«Gaur egun Turkia gai izaten ari da bere eragin ekonomikoa indartzeko Serbian, Montenegron, Georgian eta Ukrainan, aprobetxatuz Europar Batasunak sortzen duen frustrazioa inoiz iristen ez den integrazioagatik»
*Asier Blas Mendoza / ARGIA astekaria
Turkiar herriak ez ziren inoiz Kaukasotik joan. Halere, SESB sortu zenetik Turkiako Estatua Kaukasotik kanpo egon da, 2020ra arte. Karabakh Garaiko gerran Azerbaijanek eta Turkiak Armenia garaitu dute, horri esker, Ankarak ehun urte eta gero bere armada zabaldu du Kaukasoan, Azerbaijanek Armeniaren lepotik berreskuratu duen lurraldean; eta Istanbuletik Bakura lurralde jarraikortasuna izango dute turkiar herriek. Azerbaijan eta Armenia arteko su-eten akordioaren arabera, Azerbaijaneko enklabea den Nakhitxevango Errepublika Autonomoa konektatzeko autobide bat igaroko da Armeniako lurretik Azerbaijaneko gainontzeko lurraldeekin konektatuz.
Recep Tayyip Erdoğan Turkiako presidentearen estrategia espantsionistaren ardatzetako bat panturkismoa bultzatzea da Europako eta Asiako herri turkoen artean, izan estatuak, lurralde autonomoak edo gutxiengoak. Adibidez, 2009an sortu zen Turkiar hizkuntzako Estatuen Lankidetza Kontseilua.
Erdoğanek beste bi ardatz erabiltzen ditu Turkiako eragina zabaltzeko: neotomanoa eta erlijiosoa. Otomandar inperioaren lurralde izandakoetan Ankarak bere eragin ekonomiko, politiko eta kulturala garatzeko ubide natural bat du, baina honek askoz hobeto funtzionatzen du eskualdearen edota talde etnikoaren erlijio nagusia musulman sunita denean.
Halere, gaur egun Turkia gai izaten ari da bere eragin ekonomikoa indartzeko Serbian, Montenegron, Georgian eta Ukrainan, aprobetxatuz Europar Batasunak sortzen duen frustrazioa inoiz iristen ez den integrazioagatik. Gauza bera gertatzen da gehiengo musulmaneko herrialdeetan, Albanian, Bosnia-Herzegovinan eta Kosovon, nahiz eta kasu hauetan harremana askoz ere hertsiagoa den. Neotomanismoak nonbaiten aurrera egiten badu Balkanetan da, Turkiako presidenteak arazo politikoak izaten dituen bakoitzean bere aldeko mobilizazioak egon dira Pristinan, Tiranan eta Sarajevon. Azken honetan mitin erraldoi bat eman zuen orain bi urte.
Turkia Kaukasoan eta Balkanetan bueltan dago, baina baita ere Ipar Afrikan eta Asian. Erdoğanen Justizia eta Garapenaren Alderdia Anaia Musulmanen oso gertukoa da eta praktikan, Qatarren laguntzarekin, sektore politiko horren lidergoa hartu du. Udaberri Arabiarretan rol oso garrantzitsua jokatu du mobilizazioekin, muturreko islamismo armatuarekin eta armadarekin. Ankararen eraginpeko Egiptorenak ez zuen denbora asko iraun Al Sisiren Abdelfatah-en estatu kolpeak bukatu zuelako Anaia Musulmanen gobernuarekin. Baina Turkiak errebantxa hartu du Libian eta orain armada du zabalduta Afrikako herrialdean. Bestalde, Ankarak hortzak erakutsi dizkio Greziari eta Siriako iparraldea okupatzen jarraitzen du nazioarteko legedia hautsiz.
Turkiak egin duen ia guztia musu truk atera zaio Mendebaldeak bere beharra duelako. Ikuspegi geopolitikotik oso herrialde garrantzitsua da Europa, Asia eta Afrika arteko zubi bezala, kostalde zabala du eta NATOko bigarren armadarik indartsuena. Errusiak maiz egiten du talka Ankararekin, baina Moskuk Turkiarekin duen harremana zaintzen du negozioengatik eta aliantza atlantikoa pitzatzeko ematen dion aukeragatik. Halere, Erdoğan borroka geopolitikoan maisuki jokatzen ari den arren, etengabe atzeratzen joan den arazo ekonomikoak geroz eta tamaina handiagoa hartu du. Hortik etor daiteke Erdoğanen amaiera, zorrak itotako ekonomia da Turkiakoa. Koma egoeran dagoen sistema finantzario turkiarra izan daiteke Mendebaldearen tresna nazioarteko turkiar eragina baretu eta aliatu deserosoa motzean lotzeko.