*ARGIA aztekaria
Historia berriz errepikatu da. 2017ko urtarrilean Sevillako Betis taldeak Román Zozulia jokalaria utzi nahi izan zion Madrilgo Vallecaseko Rayori. Vallekaseko zaleek geldiarazi zuten fitxaketa bere ideologiagatik eta zalaparta eta eztabaida handia eragin zituen kasuak. Zozuliak ez zuen ezta partidu bakar bat ere egin Rayon, eta martxoan kontratua bertan behera utzi zuten. Espainiako Ligak kereila jarri zuen Rayoko hamar jarraitzaileren aurka, hertsapen delituagatik, aurrelaria taldeari uko egitera behartzeagatik. Handik hilabete batzuetara artxibatu zuten epaileek. 2017ko udan, Albacetek fitxatu zuen Zozulia. Han jokatzen aritu da gaur arte. Eta bost urte eta gero, jokalari ukrainarrari beste behin ere esan diote ezetz futbol zaleek. Berriro Madrilen, baina oraingoan Alcorcon hirian.
«Fitxaketak zatiketa sortzen du, liskarra… Horixe besterik ez genuen behar!», idatzi du Alcorcongo Peñen Federazioak sare sozialetan. Beste zale talde batzuk zuzenagoak izan dira: «Zozulia ez da abertzalea besterik gabe, Azov talde paramilitar nazia babesten duen faxista da. Pertsona horrek ez du lekurik gure klubean eta gure hirian. Bere ideologiak aurrez aurre talka egiten du gure balioekin». Alcorcon futbol taldeko beste zale-talde batek: «Akatsa da nazien numerologiarekin argazkiak argitaratu eta bere herrialdeko talde ultra eta faxistei babesa ematen dien jokalari bat fitxatzea, kirolak sustatzen dituen tolerantzia eta errespetu balioekin bateraezina baita». Herritarren presioak oraingoan ere eragina izan du.
«Zozulia puto nazi» kasuaren ondorioz, Espainiako futbol profesionalaren historian lehen aldiz partidu bat bertan behera geratu zen “zaleen irainengatik”. 2019ko abenduan, Zozulia Albaceteren deialdian sartu zen Rayoren aurka jokatzeko. Jokalariak Vallecasko berdegunera salto egin zuen eta «Zozulia puto nazi» aldarri bihurtu zen zelaiko animazio harmailetan. Atsedenaldian, Lopez Toca epaileak partida bertan behera uztea erabaki zuen.
Erabakia harrigarria izan zen, besteak beste, Vallecastik kilometro gutxira, futbol-zelaiak daudelako «Puto vasco el que no bote», beste irain arrazista batzuen artean, sistematikoki oihukatu izan dutelako hamarka luzez.