Xenofobia errukiorraren eta erasokorraren artean

*Asier Blas Mendoza / ARGIA astekaria

Lagun aurrerakoien arteko afaria batean, deskuiduan, elkarrizketa geopolitikara bideratu zen. Gai jartzaileak etorkizuneko balizko txinatar hegemoniari beldur ziola esan eta iparramerikar inperialismoa txinatarra baino nahiago zuela adierazi zuen argudio kultural bat erabiliz: “Azkenean, AEBak guregandik gertuago daude, yankiek gure baloreekin eta bizitza estiloarekin zerikusia dute”. Inork ez zuen ezer esan, inork ez zuen sentitu adierazpen hori xenofoboa zenik eta inork ez zuen beharrezkoa ikusi eztabaida datuekin objektibatzea, inperialismo hobeagoaz edo txarragoaz hitz egin behar bazen. Afariko parte-hartzaileek ondo ulertu zuten markoa: gureak eta besteak. Logika horretan afera ez da zer den ona edo txarra, logika horretan kultura arrotzarekiko mesfidantza eta arbuioa dira nagusi.

Politika konparatuan etorkizuna aurreikusten saiatzen gara lehen aldiaz ikasiz, horrek ez du esan nahi huts egin ez daitekeenik, baina askotan balorazio politikoak egiteko garaian dauzkagun elementu bakarrak orain arteko gertakariak dira.

Azkeneko hamarkadei begiratzen badiegu, Txinak ez dio inori eraso egin, AEBek ordea, gerra eta eraso militarren zerrenda amaigabea dute, besteak beste, nazioarteko legedia hautsiz eta ez bakarrik arlo militarrean, baita ekonomikoan ere. Txinari, ordea, oso tatxa gutxi jarri dakioke nazioarteko politikan: legedia errespetatzen duen jokalari zuhurra eta kooperatiboa da.

Beijingen aurka Txinako itsasoko uharteen gaineko soberania borrokak eta kutsadura aipatu ohi dira. Baina, alde batetik Txina ez da uharte gehien okupatu duen herrialdea eta lehian dauden bost herrialdeen artean uharteak harresitu zituen azkena da. Halere, gatazka honek ez du eragin esku-hartze militarrik eta bere arerioekin kooperazio ekonomikoa zabaltzen jarraitu du. Bestalde, une honetan energia berriztagarrien lehen produktore da Txina eta 2060an karbonoaren neutraltasuna lortzeko plan bat du martxan isurketen kantitatea naturalki xurgatu daitekeen tamainakoa izan dadin.

Halere, xenofobia itsua da datu enpirikoen aurrean. Mendebaldeko hedabideak begiratzea baino ez dago: zenbat kritika eta barre egin dituzte hainbat herrialdetako COVID-19aren aurkako neurri, sendagai eta txertoen inguruan! Zenbat egia erdi eta berri faltsu estigmatizazio kulturala elikatzeko! Eta nondik eta pandemiak munduko hildako kopuru handiena utzi duen partetik.

Errealitatea da Mendebaldeko pentsamendu nagusia, liberala eta berriki kultur diskriminazioaren aurkakoa, xenofobiaren eraikuntza mozorrotua baino ez dela. Pentsamenduaren hegemonia neoliberalari esker indibidualizatu egin da xenofobiaren pertzepzioa; hau da, jarrera xenofoboak pertsona indibidualekin erakustea onartezina da, baina, aldiz, indibidualak kolektibora eskalatzen duenean xenofobia esplizitatzen eta haren kontrola lurruntzen hasten da.

Kultura desberdinen aurrean jarrera ez xenofoboak agertzea, betiere beste horiek gutxiengo zaurgarriak edota ahulak badira, beren tolerantzia-balioengatik moralki nagusi sentitzen diren xenofobo errukiorrak suspertzen ditu. Hala ere, beste kulturak horiek (besteak) boteretzen direnean eta beraien adierazpen geopolitikoek subiranotasuna, indar ekonomikoa eta defentsarako gaitasuna erakusten dituztenean, xenofobo errukiorrak erasokor bihurtzen dira, izaera xenofoboa duten estigmatizazio kultural guztiak paseatzera ateraz. Horregatik, Mendebaldeko hedabideak titular eta kalifikazio xenofoboen benetako makinak dira, besteak beste, Txina, Errusia, Iran eta Latinoamerikako edozein herrialde subiranistaz hitz egiten dutenean.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *