Gregorio Urionaguena EAE-ANVko Eusko Indarra batailoiko kide izan zena Durangon zendu da, 103 urte zituela. Durangoko bondardaketatik ozta-ozta bizirik ateratzea lortu zuen eta, gutxira, Bizkargi menditik bizi izan zuen Gernikaren aurkako aire erasoaldia.
*Naiz
Sortzez abadiñarra bazen ere (Lebario auzoko Ola baserrian jaio zen, 1917an), Durangon bizi zen Gregorio Urionaguena Arriaga, ‘Aitxu’ ezizenarekin ere ezaguna. 103 urterekin zendu da.
Urionaguenak bezala Eusko Gudarostean borrokatu zen edozeinen bizipenak biltzea ez da lan makala, kontatzeko ugari baitzuten eta, gainera, gehienak dagoeneko hilda daudelako.

Testigantza horiek jaso eta gordetzeak memoria historikoaren garrantzia eta balioa gogorarazten digu beste behin ere. Ezer ez dadin galdu eta ezer ez dadin ahanzturan erori.
Urionaguenaren kasuan, ‘Mugalari.info’ atariko zuzendari Iban Gorritik lan mardula egin du haren bizitza xehe-xehe errepasatzeko. Durango 1936 Kultur Elkarteak bildutako hamarka testigantzen artean badago zendu berri den gudari honena ere, hainbat bideotan jasoa.
Urionaguenak, 1937ko martxoaren 31n Durangoko bonbardaketa nola bizi izan zuen kontatzeaz gain (oso gutxigatik atera zen bizirik, tailerrean lanean ari zela entzun baitzituen alerta-kanpaiak), eraso hura nolakoa izan zen xehetasun guztiekin marraztu zuen, aipatu medio digitalak jasotzen duenez.

Egun batzuk geroago, apirilaren 26an, Gernika sutan ikusi zuen Bizkargi mendiaren tontorretik. Sollubetik eta Santo Domingo ingurutik ere aritu zen, Bilbo defendatzen.
Gallartan hartu zuten preso eta hainbat tokitara eraman zuten (Bilbo, Urduña, Palentzia…), tartean faxistentzako lubakiak egitera. Abadiño Udaletik Dibisio Urdinean parte hartzeko deia ere jaso zuen, baina ez zen joan. «Zorionez, boluntarioak baino ez ziren joan», esan zuen.
Bizipen horiez guztiez gain, Durangon pertsona ezaguna zen dantzarekiko zuen pasioagatik eta Andra Mari elizako dorreko erlojua zaintzeaz arduratu izanagatik.