. Botoen ia %100 zenbatuta, horien erdiak jaso ditu Errusia Batuak (%49,8), eta 300 eserleku baino gehiago izango ditu —ganberak 450 parlamentari ditu guztira—. Aginteko alderdiak behera egin du boto kopuruan —botoen %54 eskuratu zuen 2016an—, baina horrek ez du kolokan jarri parlamentuan duen nagusitasuna.

Bigarren indarra izango da PKRF Errusiako Federazioko Alderdi Komunista botoen %19rekin. Komunistek XXI. mendean lortu duten emaitzarik onena izan da, nahiz eta nahikoa ez izan Errusia Batuaren hegemonia kolokan jartzeko.

Sostenguan nabarmen behera egin duenetako bat izan da LDPR Errusiako Alderdi Liberal Demokrata, zeina botoen %13 eskuratzetik %7,5 lortzera igaro den. Botoen %7,4 jaso du Errusia Justua alderdi sozialdemokratak, eta parlamentuan sartzeko botoen %5eko langa gainditu du Jende Berria alderdi sortu berriak (%5,3). Aldiz, behe ganberatik kanpo geratu dira oposizioko Jabloko alderdia eta ekologistak.

Lehen emaitzen berri jakin bezain laster irten dira Putinen jarraitzaileak kalera. Estatuburuak berak ez du orain arte agerraldirik egin, haren gertuko hainbat lagunek koronabirusean positibo eman ostean, bakartuta baitago.

Bozetan, dena den, ez da iruzur salaketarik falta izan. Oposizioak hainbat irregulartasun salatu ditu, besteak beste, boto elektronikoen zenbaketan. Alderdi Komunistak ez ditu onartu Moskuko boto elektronikoen emaitzak, eta protestara deitu du gaurko, 20:00etan, hiriburuaren erdigunean. Dmitri Novikov alderdiko Batzorde Zentraleko presidenteordeak protesta gehiago iragarri ditu astebururako Moskun eta herrialdeko beste eskualde batzuetan, «herritarren ahotsa entzun dadin».

Aleksei Navalni oposizioko politikari espetxeratuaren gertukoak ere kexatu dira. Gaitzetsi dute joan den ostiralean euren Telegrameko kanala eta eskuko telefonorako aplikazioak itxi zituztela Moskuren presioen ondorioz. Horien bidez, boto emaileei jakinarazi nahi zieten Errusia Batuari irabazteko aukera gehien zituzten hautagaiak zeintzuk ziren barruti bakoitzean, horien alde bozkatu zezaten.

Errusiako Gobernuak berak ere «presioa» salatu du, AEBen eta Erresuma Batuaren aldetik, hauteskundeen emaitzak zalantzan jarri asmoz. Kremlinek, ordea, hauteskunde «lehiakor, ireki eta garbiak» izan direla ziurtatu du gaur.

Brusela ez dator bat Moskurekin. Europako Batasunaren iritziz, «ahots kritiko eta independenteen kontrako larderia giroan» egin dira Errusiako azken hauteskundeak. Peter Stano Europako Batzordearen Atzerriko bozeramaileak oposizioaren gaineko «errepresioa» salatu du. «Errusiarrek izan dituzten aukerak mugatu ditu horrek, eta hautagaiei buruzko informazio osatua eta zehatza jasotzeko ahalmena murriztu die».

Oraindik botoen %0,31 zenbatzea falta da. Ostiralerako iragarri dituzte behin betiko emaitzak.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *