*Alex Bustos / BERRIA
Apirilaren hasieratik konboi militar ugari ikusi dituzte de facto Errusiaren menpe dagoen Krimeako penintsulan, eta Ukrainako mugan. Atzerriko komunikabideek zabaldu dutenez, 100.000 soldadu zabaldu dituzte Rostov Don eskualdean. Ikusi dituzte salgai trenak militarren tresneria eramaten, besteak beste, ibilgailu blindatuentzako piezak. Ukrainak, berriz, erreserbistak borrokako lehen lerrora itzultzea errazten duen lege bat onartu zuen atzo. Vladimir Putin Errusiako presidenteak Mendebaldeari ohartarazi zion ez duela onartuko Moskuk ezarritako «marra gorriak» zeharkatzea: «Ez ditugu zubiak suntsitu nahi, baina inork gure asmo onak ahultasunarekin nahasten baditu, gure erantzuna bera izango da, hau da, azkarra eta gogorra».
Aurreikuspen okerrenek Errusia eta Ukrainaren arteko gerra bat hasteko arriskua aipatzen badute ere, mugatik gertu bizi direnak ez dira halakorik gertatzearen beldur. Novoxakhtinsken (Errusia), aduanatik ordu erdira dagoen meatzari hirian, Petrek ez du uste gerra bat hasiko denik: «Tentel batek soilik deklaratuko lioke gerra Errusiari». Aleksandr zerbitzaria da herrian, eta zalantzan jartzen ditu gerraz ohartarazten duten ahotsak: horretarako «oso aukera txikia» dagoela uste du.
Interneten zabaldu diren hainbat bideotan ikus daitezke ustez Rostov eskualdera doazen konboi militarrak. Novoxakhtinsken, Aleksandrek eta beste hainbat lekukok berretsi diote kazeta honi hainbat ibilgailu militar ikusi dituztela bai hiriaren barruan, baita inguruetan ere. «Hainbatetan ikusi nituen», esan du zerbitzariak. Zehaztu du, hala ere, batez ere BTRak ikusi zituela, tropak batetik bestera eramateko erabiltzen diren ibilgailu militarrak.
Errusia eta Ukrainaren arteko harremanak 2014an hasi ziren okertzen, EB Europako Batasunean sartzearen aldeko protestak hasi zirenean —Euromaidan izena jarri zioten mugimenduari—. Ordu hartan, Errusiak Krimea bereganatuz erantzun zuen —Ukrainak eta Mendebaldeak ez zuten onartu Moskuren okupazioa—. Ia aldi berean, bi indarren arteko gerra piztu zen Ukraina ekialdean. Borroka horien ostean, Moskuren babesa zuten milizia errusiazaleek Donetsk eta Luganskeko herri errepublikaren sorrera aldarrikatu zuten.
Hainbat urtez, gatazkak bere horretan eutsi zion, baina otsail hasieran berpiztu egin zen, Ukrainako Gobernua herrialdeko talde errusiazaleak estu hartzen hasi zenean. Lehenik Oposizioko Plataforma alderdiko buru Viktor Medvedtxuken aurkako zigorrak etorri ziren, zeinari «talde terroristak» finantzatu izana egotzi zioten. Jarraian, Medvedtxukenak ziren hiru telebista kate itxi zituzten. Kremiletik gertuen dagoen Ukrainako politikarietako bat da bera, eta Putinen aitajauna esaten diote, Errusiako presidentearen alabetako bat haren besoetakoa delako. Aste honetan, baina, Putinekin hitz egiteko prest agertu da Ukrainako estatuburu Volodimir Zelenski, eta Donbassen biltzeko eskaintza egin dio.
Joe Biden presidentea Etxe Zurira heldu izanaren ondorioz gogortu da Kieven jarrera; izan ere, hark argi utzi du Ukraina babesten duela, bere aurrekoarena baino Moskuren aurkako diskurtso gogorragoa eginez, Putini «hiltzaile» deitzeraino.
Ukrainako Gobernuaren izenean, Atzerri ministro Dmitro Kulebok berretsi du herrialdeak NATOko kide izan beharko lukeela. Beste urrats bat egin du Alemanian duen enbaxadoreak, eta ziurtatu du Kiev Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzen ez bada pentsatu beharko lukeela atzerriko mehatxuetatik babesteko arma nuklearrak garatzen hastea. Herrialdeak izan zituen arma atomiko batzuk Sobietar Batasuna desegin ostean, baina 1996an Errusiaren esku utzi zituen.
Azken asteetan, Ukrainako eta Errusiako aldean tropak eta ibilgailu militarrak mobilizatzen aritu ostean, Kievek bonbardatu egin zituen milizia errusiazaleen kontrolpeko guneak Donetskeko aireportu inguruetan —han hasi zen Donbasseko gerra 2014. urtean—. NATOk eskatu zion Errusiari eten zitzala muga militarizatzeko lanak, eta Moskuk erantzun zion Mendebaldearen esku hartzeak «bolborategi» bilakatuko duela Ukrainarekiko gatazka. Aurrez, Kremlinek Ukrainari eskatu zion ez zezala Donbass probintzia bonbardatu.
Azoveko itsasorako sarbidea blokeatuz erantzun zien Moskuk milizia errusiazaleen aurkako bonbardaketei; horrela, babesgabe utzi zituen Mariupol eta Berdiansk hiriak, ezin izango baitute laguntzarik jaso itsasoz.
Errusiako pasaporteak
Errusiak Kiev estu hartzeko erabili duen beste neurrietako bat da Donbassko herritarrei Errusiako pasaportea ematea —2019tik ari dira hori egiten—. Sobietar Batasun ohiari buruz ikertu duen Fabian Burkharden esanetan, Ukraina ekialdeko herritarrei Errusiako nazionalitatea emateak zilegitasuna emango lioke Moskuri bere herritarrak babesteko aitzakiarekin eskualdean esku hartzeko, «betiere Errusiako legeen arabera, ez nazioartekoen arabera». Gainera, epe luzera Ukrainan ondorioak izan ditzakeen neurri bat ere bada: «Ukrainako eskualde batean herritar errusiar ugari egoteak handitu egingo luke Errusiak Ukrainan duen eragina».
Pasaporte horiek jaso ahal izateko, Donetskeko eta Donbassko Herri Errepublika gisa aldarrikatutako hirietatik irteten diren autobus zerbitzuak daude. Horiek mugaz bestaldera eramaten dituzte herritarrak, gertuko herrietan, Novoxakhtinsken esaterako, beharrezko tramiteak egin ahal izateko.
Errusiako herritartasuna eskatzeko, aurrez errepublikako pasaportea eduki behar da, eta hori, Burkhardten arabera, herritarrak herri errepublikei «leialak» zaizkielako froga gisa ulertzen da: «Ikusi dugu herritar askok nahiago dutela Ukrainako nazionalitateari eutsi».
Gaur egun, Donbassko 639.000 herritarrek jasoa dute Errusiako pasaportea, eta, beraz, Errusiara bidaiatu dezakete modu askean, baita hango hauteskundeetan parte hartu ere, baina, hori egin ahal izateko, Rostov on Don eskualdera joan beharko lukete.