*Mikel Zurbano / ARGIA astekaria
Trumpek irabazi izan balu, II. Mundu Gerraren ondorengo nazioarteko ekonomi sisteman aldaketa sakona ekarriko zukeen zalantzarik gabe, seguruenez berau suntsitzera iristeraino. Trumpen muturreko aldebakartasunak, merkataritza ekimen kaotikoek, nazioarteko lankidetzak eta, oro har, jokabide multilateralaren errefusak gaurdaino globalizazioa itxuratu duten arauak eta instituzioak lurperatuko lituzkete beste lau urtez boterea eskuratuz gero.
Ostera, Bidenen garaipenak lehengo sistema globalaren berrezarpena ekarriko al du? Erantzuna ez da begi bistakoa. Trumpek sortutako nazioarteko anabasa gelditzeko arazorik ez da izango, ez AEBetan ezta nazioarteko eremuan ere. Baina, datorrena lehengo sistema globalaren berrezarpena baino gehiago berreraikuntza izan beharko da inondik ere. Izan ere globalizazio neoliberalaren ajea bizi izan dugu azken hamarkadan dagoeneko eta, gainera, pandemiak errealitate eta behar eraberrituak ikustarazi ditu.
Nolanahi ere, sistema aldeaniztunaren kontrako oldea geldotuko den arren, eredu berriaren oinarrian lehengo gobernantza hierarkikoa eta elite ekonomikoen meneko jokabideak ez dira ahituko. Baina, hegemoniak zein elite ekonomikoak aldatzen ari dira, errealitate soziala eta ekonomikoa ere oso bestelakoa da eta horrek behar berriak ekarriko ditu nazioarteko ekonomi sistemaren berritxuraketan.
Nazioarteko eraikuntza berri horretan aurreikusten diren lehentasunen artean behar komunetara bideratutako sistema izatea da ardatzetako bat. Klima egonkorra edo biodibertsitatea bezalako ondasun publiko globalen babesa ez ziren aurreikusi II. Mundu Gerra osteko nazioarteko ekonomi ordenuan. 2015 urteko Pariseko klima akordioari atxikitzeko Bidenen asmoa lagungarria da baina ez da berez nahikoa izango, akordioaren mugak zein lehendakari berriak dituen lotura ekonomikoak kontuan hartuta.
Bigarren lehentasuna ekonomi sistema globalaren askotariko polaritatea onartzea da. Beraz, hortik eratorritako gatazkak konpontzeko mekanismoak indarrean jartzea ere ardatz nagusia da testuinguru globalean. II. Mundu Gerraren osteko sistema bipolarretik urrun gaude. AEBen eta Txinaren arteko lehiak nazioarteko harremanak itxuratzen jarraituko du. Baina gerra hotzaren analogia ez da balekoa gaur egungo errealitatea ezaugarritzeko. Orduko bi ekonomi potentzien arteko harreman ekonomikoak hutsaren hurrengoak ziren, sistema bikoitzeko mundua zen. Gaur egun AEBen eta Txinaren arteko lotura eta harreman ekonomikoak oso indartsuak dira merkataritza, finantza zein produkzio arloetan eta globalizatutako sistema bakarreko indar nagusiak dira. Konparaketa egitekotan egokiagoa litzateke 1914 urteko Mundu Gerraren aurreko Britainia Handia eta Alemaniaren arteko lehia indartsua aintzat hartzea lehen globalizazioaren aroan. Horrenbestez, ezusteko ondorioak saiheste aldera gaur egungo sistema globalean instituzio multilateral indartsuak eta demokratikoak ezinbestekoak dira.
Hirugarren lehentasuna sistema ekonomiko globala langile eta herritarrentzat babeserako esparru gisa antolatzea da. Globalizazio neoliberalak sortutako desberdintasunak nazioarteko ekonomi sistemarekiko herritarren mesfidantza eta atxikimendu eza ekarri du. Bestelako erakundeak eta gobernantza behar dira nazioarteko ekonomi sistema bidezkoagoa eta egonkorra izango bada. Nekez aurreikus liteke Bidenen gobernuan berreraikuntzarako hiru ardatz hauek garatzeko grina