Bielorrusia bidegurutzean


Asier Blas Mendoza EHUko irakasllea / BERRIA egunkaria

Sobietar Batasuneko errepublika ohietako Oligarkak pribatizazio prozesuetan aberastu ziren herriaren aktibo ekonomikoak lapurtuz (ia musutruk erosiz). Helburua enpresak saldu edota ixtea zen lantokiek zituzten ondasunak eta lan-tresnak diru bilakatzeko. Ondorioz, sektore produktiboak txikitu eta estatua nabarmen ahuldu zen gangster motako ekonomia neoliberalaren agerpena erraztuz. Pobrezia eta desberdintasun sozioekonomikoak handitu egiten ziren eta bizi-itxaropena eta giza garapena txikitu.

Bielorrusian baina, 1994an Aliaksandr Lukaxenkok hauteskundeak irabazi eta pribatizazioak geratu, kooperatibak eta sektore publikoa berrindartu eta ongizate estatu sobietarra bere horretan mantendu edo berreskuratu zituen; horregatik, Lukaxenko politikari ospetsu eta prestigiotsua bilakatu zen sobietar espazio ohian.

Izan ere, erregimen politikoek ez dute legitimazioa lortzen prozedurengatik, baizik eta emaitzengatik. Horregatik, bielorrusiarrak prest zeuden demokraziarik gabe bizitzeko baldin eta beraien bizilagunek jasandako depresio eta desegituraketa sozioekonomikoa saihestu bazezaketen; horrek eman zion babesa eta legitimazioa Lukaxenkori eta horretan oinarrituta eraiki du nazioaren aita irudia. Azken paper hau betetzeko asmoz edo, Bielorrusiako presidentea sistema geroz eta autoritarioagoa eratzen joan da.

Politika Zientzietan espazio sobietar ohia modernizazio teorien kasu desbideratu gisa ikertu da, izan ere, garapen ekonomiko gehiagok demokrazia gehiago dakarren hipotesia ez da betetzen. Hain zuzen ere, kontrakoa da ikusten duguna. Geroz eta garapen ekonomiko gutxiago orduan eta formalki demokrazia liberal gehiago. Eta badirudi hori ere Bielorrusian konfirmatu daitekeela. Herrialdeak hauteskunde lehiakortasun gehiagorako bidea hasi duela dirudi, hain zuzen ere, bere egoera sozioekonomikoa ahulena den unean.

Lukaxenkoren autoritarismoak ez dauka ideologia argirik, bere mezua egokitzen doa etengabe. Hiru osagai nagusi ditu denboran zehar pisua irabazi edo galdu dutenak beharren arabera: estatu kapitalismoa sobietar elementuetan sustraitua, kontserbadurismoa eta nazionalismo bielorrusiarra. Lehenengoak pisu handia izan zuen 2008ko krisira arte, neoliberalismoak ondoko herrialdeetan burutu zuen triskantzaren aurrean erraz birprestigiotu zen ongizate estatu sobietarra. Horrez gain, iruditeria sobietar sinbolikoak bi aingura garrantzitsu zituen: ekialdeko eslaviarren anaitasun/ahizpatasun ideia eta Gerra Patriotiko Handia. Bielorrusia herrialde independente gisa hartuko bagenu, Bigarren Mundu Gerran hildako portzentaje altuena zuen herrialdea litzateke populazioaren %25 baino gehiagorekin.

Baina XXI. mendean globalizazio prozesua azkartu ahala, Bielorrusiak Europa Ekialdeko merkatuetan zituen posizioak ahulduz joan ziren Mendebaldeko, Txinako eta beste munduko herrialdeetako produktuak zabaldu ahala. Hori gutxi balitz, 2003tik aurrera Europa ekialdeko herrialde batzuk Mendebaldera gerturatzeko koloreetako iraultzak burutu zituzten eta beste batzuk Europar Batasunean integratu ziren. Bielorrusiako ekonomiak geroz eta gehiago errusiako merkatuaren dependentzia zuen eta Lukaxenko hori aldatzeko eta 2008ko krisiari aurre egiteko Mendebaldearekin hasi zen harremanak estutzen: Nazioarteko Diru-Funtsari maileguak eskatu zizkion eta 2009tik aurrera Europar Batasunarekin Ekialdeko Elkartean parte hartzen hasi zen, besteak beste, diru-laguntzak jasotzeko. Honek Minsk eta Moskuren arteko tentsio ziklo bat ireki zuen, 2014an bizkortze oso garrantzitsu bat izan zuena Ukrainako krisiaren harira. Moskuk oso gaizki ikusi zuen Lukaxenkok Ukrainako gobernuarekin lankidetza izateak eta sinbolikoki Mendebaldera nabarmen gerturatu izana.

Ildo berri horretan, Lukaxenkok ordura arte bazterturik zuen bielorrusiera bultzatzen hasi zen eta bere nazionalismoa elementu etnikoekin jantzi zuen. Herriaren aurrean bere estrategia nazioaren independentzia segurtatzea dela dio, azalduz Txinarekin, Mendebaldearekin eta Errusiarekin harremanak garatu behar dituztela dependentziak ekiditeko.

 

 

Arazoa da bielorrusiar ekonomia ahulduak Moskutik datozen lehen gai forma duten subsidioen dependentzia handia duela. Minskek errusiar prezioan erosten ditu lehen gaiak eta gero nazioarteko merkatuetan saltzen ditu prezio internazionaletan. Gauzak horrela, Kremlina aspaldi nekatu da Lukaxenkoz; bereziki azken urte honetan Mendebaldearekin izan duen flirteo amaigabeagatik. Besteak beste, Mike Pompeoren bisita Minskera edo britaniar soldaduekin Bielorrusian buruturiko ariketa militarrak.

Horregatik 2020ko hauteskundeak presidente aldaketa bat gauzatzeko une aproposa izan zitekeela pentsatzen zuten Moskun. Erregimenean hazitako bi hautagai zeuden, horietako batek, Viktor Babarikok, Lukaxenkori irabazteko aukerak zituen. Horrela gertatu balitz, geopolitikan Babarikori Lukaxenkoren mendebalde eta ekialde arteko oreka egitea tokatuko litzaioke, baina seguruenik zalaparta gutxiagorekin. Etxean egungo erregimenaren aurpegia garbitu, modernizatu eta Lukaxenkok hasitako pribatizazioen bidea azkartuko zukeen. Kultura politiko konpartituagatik eta hizkuntzagatik, Moskuk ondo daki pribatizazio horietan errusiar enpresek mokadu ederra lortuko luketela. Baina Babariko preso hartu zuten ustezko finantzaketa ilegalagatik. Beste hautagaia, B plana izan zitekeena, Valery Tsepkalo, lasterketatik bota zuten bere sinaduren erdia baino gehiago indargabetu zituztelako. Tsepkalok, badaezpada, Errusiara egin zuen ihes.

Bi hautagai sistemikoei gertaturikoak haustura bat sortu du erregimena babesten dutenen artean aldaketarako ateak irekiz. Izan ere, mendebaldar zaleak eta neoliberalak gutxiengo bat baino ez dira izan orain arte. Baina beraien hautagai nagusia behin atxilotu zutela, bere emazteak, Svetlana Tikhanovskaiak, Lukaxenkorekin lehiatzea lortu du oposizioko lidergoa bere gain hartuz.

Lukaxenkoren kontrako gehienak ez dira ez mendebaldar zaleak ez eta neoliberalak. Baina, Tikhanovskaiak ordezkatzen duen sektorea protesten abangoardia bilakatu izanak posizio nazionalista mendebaldar zaleak eta neoliberalak indartu egin ditu. Horrez gain, erregimen aldaketa burutzeko Mendebaldeko dirua batez ere gazteen eskuetara iristen da, eta horrek, dudarik gabe, indartu egiten ditu Tikhanovskaiak ordezkatzen duen sektorearen bizitasuna.

Belaunaldi berriek ez dute ezagutu Sobietar Batasuna erori zeneko garaiko kaosa, ez eta ondoko herrialdeek bizi zuten infernua ere. Bai aldiz, azkeneko urteetako dekadentzia leuna baina etengabea. Bitartean, bizilagunek aurrerapen handiak egin dituzte, bereziki Errusiak eta Poloniak.

Azkenean, Lukaxenkok bere politiken emaitzengatik galduko du boterea, lehenago edo beranduago, eta badirudi horrekin batera neoliberalismoa jaun eta jabe izango dela luzarorako. Bielorrusia nahiko urrun dago Latinoamerikako ezkerreko esperientzia gehienek duten erresilentzia gaitasunetik. Egia da lider karismatiko baten elementu komuna dutela, baina Bielorrusian liderraren legitimazioa eta babesa oso hauskorra da elementu ideologikoetan ez dagoelako oinarrituta; horregatik, ez du mugimendu edo alderdi bat izan atzetik, ez du eraiki nahi izan ere. Horrek parez pare irekiko dizkio ateak neoliberalismoari, bigunagoa Lukaxenkoren posizio geopolitikoetan daudenak lortzen badute boterea, edo bortitzagoa mendebaldar zale posizioetan daudenak lortzen badute.

Halere, ez dirudi aldaketa oso azkar iritsiko denik. Lukaxenko ez dute gustuko Mendebaldean, ez eta Errusian ere. Baina haustura iraultzaile bat balego, errusiarrek zeresan handia izango lukete erregimen berriaren jaiotzan eta Mendebaldeak orain sendotu duen posizio nazionalista etniko bielorrusiarra jokoz kanpo gelditu daiteke. Alde horretatik, Mendebaldeak nahiago du posizio berri hori elikatu etorkizunari begira, protesten abangoardia bilakatu izanak ematen duen prestigioa kapitalizatuz eta hegemoniko bilakatzeko partida jolastuz. Errusiak, aldiz, nahiago luke aldaketa iraultzaile bat bainoago erreforma bidea irekitzea bere interesen zaintza seguruago bat izate aldera. Bestela, haustura gogorretik iritsitako posizio errusiar zale batek espektatibetan huts egingo balu (litekeena) mendebaldar zaleen posizioa indartzen jarraituko luke. Horrek ez du esanahi Bielorrusian Ukrainako eskuin muturreko errebisionismoak funtzionatuko lukeenik edota Errusiarekin erabateko haustura iritsiko litzatekeenik. Europar integrazioan gertatzen den bezala, behin prozesuan sartuta marasma horretatik ihes egitea zaila bada, gauza bera gertatzen zaio Bielorrusiari Errusiak gidatzen dituen eurasiar integrazio espazio desberdinetan sartu zenetik.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *