Artsakh Errepublikaren txinparta geopolitikoak

«Azerbaijanek Artsakh Errepublika konkistatzen jarraituko balu Moskuk esku hartu beharko luke, Armenia aliatu gisa galdu nahi ez badu. Horrek ez du esanahi errusiar ejertzitoa borrokan sartuko litzatekeenik, baina bai Turkiak egiten duen gauza bera egin dezakeela, hau da, Moskuk Donbasen dagoeneko egin duena: inteligentzia militarra, armamentua eta mertzenarioak erraztu.»

*Asier Blas Mendoza  / ARGIA astekaria

Artsakh Errepublika gehiengo armeniarreko lurraldea da, Azerbaijanek eta Armeniak borrokatzen dutena aspalditik. Eskualdea gehiengo azeriarreko lurraldez inguraturik zegoen enklabe bat zen eta, agian horregatik, sobietarrek probintzia autonomo bezala utzi zuten Azerbaijango Sobietar Errepublika Sozialistaren baitan. Baina behin Sobietar Batasuna desagertuta, Armenia eta Azerbaijan gerra latz batean barneratu ziren.

1994ko su-etenak Armeniaren garaipena kontsolidatu zuen: nazioarteko aitortzarik gabeko Artsakheko Errepublikak ia hirukoiztu egin zuen bere lurraldea Azerbaijani kendutako gehiengo azeriarreko zazpi barrutiei esker, orotara Bakuk bere lurraldearen %20 inguru galdu zuen. Ehunka mila azeriarrek ihes egin zuten Azerbaijanera, atzean utziz armeniarrek segurtasun-uhal bezala izendatu zituzten lurraldeak.

Ordutik tentsio uneak egon diren arren, gatazka izoztua egon zen 2016ko lau eguneko gerra arte. Azken honek 2020an hasi dena iragarri zuen. Azerbaijanek bere gastu militarra asko handitu du gasa eta petrolioari esker aberastu delako.

Horrez gain, Bakuk bere aldeko lau faktore determinante dituela uste du: nazioarteko legediaren babesa, hamar milioiko populazioa armeniar hiru milioiren aurrean, Turkiaren babes osoa (NATOko bigarren ejertzitorik handiena eta ia 85 milioi biztanle) eta Mendebaldearekin aliantza ekonomiko hertsia.

Logikak esango luke Mendebaldeak Azerbaijanen alde egin beharko lukeela, are gehiago, kontutan hartzen badugu Armeniak Errusiaren lidergo pean dauden segurtasun eta ekonomia aliantzetan parte hartzen duela. Baina Mendebaldea ez dago oso eroso autokrazia bat (Azerbaijan) defendatuz dentsitate demokratiko baxuko herrialde baten aurrean (Armenia). Halere, deserosotasunaren motibo nagusia armeniar diaspora da: hamar milioi pertsona inguru ondo antolatuak eta kohesionatuak lobby lana egiteko.

Kontraesanak ez ditu soilik Mendebaldeak, gerra hau buruhauste handi bat izaten ari da Moskurentzat. Alde batetik, Errusiak merkataritza-balantza oso aldekoa du Azerbaijanekin; eta bestalde, Bakurekin duen harremana eredugarria da bere aliatuak ez diren inguruko herrialdeekin: Azerbaijan neutral gisa agertzen da Errusiarekin egon daitezkeen nazioarteko gatazketan eta ez du elikatzen errusofobia.

Turkia, berriz, argi duen potentzia bakarra da, izan ere, azeriarrak hego Kaukasoko turkiarrak bezala defini genitzake era baldarrean. Azerbaijan estatu independente bilakatu zen unetik Ankarak “bi estatu, nazio bat” politika bultzatzen du. Ildo horretan, duda gutxi daude Ankarak gerra honetan jolastu duen paperaz: Azerbaijan animatu, babestu eta ekipamendu militarrarekin eta mertzenarioekin hornitu du.

Zoritxarrez Armeniarentzat realpolitik-ak agintzen du nazioarteko harremanetan. XX. Mende hasierako genozidioan bezala, Mendebaldea ez da etorriko Armenia salbatzera eta esperantza nagusia Errusia da berriro. Halere, Moskuk ez du zuzenean esku hartuko gerran eta ahal duen neurrian bi herrialdeen arteko su-eten egonkor bat lortzen saiatuko da. Lortuko ez balu eta Azerbaijanek Artsakh Errepublika konkistatzen jarraituko balu Moskuk esku hartu beharko luke, Armenia aliatu gisa galdu nahi ez badu. Horrek ez du esanahi errusiar ejertzitoa borrokan sartuko litzatekeenik, baina bai Turkiak egiten duen gauza bera egin dezakeela, hau da, Moskuk Donbasen dagoeneko egin duena: inteligentzia militarra, armamentua eta mertzenarioak erraztu. Agertoki horretara iritsiko bagina, gatazkak dimentsio internazional arriskutsua hartuko luke.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *