Nazien kontzentrazio esparruetara 600 euskal deportatu baino gehiago eraman zituzten

75 urte beteko dira gaur, Mauthausen askatu zutela. Eusko Jaurlaritzak ikerketa bat plazaratu du naziek gutxienez 253 euskal herritar deportatu zituztela esanez. Zerrenda horri, baina, Iparraldeko euskaldunen izen ugari falta zaizkio, eta ARGIAk egindako kontaketaren arabera 600 baino gehiago lirateke egiaz euskal deportatuak.

Iaz Espainiako Aldizkari Orokorrak Mauthausenen hildako preso errepublikarren zerrenda argitaratu zuen, tartean Hego Euskal Herriko 89 lagunenak ere bai. Baina jakina zen nazien eskuetan eroritako Hegoaldeko biktimak berrehundik gora izan zirela. Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren Gogora Institutuak eskuetan zuen eta orain publiko egin duen ikerketa baten arabera gutxienez “253 euskal herritar” deportatu zituzten –horietatik 113 hil ziren–.
Aintzane Ezenarrok zuzenduriko erakundeak kaleratutako zerrendan, “Euskadin jaio edo bizi ziren, edo erbestean Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuten” deportatuen izenak ageri dira –Nafarroakoak barne–; baina hankamotz geratzen da Euskal Herri osoaren ikuspegitik, Ipar Euskal Herriko biktimak falta baitira euskal herritar deportatuen zifra osora iristeko, datu horiek denon eskura dauden arren.

Mauthausen ondoan zegoen Ebensee zelaia izan zen askatzen azkena, 1945eko maiatzaren 6an, 18.000 lagun pilatu zituzten bertan. Irudian, presoak erizaindegian askapen egunean (arg: USHMM)

ARGIAk Frantziako Deportatuen Oroimenerako Fundazioaren datu basea arakatu du, eta egindako premiazko zenbaketan gutxienez beste 355 euskal herritarren izenak aurkitu ditu bertan. Hortaz, nazien kontzentrazio esparruetara 600 euskal herritar baino gehiago eraman zituztela ondorioztatu daiteke; Gogorak emandakoa askogatik gainditzen du kopuru horrek.

Herri guztietan bada euskal deportatu bat
Baiona, Bokale, Ainhoa, Senpere, Maule, Hendaia, Aldude, Gixune, Altzürukú, Donapaleu… Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako ia herri guztietan bada euskal deportaturik. Frantzia okupatutik nazien bederatzi kontzentrazio esparru nagusietara tren konboietan eramandako zerrendetan daude beren izen abizenak eta jaioterria.
Horietako gehienak, ia ehun, Buchenwaldera eraman zituzten, baina baita Auschwitz, Dachau eta Ravensbrückera ere –azkeneko honetara euskal emakume ugari bideratu zituzten armagintzan esklabo lanak egitera–, ia denak 1943 eta 1945 artean atxilotu zituzten, asko erresistentzian aritzeagatik.

Iparraldeko deportatuek bere garaian aitortza izan zuten Frantziako Estatuaren partetik. Aldiz, Hegoaldekoak ahaztuta egon dira Franco hil eta hamarkada askotan ere. Biktimen elkarteek sarritan eskatu dute argitaratu dadila biktimen zerrenda ofiziala. Gaur egun deportatu horietatik gehienak hilda daude jadanik, eta tamalez, erakunde publikoak berandu datoz.

Jaurlaritzak Mauthausengo askapenaren efemeridea aprobetxatu du datuak publiko egiteko, baina ikerketa Etxahun Galparsoro historialariak urte askotan egindako lanaren emaitza da, Josu Chuecak eta Beñat Iturriozek lagunduta.

Bertatik ondorioztatu daiteke Hegoaldeko deportatu gehienak Mauthausenera eraman zituztela –115 lagun– 1940 eta 1942 artean, eta bi herenek ez zutela bizirik irtetea lortu Austriako kontzentrazio esparru hartatik. Gainera, zerrendan hamar emakume ageri dira –lau hil egin ziren–; horietako batzuk ezagunak zaizkigu, Simonne Lelouch donostiarrarena kasu, judua izateagatik Auschwitzen gaseatua.

 

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *