Ekialdeko Kamtxatka eta Txukotka eskualdeetan zabaldu dituzte hautetsontziak. Lehen aldia da bozak hiru egunez luzatzen dituztela, eta oposizioak salatu du emaitzetan esku hartu eta garaipena agintean den Errusia Batua alderdiari emateko egin dutela.
*Arantxa Elizegi Egilegor / BERRIA
Egun bakarra izan ohi dute errusiarrek behe ganberako bozetan bozkatzeko. Aurten, ordea, kutsatzeak saihesteko argudioarekin, hiru egunez luzatuko dituzte bozak. Gaur goizean zabaldu dituzte ekialdeko Kamtxatka eta Txukotka eskualdeko hautetsontziak; igande gauean, berriz, mendebaldeen dagoen Kaliningrad eskualdekoak itxita, bozak amaituko dituzte. Oposizioak gogor gaitzetsi du bozak luzatu izana, argudiatuta emaitzetan esku hartu eta Vladimir Putin presidentearen Errusia Batua alderdiaren garaipena bermatzeko egin dutela.
Duma edo behe ganberako 450 diputatuak aukeratu behar dituzte bozkatzera deitutako 110 milioi herritarrek. Hauteskunde Batzorde Zentralaren arabera, hamalau alderditako 5.800 hautagai aurkeztu dira, tartean hamar hautagai independente. Donbassko eta Krimeako herritarrek ere parte hartuko dute Errusiako hauteskundeetan. Biek ala biek errepublika independentetzat jo dituzte euren buruak, eta Errusiaren babespean daude, Kievek eta Mendebaldeak onartu ez arren.
Inkestek Putinen Errusia Batua alderdiari ematen diote garaipena, botoen %29,3ekin, eta haren atzetik leudeke komunistak %16,6rekin. Parlamentuan ordezkaritza lortu luketen beste alderdien artean leudeke eskuin muturreko Alderdi Liberal Demokratikoa eta Bidezko Errusia sozialdemokrata. Aldiz, oposizioko alderdi askok ezin izan dituzte euren zerrendak aurkeztu, legez kanpo utzi dituztelako, besteak beste, muturreko izateaz edo atzerrian kontu korronteak edukitzeaz akusatu dituztelako.
Aleksei Navalni oposizioko aurpegi ezagunenetariko bat da bozetatik kanpo geratu denetako bat. Joan den otsailean bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten Navalniri, diru publikoak oker erabiltzea egotzita.
Navalniren taldeak, baina, aplikazio bat sortua zuen Telegram kanala baliatuta, non zerrendatzen ziren Errusia Batuari irabazteko aukera gehien zituzten hautagaien izenak. Gaur goizaldean, ordea, haren taldekideek salatu dute aplikazioa bertan behera utzi dutela Googlek eta Applek, Moskuren presioen ondorioz.