Anatoli Xari, faxista ukrainiarrek mehatxatuta duten kazetari ukrainiarra: «Ukrainan ez nuke egun bat gehiago ere iraungo bizirik»

Anatoli Xari ukrainar kazetaria eraila izateko mehatxupean bizi da, Katalunian erbesteraturik, eta, gainera, errefuxiatu politikoaren estatusa kendu berri diote Lituanian; horregatik, beldur da Ukrainara estraditatu eta ihesbiderik gabeko heriotza batera eramanen ote duten.

*Ralf Streck / BERRIA egunkaria

Anatoli Xari Katalunian erbesteraturiko kazetaria elkarrizketatu ahal izateko, konfiantzazko pertsonen bitartez baizik ezin da lortu kontaktua; izan ere, muturreko gorrotoa pizten du Xarik Ukrainako hainbat sektoretan. Ikerketa kazetaria eta bideoblogaria da, eta Lituaniara ihes egin behar izan zuen 2014ko Euromaidan delako mugimendua hasi baino lehen ere, krimen antolatuaren eta ustelkeriaren aurkako ikerketak egiteagatik. Nahiz eta Europa mendebaldean ez den hagitz ezaguna, ekialdean ia 2,5 milioi lagun harpidetu dira haren Youtubeko kanalera.

Xarik eta haren emazte Olga Bondarenkok hamar urte daramatzate erbestean, eta horietatik bi, Espainiako Estatuan. Bartzelonan iragan da elkarrizketa azkenean. Xari turista soila balitz bezala agertu da hitzarturiko kafetegira. Aitzinetik neurriak harturik, elkarrizketa bizkartzainik gabe egin ahal izan da —familiak segurtasun enpresa pribatu bat kontratatu du, beraien aurkako mehatxuak tarteko—. Xarik eta Bondarenkok «bertze etxe bat» aurkitu dute Katalunian, Bartzelonatik hurbil, eta ez dute ihes egin nahi.

Argi dago familiaren egoera modu erabakigarrian okertu dela. Kazetariak azaldu duenez, Lituaniak kendu egin dio errefuxiatu politikoaren estatusa, «Ukrainaren presio gogorraren eraginez». Errefuxiatu estatus horri esker, bikotea libreki mugitu ahal izan da Europako Batasunean barna.

Errefuxiatu estatusa 2012an eman zioten Xariri, kazetari gisa egindako lanagatik eta jasandako jazarpenarengatik. Egun, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren gobernuaren aurkari sutsua da. Kazetariak ez du inolako zalantzarik: haren ustez, Zelenski bera dago jazarpenaren gibelean. Gobernuak «traizio gorena» leporatzen dio; segurtasun indarrek, berriz, Errusiaren aldeko ekintza «subertsiboak» egin izana, hala nola «eleaniztasunaren aldeko propaganda». Errefuxiatu estatusari buruzko erabakia justifikatzeko, Lituaniak argudiatu zuen Xarik jada ez zuela inongo arriskurik Ukrainan; Xariren beraren eta Bondarenkoren ustez, baina, adarjotze hutsa da hori. Ukrainan dena aldatu dela erraten dute Lituanian. «Ez da deus ere aldatu», dio Bondarenkok.

Xari Alderdiaren aldeko manifestariak, Kiev hiriburuan eginiko mobilizazio batean, iaz

Edozein moduz, haren arazorik larriena erbestean bahitua edo eraila izateko arriskua da, Ukrainako eskuin muturrak jakin baitu Kataluniako zein tokitan bizi den zehazki. Iazko ekainaren 26tik, haren helbidea harat-honat dabil eskuin muturrekoen sareetan. Ordutik, haren etxea erromesaldirako eta erasorako leku bilakatu da neonazientzat. «Orain, hilko gaituzten beldur gara hemen ere», erran du Xarik. «Espainiaren babesa behar dugu Ukrainako eskuin muturraren aurka», eskatu du. Halaber, esperantza du Espainiak ezetz errango diola bera estraditatzeko eskaerari. «Ukrainan ez nuke egun bat gehiago ere iraungo bizirik», baieztatu du. «Kartzelan sartu, eta berehala hilko nindukete. Hilketari suizidio itxura emanen diote».

Lituanian, helegite bat aurkeztu du bere errefuxiatu estatusa ezeztatzearen aurka, eta erabakia epaileen esku dago. Xarik ez du esperantzarik. Dioenez, «Lituania ez da zuzenbide estatu bat».

