Ukrainako antzezlekua

*Asier Blas Mendoza / ARGIA astekaria

Bi segmentu soziopolitiko nagusiren artean egon da zatituta Ukraina independentea: nazionalista etnikoa (mendebaldar zalea) eta ekialdeko eslaviarren anaitasun zalea (errusiar zalea). Bi ikuskeren arteko entente oligarkikoa izan zen Leonid Kutxma presidentearen agintaldiak (1994-2005) gorpuztu zuena, alderdi komunista oso indartsua zen garaian.

Kutxmaren erretiro iragarpenarekin batera, AEBek herrialde postsobietarretan zuen eragina zabaltzeko estrategia jarri zuen martxan koloretako iraultzak bultzatuz. Ondorioz, mendebaldar zaleek ententea hautsi eta bi segmentuetako oligarkien arteko konfrontazioa eragin zuten, ukrainar komunistak asko ahulduz. 2004ko Iraultza Laranjaren ostean, lehenik mendebaldar zaleek gobernatu zuten eta ondoren errusiar zaleek, azken hauen kontrako Maidaneko estatu kolpea gertatu zen arte 2014an. Ordutik, Ukrainako Gobernu berriak eskuin muturreko sinbologia eta kontakizuna hauspotu eta boteretik kanporatutako segmentuaren jazarpen politiko, ekonomiko eta kulturala hasi zuen, geroz eta bortitzago, aitzakia gisa erabiliz Errusiaren esku hartzea Ukrainako gatazkan eta ekialdeko gerra.

Ukrainako gatazkak bost urte bete ondoren, herrialdeak zulo beltzetik atera ezinik zegoen: ekonomia hondoratuta zegoen, gerrak jarraitzen zuen eta politika liberalen eta antidemokratikoen zirimiria amaigabea zen. Horrekin  guztiarekin amaituko zuela hitz eman zuen Volodimir Zelenskik 2019 an Ukrainako presidente hautatua izan zenean.

Zelenskik bi segmentu politikoetatik babes pragmatikoa jaso zuen, bakea lortzeko eta ekonomia hobetzeko esperantzarekin. Baina estatu kolpearen osteko erregimenak ideologia oso zurruna du, politikak ñabartzeko edozein saiakera bertan behera gelditzen da mugimendu ultraeskuindarrek, estatuko hainbat aparatuk eta Amerikako Estatu Batuek egiten duten presioagatik.

Zelenskik ez du lortu aurrerapausorik bake bidean, ezta ere arlo ekonomikoan. Ondorioz, herritarren artean bere babesak behera egin du nabarmen eta une honetan inkestek bere alderdia bigarren bezala kokatzen dute errusiar zaleen alderdiaren ostean. Errealitate honen aurrean, bere posizioa berrindartzeko hartu duen bidea izan da neurri liberalak eta antidemokratikoak hartzea –besteak beste, Auzitegi Konstituzionaleko presidentea legez kontra kargugabetu du eta hiru telebista kate itxi ditu–, muturreko nazionalismoa besarkatzea, eta ekialdeko gerran tentsioa areagotzea tropa eta armamentu mugimenduekin gerrarako prest dagoela ohartaraziz. Aste batzuk geroago errusiar erantzuna etorri zen, ariketa militar masibo batzuk antolatuz Ukrainako muga egiten duten errusiar estatuko lurraldeetan. Beste behin, errusiar esku hartze militar bat desiratzen duten ustezko analisten eta iritzi-emaileen legioak huts egin du, Errusiak ariketak bukatu eta armada kuarteletara erretiratzen hasi delako.

Halere, Zelenskiren irudia indartu da. Joe Bidenek telefonoz hots egin dio eta AEBek gerraontziak bidali ditu Itsaso Beltzera. Zelenskik ikasi du Errusiarekin gogor agertzeak saria duela Washingtonen, eta horretarako Ekialdeko Ukrainako gerran egur gehiago bota behar bada, botatzen da; izan ere, Kieveko eta Washingtongo gobernuek Errusiatik Alemaniara itsasoz doan Nord Stream 2 gasbidea bukatzear dagoela ikusten dute eta dagoeneko ez dakite zer beste gatazka sortu edo hauspotu Alemania gatibu hartu eta proiektua geratzeko. Horregatik Washingtonen eta bere ekialdeko aliatuen partetik Errusiarekin tentsioa handitzeko dagoen interes berezia azkeneko urtean.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *