*Asier Blas Mendoza / ARGIA astekaria
COVID-19aren aurkako txertoaren lasterketa egungo nazioarteko politikak nola funtzionatzen duen ulertzeko adibide adierazgarria da: lehia da nagusi lankidetza baino, eta borroka hori hedabideetan ematen da nagusiki kontakizun interesatuak fabrikatzeko.
Errusiak Sputnik V txertoa erregistratu bezain laster hedabide eta adituen kritikak era guztietako zalantzak eta salaketak sortzen hasi ziren. Seguruenik horietako batzuk zentzuzkoak ziren, baina zaparrada amaigabea ez zen normala. Halere, ez da harritzekoa kontutan hartzen badugu errusiar iragarpenaren ostean mendebaldeko multinazional farmazeutikoek beherakada handia izan zutela burtsan. Beldurtzeko modukoa da ikustea txertoarekin negoziorako abagune handi bat duzula eta eskuetatik ihes egin ahal dizula errusiar estatuak, proiektu publiko batek, aurre hartu dizulako.
Une horretatik aurrera europar eta iparramerikar txerto proiektuen iragarpenak hasi ziren. AstraZeneca enpresaren proiektua, Oxford unibertsitatearena bezala ere ezaguna bere partaidetzagatik, bandera bilakatu zen. Hemen eta han akordioak sinatzen hasi zen txertoa produzitzeko, frogak egiteko eta saltzeko. Europar Batasunak AstraZenecarekin 300 milioi dosi erosteko akordioa sinatu zuen; kontratuan garbi gelditu zen enpresak ez zuela inolako erantzukizunik izango txertoak izan zitzakeen ondorioengatik. Oihartzun mediatikoa? Izan gaitezen bihozberak: txikia. Antzekoa esan genezake hurrengo asteetan agertu ziren berriez, Mendebaldean txertoen erregistroak azkartu egin ziren errusiar prozedura mimetizatuz, baina kasu honetan begirada positiboa eta itxaropentsua zen. Enpresa farmazeutikoek berriro gora egiten zuten burtsan. AstraZeneca txertoaren entseguak egun batzuez etetea, komunikabideen arabera, bidean harri txiki bat baino ez da izan. Pentsatu une batez hori bera txerto errusiarrari pasatu izan balitzaio zer esango luketen.
Moral bikoitzeko joko honetan uda oparoa izan da. Iranek buruturiko exekuzio batek minutu batzuk izan ditu telebistetan, ostera, ezer gutxi hitz egin dute NATOko kide elkartua den Kolonbiako dozenaka hildakoen inguruan. Minskeko mobilizazioak ikusi ditugu eta telebistek manifestarien aurkako errepresio latzaz hitz egiten dute, nahiz eta ez den hain gogorra izan Frantziako jaka horiak edo Bulgariako manifestariak jasaten ari direnarekin alderatuz. Itxaron, Bulgaria? Bai, NATOko eta EBeko kide honen kaleetan hilabeteak daramatzate protestan Boiko Borisov lehen ministroaren aurka. Baina, horrek ez ditu New York eta Brusela arduratzen, lehen ministro bulgariarra mendebaldar zale amorratua da, Bielorrusiako presidentea ez bezala.
Berri azpimarragarrien artean Montenegroko hauteskundeetako emaitzak aipatu behar dira. 1988tik lehenengo aldiz Milo Đukanović-en alderdia ez da egongo gobernuan. Halere, Đukanovićek presidente izaten jarraituko du. Urte asko daramatzala Lukaxenkok boterean? Gehiago daramatza Milok herrialdea kortijo bat balitz bezala gobernatzen eta aberasten. Ustelkeria, mafiekin harremanak, hauteskunde iruzurrak, jazarpen politikoak eta erlijiosoak, errepresioa… Milori dena barkatzen zaio une batean negozioa egiten jarraitu ahal izateko bere nazionalismo serbiarra utzi eta atlantismoa besarkatu zuelako. Branko Milanović ekonomialari ospetsuak azaldu duen moduan NATOn sartzea “bekatu guztien borragoma” da: “Sarrera ordaintzen duzu eta etorkizunean egin ditzakezun bekatuengatik absoluzioa bezalakoa da”.