Kidego Nazionala

Xarik eta haren familiak arrazoi sendoak dituzte pentsatzeko beren etxean atentaturen bat egin dezaketela. Andri Biletskik dei egin du 2019an sorturiko Xari Alderdiko kide guziak «fisikoki suntsitzeko» —alderdiaren buru eta sortzailea lehen-lehenik, noski—. Biletski ez da mehatxuak egiten dituen eskuin muturreko edozein militante: Kidego Nazionala alderdiko burua da, eta Azov batailoi paramilitarreko komandantea. Alderdiaren bideo batek hauxe dio, itzulingururik gabe: «Hil dezagun Anatoli etsaia». Xarik salatu duenez, Ukrainako agintariek ez dute deus egiten erasoon erantzuleak geldiarazteko.

Biletskik eragin handia du. SNA Batzar Sozial-Nazionaleko presidentea ere bada: hainbat talde ultranazionalista eta neonazik eta talde horien beso militarrek osaturiko antolakundea da. Biletskik berak bi urte eman zituen kartzelan hilketa saiakeragatik, baina amnistia eman eta askatu egin zuten 2014an. Petro Poroxenko presidente ohiak saritu egin zuen Donbassko borroketan izandako parte hartzeagatik, eta Arsen Avakov Barne ministroak, berriz, teniente koronel izendatu zuen.

Diario 16 agerkariak otsailean jada jakinarazi zuen neonaziak Espainiako Estatuan ere ari zitzaizkiola Xariri jazartzen. Hedabide horren arabera, Rodion Kudriaxov Kidego Nazionaleko presidenteordeak Xari ehizatzeko deia egin zuen. «Anatoli, orain badakit non bizi zaren», idatzi zuen bere Telegram kanalean.

Bondarenko seguru dago: «Ukrainan, erraza da aurkitzea Anatoli Espainian hil eta heroi bilakatu nahi duen gazteren bat». Espainiara hiltzaile bat bidaltzea ere ez da beharrezkoa, Espainiako faxistek eta Ukrainako ultrek lotura estua dute eta. Hain zuzen, Xarik berak jakinarazi zuen Kidego Nazionaleko buru Dimitri Semin Valentziako (Herrialde Katalanak) zenbait militante ultrarekin bildu zela joan den urtean.

Aldi berean, baina, badira Espainiako Estatuan eta, preseskiago, Bartzelona inguruan bizi diren ultra ukrainarrak ere. Oleksandr Zolutukhin Azov batailoiko kide ohia da horietarik bat: hark argitaratu zuen Xariren helbidea Interneten, baita etxearen eta Bondarenkoren autoaren argazkiak ere.

Zolutukhin duela urtebete pasatxo atxilo hartu zuten, Ukrainak ere hura atxilotzeko nazioarteko agindu bat zabaldu baitzuen. Bertzeak bertze, kazetari baten bahiketan parte hartu zuen, baita bere taldeari buruzko informazioa hedatu zuen telebista kate baten suntsiketan ere. Nolanahi ere, berehala askatu zuten, eta ez zioten entregatu Ukrainari.

Espainiako Estatuko justizia neurriak hartzen hasi da. Kidego Nazionaleko buruak ikertzen ari dira, eta Mossos d’Esquadrak ondorioztatu du Xari eta Bondarenko «pertsegitu eta estu hartzen dituztela beren kazetari lanagatik» eta oposizioko alderdiko «partaide» izategatik. Horixe zehazten da El Pais egunkarian argitaraturiko sumarioko txostenetako batean.

Xarik dio Espainiako Estatuko agintariak hagitz ulerbera agertu direla berarekin, oro har. Haatik, salatu duenez, Eduardo Moreno epaileak oraindik ez du erabakirik hartu bere familiari beharrezko babesa emateari buruz; halere, lekuko babestutzat dauka jadanik. Generalitateko Eskubide Zibil eta Politikoen Bulegoko zuzendariak baieztatua dio Xariri haren familiak beharrezko baldintzak betetzen dituela Espainiak asiloa emateko. Espainiatik alde egitea komeni ote litzaiekeen galdetuta, Bondarenko argi mintzo da: «Ez. Hau da gure etxea orain; hemen jaio zen gure semea».

Akusazio festa

Xarik uste du gobernuak etsai handitzat daukala bera. Hori dela eta, haren alderdi txikia debekatzeko prozedura ere abiatu dute. Kazetariari ulertezina zaio Zelenski presidenteak bere izena behin eta berriz aipatzea eta berarekin anker jokatzea. Bondarenkoren hitzetan, Xari Alderdia gero eta arriskutsuagoa bihurtzen ari da Zelenskirentzat; izan ere, inkestek erakusten dute presidentearen babesa gain behera doala. 2020ko udazkenean egindako herriko bozetan, Xari Alderdiak botoen %1,4 baizik ez zituen lortu, baina 52 diputatu eskuratu eta 11 herriko etxetan sartzea erdietsi zuen. Alderdiari eskaintzen zaion arreta, baina, goititu egin da; hala, inkestek erakusten dute boto emaileen %5en babesa duela jada.

Jada zenbait hedabidek adierazia zuten gisan, Xariren aurkako akusazioak aski zentzugabeak dira. «Traizio gorena» leporatzeko argudio nagusia hauxe da: erraten dute ezen 2013an eta 2014an, Errusiaren aldeko indarrak eta Ukraina Donbassen borrokatzen ari ziren bitartean, Xarik Errusiaren ekintza «subertsiboak» sostengatu zituela ustez, eta, horretarako, informazio distortsionatua argitaratu zuela. Xari erruduntzat joz gero, hogei urtera bitarteko kartzela zigorra ezar diezaiokete.

Errate baterako, Estatuko Segurtasun Zerbitzuak txosten batean zehaztua du Xarik «asmo kriminalez» jokatu zuela, «kalte egin nahirik Ukrainaren subiranotasunari, lurralde batasunari, bortxaezintasunari, defentsa gaitasunari eta informazio segurtasunari; bertzeak bertze, atzerriko estatu bati eta atzerriko elkarte bati lagundu zien Ukrainaren aurkako ekintza subertsiboak egiteko». Esaldi aski deigarri batek osatzen du baieztapen hori: «Ikerketan ezin izan dira identifikatu ekintza horien inguruabarrak».

Esaldi hori bera darabilte zerbitzu sekretuek Xariri egozten diotelarik «kolusio kriminal bat» osatu izana «Errusiako Federazioarekin eta herrialde horretako antolakundeekin». Haien arabera, «informazioaren arloan Ukrainaren aurkako ekintza subertsiboak egiteko, atzerriko herrialde bateko agintariei» laguntzea onartu zuen Xarik.

Akusazio horiek guziak zinez zehaztugabeak dira, eta, azken batean, erakusten dute argitaraturiko informazioak kontrolatzean datzala auzia. Are, Zelenskiren gobernuak inongo lotsarik gabe jokatzen du hedabideekin. Otsailean, 112, NewsOne eta ZIK kateak itxi zituzten, presidentearen aginduz. Prentsa eta adierazpen askatasunarekin ageriko arazoak dituzten horiek berek leporatzen diote Xariri informazio «ez hagitz fidagarria, osatugabea eta partziala» aukeratu izana, «gatazkak pizteko». Diotenez, haren informazioak «kontzientzia publikoa psikologikoki manipulatzeko elementuak» ditu, eta xede argia: «etsaigo eta gorroto nazional, etniko eta soziala sustatzea, armadaren eta herriaren artean desadostasunak piztuz».

Absurdoa da zerbitzu sekretuek «froga» gisa erabiltzea Xarik Errusiako telebista kate bati emandako elkarrizketa batean errandakoak; hain zuzen, elkarrizketa hartan, Xarik ustez adierazi zuen Ukrainako armadako kideak ez liratekeela abertzaletzat hartu beharko, herrialdearen ekialdean egindakoagatik. Itxuragabekeriarik handiena zera da, Xariren arabera elkarrizketatzaileak egin zituela adierazpenok.

Baten batek pentsa dezake akusazioak ezin direla absurdoagoak izan. Bada, oraindik ikusi behar da nola argudiatzen duten Xarik «gatazka etnikoak» sustatu zituela, bertzeak bertze, Ukrainaren eta Poloniaren artean. Bigarren Mundu Gerran ukrainar ultranazionalistek poloniarren aurka egindako sarraskiaren berri eman zuen kazetariak, eta akusazioak horixe erabili zuen argudiotzat. Horiek horrela izatera, Ukrainak bertze hainbat kazetari eta historialari ere auzipetu beharko lituzke; Wikipedian ere bada sarrera bat.

Gauzak muturreraino eramanez, «eleaniztasunaren aldeko propaganda» egitea ere leporatzen diote. Izan ere, Xarik salatu zuen ezen Ukrainako zerbitzuetan ezin dela errusieraz mintzatu urtarril erditsuaz geroztik. Xarik azaldu duenez, haren aurkako akusazioak erokeria hutsa dira. «Zelenski sostengatzen ez duen edozeini leporatzen diote Errusiaren alde egotea», erran du: «Ni ez naiz Errusiaren aldekoa». Ziur aski, jende guziari ez zaio gustatu izanen haren aurkako akusazioak egiten dituzten informazio zerbitzuetako agenteak «zerri ergelak» zirela erratea. Bistan denez, baina, ez du funtsik baieztapen hori erabiltzeak Xariri terrorismoa leporatu eta haren alderdia debekatzeko.

 

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *