GERRILLA SOBIETARRA

*D. J. Medvedev / La guerrilla soviética (Aurrera Langileriak euskaratua) 

Borroka moldeen inguruko Nazioarteko Mugimendu Komunistaren praxi iraultzailearen azterketarekin jarraituz, ondare historiko honetatik eta herriek garatzen dituzten borroka forma berrietatik ikasiz egoera bakoitzerako egokienak aurkitzeko asmoz, gerrilla partisauaren gaiari helduko diogu.

Borroka molde gerrillariak erabilpen zabala izan du erresistentzia antifaxista, askapen nazional eta iraultza sozialisten aldeko borroketan, ez soilik herrialde kolonialetan baizik eta baita erdigune inperialistan ere. Zentzu honetan aipatzekoak dira II. Mundu Gerraren testuinguruan garatutako hainbat gerrilla partisau, italiarra adibidez, beste kasu batzuetan antolakuntza-forma jasoagoetara igaroz proletalgoa boterera eramateko gako bihurtuz: bulgariarra, albaniarra (azken hau Sobietar Batasuneko Ejertzito Gorriaren laguntza zuzenik gabe)… eta era berezian nabarmentzekoa da SESBren nazioetako basoetan, nekazal herrixketan baita hirigune industrialetan ere emandakoa.

Boltxebikeek borroka-forma gerrillaria Urriko Iraultza ondorengo 1918-1921 bitarteko errusiar gerra zibil iraultzaile eta esku-sartze inperialistaren aurka ere erabili zuten, baina ez zuen 1941-1945 bitarteko inperialismo nazi-faxistaren aurkako Aberri Gerrate Handian sobietar langile askok etsaiak okupatutako lurraldeetan aurrera eramandakoaren neurria hartu.

Honen berezitasunetako bat Goi-Aginte Militarrak guda “irregularra” guda “erregularrarekin” uztartzeko era izan zen, barne- eta kanpo-borroka era dalektikoan ulertuz, destakamendu gerrillarien jarduna “atzealdean” Ejertzito Gorriaren operazioekin frontean bateratuz.

Gizon-emakume gerrillariek aurrera eramaten zituzten ekintzen artean badira komunikabide, zubi, trenbide, garraio eta abarren leherketak; tropa erregularrei sostengu-ekintzak haien erasoetan; etsaien aurkako segadak; ikuskapen eta espioitza lanak; borrero faxista eta kolaborazionisten exekuzioak… betiere herri langilearen interesak ahalik eta gutxien kaltetuz, hainbat gehiegikeria egon bazen ere.

Honek partisauen antolakuntza, prestauntza eta kontrol politikoaren auzia mahaigaineratu zuen, Alderdi Komunistaren papera erabakigarria izanik. Estatu sozialista sobietarraren inteligentzia zerbitzuen (NKVD) ekarpena ere erabakiorra izan zen, destakamendu gerrillarien gaineko hiruko-agintean parte hartuz, komisario politikoa eta buruzagi militarrarekin batera.

Gerrilla partisauak klandestinitatean jarduten zuen eta herriaren babesari esker egiten zuen bere lana, hau irabazteko propagandaz gain politikoki hezleak ziren ekintzak aurrera eramanez. Hainbesteko hedapena izan zuen mugimendu partisauak ezen hainbat tokitan autoritate sobietarra berrezartzea lortu zuen, komunistak agerian mugitzen ziren zonalde liberatuak sortuz. Era honetan, Behargin eta Nekazarien Ejertzito Gorriak aurrera egin ahala destakamendu gerrillariak honetan sartuz joan ziren, nahiz eta hainbat oraindik banatuta mantendu beren jardun politikoarekin jarraitzeko.

“Desabantaia hauek dira zonalde partisauak beti blokeoaren arriskuan dauden irlak direla. Posiblea da eraztun hau garaileki apurtzea soilik base egonkor bat sortuz, ondoko Estatu lagunei lotua eta sostengatua, (…) Zuek zonalde horiek eta posibleki armada hori ere izango duzue baina hau ez da nahikoa garaipena lortzeko. Partisau-gerra beharginen ekintza iraultzaileekin bateratu beharra daukazue.” Stalinen eztabaidak Indiako Alderdi Komunistaren Erdiguneko Batzordeko ordezkariekin

Berez gerrillaren borroka moldea ez da aski iraultza burutzeko, honetarako masa-mugimendua sustatu eta borroka armatua bere adiera osoan erabili beharra dago hirian eta industriguneetan: greba politikoak, manifestazio armatuak, matxinadak… uztartuz. Beraz “heroi” isolatuen teoriak beztertu behar dira, herri langilearen geruza ahalik eta zabalenak behargin klasearen inguruan bilduz burgesia inperialistaren eta honen sostengu-geruzen aurka, Botere Politikoa eskuratzeko.

“(…) Ekintza terroristen forma hartzen duten ekintza gerrillariak gomendatzen dira gobernuko zapaltzaileen eta ‘zenturia beltzen’ ale aktiboen aurka, baina hurrengo baldintzekin: 1) masa handien gogo-aldartea kontuan hartzea; 2) tokiko behargin-mugimenduaren egoera aintzakotzat hartzea; 3) proletalgoaren indarrak alferrik ez xahutzeaz arduratzea. ” Gerrillen guda – Lenin

Gerrilla antolakunde iraultzailerako beharrezkoak diren arma eta diru-desjabetzeak burutzeko, mugimenduaren autodefentsarako edota militanteak borroka militarrean trebatzeko baliagarria izateaz gain, etsaien botere-egiturak kaltetzeko xedeaz hauen morroien deuseztatze fisikoak gauzatzeko balio du, betiere langileria desantolatzen duen ikaraz desberdinduz.

“Ohiko iritzia deskribatzen ari garen borrokari buruz, hurrengora murrizten da: hau anarkismoa da, blankismoa, terrorismo zaharra, beharginak adoregabetzen dituzten banako isolatuen ekintzak, haiengatik biztanleriaren zirkulu zabalak aldentzen dituztenak, mugimendua desantolatu eta iraultza kaltetzen dutenak.(…)

Baina ikusten dudanean sozialdemokraziaren teoriko edo publizista batek, prestakuntza falta hau deitoratzen ez duela, baizik eta handikeria harroaz eta berotasun nartzizistaz bere gaztaroan anarkismoari, blankismoari eta terrorismoari buruz ikasitako esaldiak errepikatzen dituela, bihozmin handia eragiten dit munduko doktrinarik iraultzaileena halako eran beheratzea ikusteak.”
Gerrillen guda – Lenin

Berrikustzaileak, alta, beti saiatu izan dira izkutatzen faxista, atzerakoi eta Estatu burgesen errepresio kontra-iraultzailearen aurrean borroka ilegala dela garaipenerako bermerik onena, nahiz eta legalitatea ahal den bezainbeste erabili behar den. Honetarako euskarri materialak prestatu behar ditu mugimendu iraultzaileak, kontuan izanda aurreikusteko modukoa dela iraultza guda zibila bilakatzea, herri-gudaren forma hartzera iritsi daitekeena, gerrillak funtsezko zeregina izanik.

“Ondorioz, halako garai batean guztiz natural eta saihestezina da, nazio mailako greba politikoen garaian, matxinadak ezin du ekite isolatuen molde zaharra hartu, denbora zati oso motz eta eremu oso txikira murriztua. Guztiz natural eta saihestezina da matxinadak guda zibil luze, eta herrialde osoa hatzen duen, baten molde jasoago eta korapilatsuagoak hartzea, hots, herriaren bi zatien arteko borroka armatuarena. Halako gerra ezin da ulertu gudu handi gutxien serie gisa baino, batak besteetatik tarte erlatiboki handiez zatituak eta tarte horietan zehar emandako topaketa txikien kopurua handia izanik.”
Gerrillen guda – Lenin

Hurrengo lerroetan naziek okupatutako Ukrainako erresistentzia klandestinoaren inguruko D. J. Medvedev Sobietar Batasuneko Heroiaren “Gerrilla sobietarra” lan autobiografikoaren hainbat pasarte dakarzkigu:

“(…)
Jarraian irakurri genuen Bulba eta haren aldekoek Hitler-i beren aberrian urrezko oroitarri bat eraiki nahi ziotela, oraindik bizian, Branau-ko hirian. Ez genuen irakurtzen jarraitu nahi izan.

Nahikoa zen soilik herri ukrainarraren boterea irudiztatzea, bere Estatuaren sendotasuna: Ukrainako Errepublika Sozialista Sobietarra, denek argi ikusteko zein bidelapur talde hutsala ziren nazionalistak, baioneta germaniarretan bakarrik oinarritzen zirenak. Ez zegoen dudarik, etorkizun hurbil batean, eta behin baino gehiagotan, traidore hauei aurre egin beharko geniela.

(…) Banda hauek ez ziren oso ugariak, baina ondo armatuta zeuden. Fusil automatikoak, fusil germaniarrak eta ekipo germaniarrak zituzten. Gerra zibilaren garaiak gogoratu nituen, Ukrainan borrokatzeko aukera izan nuenean, halako traidoreekin aurkituz. Orduan Petliura-koak, Majno-koak, lurjabeen kumeak ziren, burgesiak Errepublika Sobietar gaztearen aurkako borrokan erabiltzen zituena. Banda hauek garai hartan hiru milatik bost milarako gizaseme zituen bakoitzak. Baina gure destakamenduak, laurehun edo bostehun borrokalari izanda ere, arrakastaz garaitzen zituzten. Gaurko bidelapurrekin gauza askoz ere errazagoa da, ez soilik gutxi zirelako, baizik eta beldurrean haien aurretikoak gainditzen zituztelako.

Faxistek bazekiten zein liskargile mota ziren hauek. Haien zigor-destakamenduetara txertatu zituzten nazionalisten bandak ausartak ziren gauza biztanle baketsuak zigortzera, harrapaketara eta suteetara mugatzen zen tokian soilik. Baina gerrillariekin borroka hasi behar zuten unean, lehen tiroetara bidelapurrez osatutako “tropek” deabruak harturik egiten zuten ihes.

(…) Strutinski-ren kontaerak beste behin baieztatu zuen Bulba, Bandera eta beste ataman bidelapurren propaganda biztanleriaren artean ez zela porrota soilik, baizik eta aurkako mugimendua eragiten zuela. Atamanak betirako geratu ziren agerian biztanleriaren begietara faxista germaniarren zerbitzari gisa. Egunero altxatzen ziren nekazarien masa berriak inbasoreen eta nazionalista traidoreen aurkako borrokara.

(…)
Destakamenduan sartzen ziren gerrillariek prestakuntza militarra hogei egunerako kalkulatutako programa baten arabera egiten zuten. Programa benetako eskola batean bezala zegoen antolatuta: martxa egitera, borroka-taktika basoan eta arma ezberdinen erabilera irakasten zen. Gero batzorde batek azterketa egiten zien. Gehiengoak “ongi” eta “bikain” notekin amaitzen zuen ikasketa.

Aberri Gerrate Handiaren fronteen eguneroko albistegiek, irratiz jaso eta herrixketan zabaltzen genituenak, biztanleriaren sinesmena mantentzen zuten Ejertzito Gorriaren garaipenean.
(…)

Ez genuen kilometro bat ibiltzeko denbora izan gure zutabearen atzeguardiako zaintzak gizon susmagarri bat geldiarazi zuela jakinarazi zuenean. Zaldian lauoinka zijoan. Soldaduak ikusterakoan haiengana hurbildu zen:
– Non aurkitu daiteke polizia-burua?
– Zertarako behar duzu? – itaundu zioten gerrillariek.
– Nire etxera duela gutxi hiru gazte etorri dira eta germaniarrei buruz galdetu dute. Gerrillariak ziruditen. Hareaka joan dira!

Atxilotuan patatak hartu genizkion basozain bera ezagutu genuen.
Galdeketan Jabnoe-ko barrutiko erdigunera zijoala onartu zuen, zigor-destakamenduari gerrillarien agerpena helarazteko. Ordainsari bat jasotzea espero zuen bere traizioagatik. Zaharrak bere garaian epaitegi sobietar batek delitu komun batengatik auzipetu zuela onartu zuen.

– Fusila ezazue! – izan zen destakamendu osoaren ahobatezko nahia. Eta burutu genuen.

(…)
Hasieratik ados jarri ginen gure jokaera herrixkan tatxarik gabekoa izango zela, gutako bakoitza Botere sobietarraren ordezkari bat zela hemen, eta ondorioz diziplina-, elkartasun- eta laguntasun-, jendearekiko adeitasun- eta eguneroko bizitzan hezibide-eredu izan behar zuela. Biraoak zorroztasunez jazartzen genituen, “anabasa” usaina zuen oro erauzten genuen.

(…) – Gure destakamenduan onartzen ditugu, baina gogoratu: gure diziplina zorrotza da. Buruzagiaren agindua legea da. Hutsegiteengatik zehapenak, zigorrak baita fusilatzea ere dago. Edari alkoholikoak debekatuta daude. Karta-jokoa debekatuta dago. Debekatuta dago biztanleriaren edozer gauza hartzea eta hartaz jabetzea. Lapurtzeagatik, fusilatzea. Traidoreei konfiskatzen zaizkien gauzak destakamenduaren Intendentzia-sekzioan ematen dira eta Agintaritzaren iritziaren arabera banatzen dira. Ezta tabakoaz ere ezin zarete jabetu… kontuan izan! – ohartarazi zuen keinu irmoz. – Hemen ez dago eta ez da egongo desantolatzerik. Hemen denok gara soldaduak eta gure betebeharrarekin sakratuki betetzen dugu, horrela baitio Konstituzioaren ehun eta hogeita hamahiru artikuluak Aberriaren defentsaren inguruan…

– Zer gertatuko da armamentuarekin? – galdetu zuen norbaitek formaziotik.
– Zerbait galdetu nahi al duzu? – Stejov ahotsarengana itzuli zen. – Lehenik baimena eskatu… Esan behar duzuna da: “Utzidazu zurekin mintzatzen, buru politiko burkidea…”

– Utzidazu zurekin mintzatzen, buru politiko burkidea!
– Hitz egin!
– Nola dago armamentuaren auzia? Emango al diguzue?
Stejov-ek armengatik galdetu zuen borrokalariari momentu batez begiratu zuen isilean, eta erantzun zion:
– Zuenak galdu zenituzten? Lortu beste batzuk borrokaldian!

(…)
Gure destakamenduaren indarrekin soilik jardun izan bagenu ez genuke ezer egin ahal izango, oso laster gelditu edo deuseztatu ere egingo gintuzten. Biztanleria gure laguntzaile eta zaindari fidela zen. Borrokaren etapa guztietan sostengu irmo eta ziurra zen etsaiaren atzeguardian.

Nekazariek gogo onez partekatzen zituzten gurekin haien gordekin xumeak. Herrixka osoek jasotzen zituzten elikagaiak guretzat: ogia eta barazkiak. Herrixka handietan gure zaintza-postuak zeuden, zortzi edo hamar gerrillariez osatutakoak. Biztanleek postu hauei “komandantziak” deitzen zieten, eta hara eramaten zuten gerrillarientzako janaria. Kanpamenduaren kokalekua isilpean mantentzen genuen.

(…) Baserri eta herrixketan, maiz joaten ginenetara, nekazariek inbasoreei elikagaiak emateari utzi zioten. Eskualde honetan gure agerpena baino lehen, etsaiak, nazionalistez lagunduta, aski erraz lortzen zuen “hornikuntza” burutzea. Orain, faxistak hara sartzen zirenean, suarekin hartzen zituzten enboskadetatik.

(…) Esploratzaileek informatu zuten egun batzuk lehenago, bideetako batean, kanpamendutik hogei kilometrora, jende ezezagunak esnekiak zeraman etsaiaren konboi bat eraso zuela. Faxistak hil zituzten eta produktuak nekazarien artean banatu zituzten.

“Ziurrenik gure esploratzaileetako batzuk izango dira”, pentsatu nuen. Burkideei galdetu nien, baina inork ez zekien ezer. Egun batzuk barru beste albiste bat: errepide orokorrean automobil germaniar bat geldiarazi zuten. Komandante bat, eskualdeko gendarmeriaren burua, eta bi soldaduz lagunduta bidaiatzen ziren. Bost nekazari zeramaten esku eta hankaz lotuta. Ezezagunek gendarmeriaren burua eta soldaduak fusilatu zituzten eta nekazariak askatu zituzten.

(…) Egunetik egunera areagotzen zen biztanleriaren erresistentzia inbasore germaniarren aurka. Orduan, Erich Koch-en aginduz, Germaniatik jasota, inbasoreek ohiz kanpoko zigor-neurriak jarri zituzten praktikan. Gerrillarien eta bertako biztanleriaren aurkako borrokarako abiazio berezia bidali zen. Eskuadrila osoak hasi ziren basoen eta herri baketsuen gain hegan egiten, bonbardaketa gupidagabeen xede bilakatuz.

(…)
– Dirudienez, hitleriarrek uste dute Rovno-n, frontetik mila bostehun kilometrotara, lasaiago egongo direla. Mendebaldeko Ukraina baita, horrela esan badaiteke, gure sendi sobietar handiaren ahizpa txikia. Ez urte bat, ez bi, baizik eta urte asko egon da atzerrian. Hemen denbora luzez austriarrek agindu zuten, eta lehen mundu gerraren ostean jaun poloniarrek. Kulak-a, aurreko lurjabeak eta haien morroiak mantendu dira; Petliura-ren aldekoen, nazionalista burgesen eta gure aberriaren beste etsai amorratuen hondarrak mantendu ziren. Jende hau, bere izaera doilorrari leial, hitleriarrak zerbitzatzen dituzte orain. Horregatik Koch gobernadoreak nahiago du Rovno-n egon eta ez Kiev-en. Baina hemen ere ez du lasaitasunaz gozatu behar!…

(…) Funtsean, zer gertatu zen? Koch-en aurka tirokatzeko prestatu zen, baina hau ez zen desfilera bertaratu. Bere tiroa masen ekintza erabakigarri baten, buruzagi faxisten aurkako mendeku egintza baten, hasierako seinale gisa balio behar zuen. Hau ez zen gertatu. Bere buruaren sakrifiziorako prest zegoen, gutun bat ere idatzi zuen destakamendura hiltzeko kasuan. Baina ez zen ezer beharrezkoa izan. Eta Kuznetzov-i ezintasunak eta bakartasunak itogarriki bahitu zion.

(…) Jagoletza hau, edo klandestinitateko kideek deitzen zuten bezala, “Koch-en ehiza”, egiatan ehizaren antza zuen zerbait zen. Jagoletzakoen pazientzia, beren kontzentrazio bizia, eta nagusiki, arnasari eutsiz gobernadorearen agertzea, Ukrainako borrero faxista nagusia, itxaroten zuten arreta eta irrika, pizti baten gordelekua setiatu zuten ehiztarien jarrera gogorarazten zuen. Klandestinitateko ezein kidean ez zen arreta eta irrika hau Potzeluev-en bezainbesteko indarraz adierazi. Gizon gazte, suhar eta kementsu hau operazio aktiboak aurrera eraman behar ziren leku orotan aurkitzen zen. Sinpleki, ezin zuen halako aukerak pasatzen utzi. Valenkis-en fabrikako laneguna bukatu bezain laster, Potzeluev mugitzen zen bere “raid”-a egitera, hiriko kaleetan zeharreko bere ibilaldietara deitzen zion bezala. Ezin esan leike Nikolai Potzeluev-ek lehentasunak zituenik. Maila berean gorrotatzen zuen hala kapitaina nola lerroetako soldadua; bata ala bestea bere eskuetan erortzen baziren, esaten den moduan, biziarekin ordaintzen zuten. Gizon gazte baina jasankor honek etsaiarekiko sentitzen zuen gorrotoak ez zuen mugarik. Ezerk ez zuen gelditzen.

Behin bizikletan zijoan bere ohiko “raid”-ean. Hiria ilunsenti leunean erdi lo zegoen. Ertz batean Potzeluev-ek ofizial faxista bat ikusi zuen. Hau bere motozikletarekin zebilen lanpetuta. Potzeluev-ek behatu zuen: inguruan ez zen arimarik ikusten. Ofizialaren pausu batzuetara ibilgailuaz jaitsi zen eta bere ondora eraman zuen. Motozikletaren parera iritsi zenean, pistola atera zuen eta tiro batez faxista hil zuen. Gero bere arma hartu zuen, bizikletan igo zen eta aurrera jarraitu zuen, bere ibilbidetik.

Novak-ek ez zuen Potzeluev-en jarduera hau asko onesten; anarkista deitzen zion txantxetan, eta batzuetan serioski haserretzen zen zuhurtziagabeegia zenean. Horregatik Potzeluev-ek nahiago zuen bere abenturak ez kontatu. Baina denek ezagutzen zuten egunetik egunera, era lasai eta sinplean, ezer gertatuko ez balitz bezala, inbasoreak hiltzen zituela.

(…) Koch Rovno-ra tren blindatu batean iristekotan, Lutz-ek eztanda elektrikoko mina ipini zuen trenbidean, valenkis-en fabrikatik gertu. Egun eta gauez jarraitzen zuen klandestinitateko kideen jagoletza fabrikan ipinitako interruptoretik gertu. Koch hegazkinez iristen bazen, beste mina berdin batek itxaroten zion errepidean, aerodromotik gertu.

(…)
Kravchuk Grushvitza-tik honera zetorren lehen eguna zen. Han talde klandestino bat zeukan, hamabi pertsona, denak komsomol-ak. Alderdiko kide zen Polonia jaunen jabetza zen garaietatik; klandestinitateko kide zaharra, erraztasun eta abileziaz antolatu zuen lana, fusilak lortu zituen, granadak, eta metrailadore bat ere. Bere taldearekin ez zituen erdiguneko misioak betetzen soilik, bazik eta asko egiten zuten euren kabuz. Honela suntsitu zituzten Grushvitza-ko enpresa germaniarraren olio-errotak.

(…) Potzeluev-en proposamena alaitasunez jaso zuen. Bandera, Bulba eta beste batzuen hogei handiputz deuseztatzea berarentzat zen, beharbada, ordura arte aurrera eraman zuen erakargarriena. Hala ere, ez zuen ezagutzen buruzagien iritzia bere parte hartzeari buruz. Berehala Grushvitza-ra bueltatu zedin galdegin zezaketen. Potzeluev-ek Lutz eta Novak-en onespena jakinarazi zionean lasaitasunez egin zuen arnas. Ez zen Novak bisitatzera erabaki ez konspirazio-arrazoiengatik, azken unean larritu zelako baizik.

(…) Lista honetatik erori zen lehena Jmara ezizeneko nazionalista izan zen, es-be “segurtasun zerbitzuko” buruetako bat, espioia, ahaikaria eta borreroa. Duela asko Potzeluev-ek bere etxea zelatatzen zuen, bere bizkartzainek zaindutakoa. Potzeluev-ek Novak bisitatu zuen eta Kravchuk-ek trenbidean itxaroten zion gau berean, biak etxe honetara iritsi ziren, pareko atarian sartu ziren eta Jmara agertu zenean bi granada jaurti zioten.

Potzeluev-en lehen bulkada lasterrari ematea izan zen. Horrela egin zuen ordura arte antzeko kasuetan eta ondo atera zen. Baina Kravchuk zuhurragoa izan zen. “Goazen gora!” agindu zuen, Potzeluev eskutik hartu zuen eta honek jarraitu zion. Eskaileretatik egin zuten korrika.

Goian jada, ganbaran, non zailtasunez sartu ziren eta gaua igaro behar zuten, Kravchuk damutu zen:

– Ez al da gehiegi bi granada bakar batentzako? Izan gaitezen ekonomikoagoak…
Hurrengo egunean pistolak ipini zituzten martxan, eta arrakastaz: bi izen gehiago zirriborratu ziren Potzeluev-en listatik.

Honela, egunetik egunera, Kravchuk eta Potzeluev-ek, era antolatu eta metodikoan, buruzagi nazionalistak jarraitu eta akabatu zituzten. Haietako hemeretzik merezitako zigorra jaso zuten beren ankerkeriengatik. Eta kopuru hau handiagoa izango zen Novak-en agindu oso zorrotz batengatik izan ez balitz, agindua betez Potzeluev hemeretzigarrenean gelditu baitzen eta Kravchuk Grushvitza-ra abiatu zen.

Aginduak funtsezko oinarriak zituen: Potzeluev jarraitzen hasi ziren.
Hainbat egun igarota hitleriarren errepresio krudela ezagutu zen Grushvitza-ko taldearen aurka. Herrixkan kanpaina-gendarmeria sartu zen. Kravchuk eta bere burkideak atxilotuak izan ziren. Hitleriarrek plazara atera zituzten, biztanleria bertaratzera behartu zuten eta haien aurrean komsomol guztiak labanaz garbitu zituzten. Kravchuk-i begiak atera zizkioten hil baino lehen…

(…)
Bi egunetara Polikarpo Vozniuk bueltatu zen. Oso asaldatuta zegoen. Rovno-n jakin zuen guztiaz arrapaladan eman zuen berri eta gertatu zitzaiona kontatu zuen. Mutiko ezagun bat aurkitu zuen, salerosketa-etxe batean lan egiten zuena. Azken honek salerosketa-etxean egunero Gestapo-ko agente bat agertzen zela kontatu zion Vozniuk-i. Vozniuk jagoletzan egon zen bi egunez dendako atean burkideak kalez jantzita sartu berri zen Gestapo-ko agentea erakutsi zion arte. Asko pentsatu gabe, Vozniuk-ek hainbat aldiz tirokatu zuen agentaren gain, hil eta ihes egin zuen. Karriketatik korrika bi ofizial hitleriar zeraman turismo batekin behaztopa egin zuen; bi esku-granada jaurti zituen automobilaren aurka, patio batetik alde egin zuen, hesitik jauzi eta zorionez ezkutatu zen. Turismoan zein motako faxistak zijoazten galdetu genionean, Vozniuk-ek ezin izan zuen erantzun. Oraindik ez zituen graduazioak bereizten.

Behin hau kontatuta, Vozniuk-ek irri egin zuen. Bere kontakizuna bitartean barre egitera jotzen zuela ikusi nuen, baina eusten ziola. Gure laudorioa espero zuen.
Laudorioen ordez, Vozniuk-ek, bere sorpresarako, errieta jaso zuen. Lukin-ek gaitzezpen-eitez begiratu zuen eta ahots apalez, poliki, esan zion:

– Nork bultzatu zintuen hori egitera, txoriburu halakoa? Kaleetatik isilean paseatzeko izan zinen bildalia, ikusteko Gestapo-a non dagoen eta non dauden beste instituzio germaniarrak, eta era berean bueltatzeko. Eta zuk ez zenuen soilik misioa bete gabe utzi, baizik eta gainera hirian beharrezkoa ez den izua sortu zenuen! Bertan poliziaren araketak hasiko dira orain, bakoitza edozein txikikeriagatik gogaituko dute. Eta Gestapo-aren edozein agente doilorragatik gure jendeak jasan ditzazke ondorioak. A zer nolako heroia atera zaren!

– Nola ez hil, gizatxar horiek?- egin zuen oihu Vozniuk-ek, zer egin ez zekiela- Orduan zer gerrillari mota gara gu?

Elkarrizketara Valentin Semenov bertaratu zen. Isilik zegoen eta Vozniuk-i aurpegiratzen genion guztia entzun zuen, baina gero bere aldetik gehitu zuen ohiko doinu adarjolean:

– Orduan zer, zalaparta egingo dugu, anaia?
Harek sorbaldak jaso zituen.

– Eh, hi, zalapartari!

Honela geratu zitzaion Vozniuk-i Zalapartari ezizena. Vozniuk-ek, dirudienez, denbora luzean ez zuen ulertu zertan egin zuen huts eta zergatik ohartarazi zuten horrela. Bere izaera sutsuak, zinez iskanbilatsuak, operazio aktiboetara jotzen zuen.

(…)
Ohiko eran, Prijodko furgoian zijoan herriko biztanle bat izango balitz bezala. Veliki Zhiten herrixkan feldgendarme eta polizien pikete batek geldiarazi zuen.

– Geldi! Zer daramazu hor?

Gendarme batek dokumentazioa egiaztatu zuen, oraingoan ere susmorik sortu ez zuena.

– Bidea jarraitu dezakezu.

Baina traidoreetako batek gurdia miatzea erabaki zuen, badaezpada ere. Belar onduaren azpian metraileta eta tankeen aurkako granadak gordeta zeramatzan.

– Zer dago hemen ikusteko? – saiatu zen eragozten Prijodko. Baina traidoreak jada eskua belar onduan sartuta zuen.

Orduan Prijodko-k metraileta hartu zuen eta tiro-sorta luze batez hainbat etsai bota zituen. Gainerakoek etxe baten ertzaren atzera egin zuten korrika eta su egin zuten.

Ezkerreko sorbaldan zauritu zuten Prijodko. Eskubiko eskuarekin zaldiak astindu zituen.

Baina bidera, nahita bezala, kamioi bat zijoan gendarmeekin. Azken hauek kaskoak, fusilak eta metrailadore mugikorrak zeramatzaten, su egiteko prestatuak eta Prijodko-ren aurka egin zuten tiro martxan.

Bigarren aldiz zaurituta, furgoia utzi zuen eta arekara egin zuen jauzi. Tiro-sorta luze bat egin zuen gendarmeen aurka. Hainbat gorpu erori ziren kamioiaren kutxatik errepidera.

Borroka ez-pareko bat hasi zen. Larriki zaurituta, Prijodko-k indarrak galtzen hasi zen arte tirokatzen jarraitu zuen. Orduan tankeen aurkako granada bat hartu zuen, paketera lotu zuen eta gendarmeak bildu ziren tokira jaurti zuen. Eztanda bat entzun zen.

Azkeneko bala bihotzean tirokatu zuen Prijodko-k.
Gendarmeak tentuz herrestatu ziren gerrillariarengana, argi eta garbi hurbiltzera erabaki gabe eta orain ere beldur izanez, hilda zegoenean ere.

(…)
Hau zen Terenti Fedorovich Novak-ek bere bizitzan klandestinitatean lan egiten zuen bigarren aldia. Hamazazpi urterekin hasi zuen bere iraultzaile eta borrokalari bizitza jaun poloniarrek bere jaioterria, mendebaldeko Ukraina, oinperatzen zuten zapalkuntza sozial eta nazionalaren aurka. Komsomol-en lerroetatik, Novak alderdiaren lankide heldu batean bihurtu zen klandestinitatean, Volin-eko Alderdi Komunistaren eskualde-batzordeko kidea, mendebaldeko Ukrainan. 1938an polizia poloniarrak atxilotu zuen eta hogeita hamaika urteko kartzela-zigorrera kondenatuta. Ejertzito Gorriaren heltzeak askatu zuen eta bizi berri eta aske baten zoriona eman zion.

(…) Hurrengo egunean, ilunabarrean, bi sekzioak destakamendura bueltatu ziren, eta Semenov-ek Novak zaintza-postura zoriontsu iritsi zela informatu zuen. Hitz hauen zentzua –“zoriontsu iritsi zen”- hurrengoa zen: Semenov-ek, eremu hau oso ondo ikasia zuena, enboskada inguratzea eta aldi berean bi aldeetatik erasotzea lortu zuen. Gerrillarien operazio trebeak,beren presio adoretsu eta orekatuak azkar batean erabaki zuen operazioaren emaitza: enboskada, gerrillariak likidatzeko prestatzen zena, ia guztiz suntsitua izan zen. Terenti Fedorovich-ek parterik aktiboena hartu zuen operazioan. Borrokaldi honek aparteko gogo eta asaldura piztu zuen beregan. Ibilbidearen bigarren zatian ezinezkoa egin zitzaion lasaitzea, pozik epaituz gerrillariekin borrokaldiko xehetasunak. Dirudienez, egonaldia destakamenduan eta parte hartzea borrokaldi gerrillari batean entrenamendu on gisa balio izan zion. Aldi berean ezagutza honek sakonki poztu eta adoretu gintuen gu ere. Guztiz argi zegoen antolakunde klandestinoaren agintean buruzagi adimentsu, trebatu eta ausart bat zegoela, ideal komunista jaso bateko gizona, zeinarengatik guztiz eman zen herriaren kausara.

(…)
Karapetian esploratzailea hainbat alditan lekualdatu zen Rovno-ra. Gerra-atxilo ohia zen eta 1943ko hasieran sartu zen destakamenduan. Misioak ondo betetzen zituen eta ez zegoen oinarririk Rovno-ra bidaltzen eteteko. Hirian normalean konspirazio-pisuetako batean gelditzen zen, non Ejertzito Gorriko lotinant baten emaztea bizi zen bi umerekin. Behin batean Karapetian pisu honetara mozkorra iritsi zen. Bertan bi ezezagun zeuden. Haien egotearen aurrean larritu gabe, munduan zegoen guztia ahaztuz, harropuzten hasi zen:

– Badakizue zuek nor naizen ni? Ni gizon arriskutsua naiz faxistentzat!
Etxeko jabeak, ezezagunen bizkarretara, keinuak egiten zizkion Karapetian-i: “Isildu zaitez, mesedez!”

– Badakit, isildu zaitez zu! – erantzun zuen Karapetian-ek. – Ez naute esku-hutsik harrapatuko. Etor hadi! – eta soinean zeraman errebolberra eta granadak erakutsi zituen.

Ezezagunek aditu zuten eta, presaka agurtuz, alde egin zuten.

– Zer egin duzu? – jo zion eskuekin etxeko jabeak. – Agenteak ziren! Ihes egin azkar!

Karapetian-i mozkorraldia kendu zitzaion berehala, patiora jausi eta ezkutatu zen.
Kanpamenduan ez zigun gertatutakoaz ezer esan eta egun bat geroago berriro izan zen Rovno-ra bidalia. Baina orduan Nikolai Strutinski-k, pisu hori ere erabiltzen zuenak, hiritik iritsi zen jabea eta bere semeak Gestapo-ak eraman zituela esanez.

Karapetian segituan izan zen Rovno-tik deitua eta Estatu Nagusian itaundua. Dena onartu zuen. Ezinezkoa zen traizio hau barkatzea. Destakamenduaren Agintearen erabakiz fusilatu zuten.

Traizio-egintza honen ondorioak penagarrietarikoak izan ziren. Gainera, bilera klandestinoetarako etxebizitza ziurrenetako bat galdu zen, eta bere jabea, emakume sobietar zintzo eta leiala, bere semeekin batera, Gestapo-ra eraman zuten, non heriotza ziurra itxaroten zien.

(…)
Txalupa errekaren beste aldean zegoen. Olia ontzi-zaina deitzen hasi zen. Ezagutzen zuen. Baina ontzi-zainaren ordez gizon armatu batzuk hasi ziren jaisten. “Traidoreak”, pentsatu zuen Olia-k. Eskua poltsikoan sartu zuen eta pistola hartu zuen; bere bizia garesti saltzeko prest zegoen jada ustekabeko zerbait gertatu zenean, bere kontzientziara berehala iritsi ez zena: hainbat metraileta tiro-sorta entzun ziren eta errekara hurbiltzen ziren traidoreetako batzuk erori ziren; gainontzekoak lasterrari eman zioten ibaiertzean zehar.

“Hurra! Hurra!” iritsi zen Olia-rengana. “Geuretakoak, geuretakoak, geuretakoak!” igarri zuen neskatoak eta, pistola ateraz, kargadore osoa tirokatu zuen ihesean zijoazen traidoreen aurka.

Hamar minutu barru, Olia beste ertzean zegoen jada bere laguntzaileekin eta kanpamendura zijoan burkideez inguratuta.

(…)
Krutikov-ek ez zuen atxiki eta bere bidea jarraitu zuen. Horrela jakin genuen gure lerroetan traidore bat zegoela.

Hiriko esploratzaileek edozein baliabidez Naumeko aurkitzeko eta paretik kentzeko ahal den guztia egiteko agindua jaso zuten.

(…) Behinola, gauez, Gestapo-ak etxea inguratu zuen. Bere jabea konturatzen lehena izan zen eta esploratzaileak esnatu zituen.

(…) Kulikov eta Galuzo presaka babestu ziren denbora horretan, ateak eta leihoak altzariekin estaliz. Gestapo-ko agenteak aterantz aurrera egiten hasi ziren. Gerrillariek su egin zuten leihoetatik. Borrokaldi latz bat hasi zen.

(…) Munizioak eta esku-granadak agortu zirenean, Vasili Galuzo eta Nikolai Kulikov-ek dokumentuak suntsitu zituzten. Sei orduetako borrokaldi baten eta hogei soldadu galdu ostean, Gestapo-ak bi hilotz hartu zituen “gatibu”. Antonina Vasileva ere ezin izan zen salbatu. Atxilotu eta krudelki torturatu zuten, hortzak atera eta ileak erauzi zizkioten. Itaunketan Naumenko egon zen, torturetan parte hartu zuena. Antonina Vasileva-k ez zuen hitzik ere esan. Itaunketa baten ondoren fusilatu zuten.

(…)
Lokomotorak enboskadaren lerroa igaro zuenean eta Malikov aurkitzen zen altuerara iritsi zenean, honek minaren kabletik tiratu zuen, eztanda egin zuena; lokomotora inarrosi eta gelditu zen; bagoiek txatar nahasketa bat osatu zuten, atzekoak aurrekoen gainean pilatu ziren, zanpatuz eta birrinduz.

Faxistak osorik gelditu ziren bagoietatik jauzi egiten hasi ziren.

– Sua! – agindu zuen Stejov-ek.

Bere ahotsa entzuten utzi zuen lehena gerrillarien kalibre handiko metrailadorea izan zen, behea jo zuen hegazkinetik ateratakoa eta bi gurpildun kokagune berezi baten gainean ipinitakoa. Balek lokomotorako galdara baheztatu zuten. Jarraian metrailadoreko kanoiak lerro zuzenean tiro egin zuen bagoiei. Bere sua fusil automatikoen tiroek betetzen zuten.

Konboiaren tiroketak berrogei minutu inguru iraun zuen. Malikov-ek ikusi zuen bagoi batetik ateratako ofizial batek algaraka barre egiten zuela: beldurraz erotu zen.

(…)
Lionia-k Zdolbunov-eko burkideei eraman zizkien minek galera handiak sortu zizkieten hitleriarrei. Hauek Ekialdeko frontera zuzentzen ziren lokomotoren galdaren azpian, erregai-deposituen azpian, konboien bagoien azpian agertu ziren. Eztandak ibilbidean zehar ematen ziren, Zdolbunov-eko geltokitik laurogei ordurako bidean. Sabotaiaren emaitzen inguruko informeak trenen brigaden bitartez iristen zitzaizkien konspiratzaileei. Bagoien arduradunek kontatzen zuten “nola jakin gabe”, tupustean eta ziztu bizian lokomotoraren galdara edo gasolinadun zisternak eztanda egiten zuela eta orduan konboi osoa sutan erretzen zela.

Krasnogolovetz-ek ezkutatzeko zaila zen zirraraz entzuten zituen kontakizun hauek. Adineko gizona zen, bere bizitzan asko ikusi zuena; orduak eta orduak igarotzen zituen geltokian ekialdeko tren baten zain eta ezin zuen alde egin sabotaiaren emaitzen berri izan arte. Emaitzak bere begiekin ikustea nahiko zukeen, bere belarri propioekin eztandak entzun, zeinen ondorioz suntsitzen ziren kargamentu germaniarrak eta hilik erortzen ziren soldadu etsaiak. Minatutako tren baten berriak iristen ez zirela gertatzen zenean, honek alarma sorrarazten zion. Bere lana debaldetan izateak kezkatzen zuen. Kasu horietan ez zen bere onera bueltatzen konboi faxista berri batek airean leher egin arte.

(…)
Lutz-ek bere sekzioak prestatzen zituen beste bi sabotai berriei buruz hitz egin zuen. Horietako bat, berak pentsatua, interes handia piztu zuen burkideengan. Lutz-ek Germanian zeuden hitleriarren helbideei paketeak postaz bidaltzea proposatu zuen. Bidalketetan nahi zena ipini zitekeen, baina gauza bat ezin zen falta: erlojugintza-mekanismoko mina bat.

– Pena da mota honetako bi mina baino gehiago ez izatea – amaitu zuen.

– Hasteko biak bidaliko ditugu. – proposatu zuen Novak-ek. – Froga bat balitz bezala esan dezakegu.

(…)
Rudnia-Bobrovskaya-tik alde egin genuen eta gurekin batera biztanleriaren zati handi bat ere, etxeko gauzak basora lekualdatu zuena, abereak hara eraman eta bere kanpamendu “zibila” eraiki zuena. Rudnia-Bobrovskaya inguruko eraztuna azkar itxi zen eta zigor-destakamenduak oztoporik gabe sartu ziren herrixkara.

Baina jada handik atera ginen. Hitleriarrek gure oinatzak jarraitzen zituzten, eraztunak itxiz beste herrixka eta baserrietan, baina gu faxistek agertu baino egun bat edo bi lehenago ateratzen ginen. Honela hasi zen “katua eta saguaren” jokoa. Zigor-destakamenduek enbor-pilaketekin egiten zuten behaztopa toki orotan, zeinen aurka urakan-suz tirokatzen zuten pilaketen atzean gerrillariak zeudela suposatuz, eta guk jarritako minekin estropezu egiten zuten. Eztanda hauen, alferrikako tiroketen eta bertako jendearen oharrengatik zehazki ezagutzen genuen non zegoen etsaia eta zigor-destakamenduak begiak estalita izango balute bezala zindoazen.

(…)
Eraso seinalera borrokalariek, herriaren muturrean zeuden etxeetara ohartezinki iritsi zirenak, aurrera ekin zioten “hurra!” ozenaz. Bidelapurrak, erdi lo, beren baitan bueltatzeko astirik izan gabe, herrixkan zehar korrika egiten zuten. Bete-betean jotzen zieten gerrillarien bala zuhurrek toki guztietatik.
Tzessarski izan zen lehenetariko bat herrixkan lasterka sartzen. Bere mauser-arekin tirokatzen zuen gertutik etsaien aurka. Berak estalpe bati botatako bi granadek betirako isilarazi zuten handik tirokatzen zuen metrailadorea.

Zauritu bat agertu zen Tzessarski-k bere mauser-a berriro kargatzen ari zenean. Soilik orduan gogoratu zituen doktoreak bere betebehar propioak. Hementxe bertan, herrixkaren erdian, egin zuen sendaketa. Ia amaitu gabe metraileta bat entzun zen gertu eta balak bere buru gainetik txistu eginez igaro ziren.

– Nirekin! – egin zion oihu Tzessarski-k zaurituari, eta etxe baten ertz baten atzera eraman zuen.

Tiroketak jarraitzen zuen. Sendaketa bukatzerakoan medikua konturatu zen hurbileko estalpearen belartegitik tiro egiten zutela. Jauzi batzuetan han aurkitzen zen.

– Errenditu zaitezte, zital halenak! – oihukatu zuen.

Granada bat jaurti zuten erantzunean. Doktorearen oin beretan erori zen. Tzessarski-k ertzaren atzera egin zuen salto.

“Pena da granada gehiago ez izatea!” pentsatu zuen. Baina berehala oroitu zuen bere gerrikotik zintzilik zeraman alkoholez betetako urontzia. Asko pentsatu gabe estalpearen paretan bota zuen eta pospolo bat hurbildu zion.
Laster estalpetik, sabaia hautsiz, hiru bidelapur lurrera egin zuten jauzi bata bestearen ondoren. Haietako bati jantzia erretzen zitzaion.

Lasaitasunez, ituari tiro egingo balio bezala, Albert Veniaminovich-ek hiruak hil zituen.

– Agian ez genituen harrapatuko, lasterka egitera entrenatu izan ez bagina – txantxetan egiten zuten Tzessarski eta Bazanov-ek kanpamendura bueltatzen zirenean trofeo garrantzitsuekin.

(…)
Orduan Lidia-k Gnediuk-i kontatu zion ez zekiela zergatik egiten zitzaion germaniar hau hain ezatsegina, bereizgarri faxista zeramalako edo beti diru asko zuelako, ezin zuen espoliatzaile handi bat baino izan.

– Zein da bere graduazioa? – galdetu zion Gnediuk-ek arretaz.

– Lotinantarena. Kanpotik, ohiko prusiar bat. Bere aita Prusian lurjabe handi bat dela esaten du. Baina bere, nire iritziz, Gestapo-an egiten du lan.

– Orduan merezi du – baieztatu zuen Gnediuk-ek. – Baina nola akabatu! Ezin zaio tirokatu!

– Pozoia badaukat. Kafean bota daiteke. – proposatu zuen Lidia-k.

– Pozoia ziurra da? – zalantza egin zuen Gendiuk-ek. – Beharbada soilik sabela izorratzen dio.

– Zer esaten duzu! Kontzentrazio-esparruetan gatibuak hiltzeko erabiltzen duten pozoi bera da.

– Orduan, ekin! Jarri kafea eta esna ezazu.

Horrela erabaki zuten.

Minutu batzuk barru lotinanta mahaira esertzen zen. Une horretan Gnediuk-i germaniarra sarrailako begitik ikustea otu zitzaion. Begiratu zuen eta ez zion bere begiei sinetsi; berriro begiratu zuen – jada atea irekitzen – eta zur eta lur gelditu zen.

– Nikolai Ivanovich?

– Gnediuk!

– Nolatan zaude hemen?

Baina Gnediuk-ek jada sukalderantz egiten zuen korrika Kuznotzev-i eskuetatik kendu zion kikararekin, eta soilik kafea bota zuenean eta kikara puskatu, kontatu zien Kuznetzov harrituari eta Lidia zurtuari zer ari zen gertatzen. Bata besteari aurkeztu behar izan zituen. Esploratzaileek isolatuta egiten zuten lan. Preseski horregatik Kolia – begi kartsuak ez zen Yankevich-ek antolatutako festara bertaratu. Beraz, gainera, esploratzaileek ez zuten ezagutzen batzuk besteen bilera-pisuak.

(…)
Kuznetzov eta Strutinski automobila kalezulo batean aparkatu zuten iskinetik Reichkomissariat-eko sarrera ikusteko moduan.

(…) Hamalau hogeita hamarretan zehazki, sarrera beratik jeneral bat atera zen, komandante batez lagunduta. Azken honek karpeta gorria zeraman besazpian.

– Haiek dira – oihu egin zuen Kuznetzov-ek – Kolia, ziztu bizian!

Ibilgailuak laster atzeman zituen hitleriarrak. Kuznetzov-ek automobiletik salto egin zuen eta pistola eskuan hurbil-hurbiletik egin zuen tiro jeneralaren aurka, gero laguntzailearen aurka. Lehenengo balaz, Dargel kulunkatu zen eta beheraka erori zen. Kuznetzov-ek berriro egin zuen tiro bi faxisten aurka.

Ez zion denborarik eman ezertan pentsatzeko. Bakarrik ikusi zuen jeneralaren aurpegia, zirudienez, orduan desfilean baino kolore beltzaranagoa zuela.

 

Kuznetzov jauzi batez sartu zen autoan eta jada martxan atea kolpe batez itxi zuen. Une horretan, automobilerantz korrika egin zuenean, diru-zorroa “erori” zitzaion patrikatik.

(…) “Finantzen kontseilari inperialaren, Hell doktorearen, eta bere laguntzailearen erailketa” irakurri zuen lehen orrialdean.

(…) – Deabruak eraman zezakeen Hell hori! – samindu eta haserretzen zen Kuznetzov – Hurrengoan tiro egin baino lehen abizena galdetu beharko dut!…

(…) Kuznetzov-i atentatua bigarren aldiz aurrera eramatea baimendu zitzaion.
Rovno-ko barrutiko komisarioaren “Opel” grisean lan egin zen gau osoan zehar. Automobila kolore beltzez margotu zen, matrikularen zenbakia aldatu zitzaion eta dokumentu berriak hornitu zizkioten.

Eta irailaren 13an, aurreko toki berean, Kuznetzov-ek granada bat jaurti zuen Dargel eta bere laguntzailearen aurka. Bi faxistak erori ziren. Granadaren puska txiki batek ezker eskuan eman zion Nikolai Ivanovich-i. Baina honek ez zion galarazi automobilean azkar igotzea.

Oraingoan arriskua handia izan zen. Eztandaren tokitik gertu kamioneta germaniar bat zegoen guardian. Strutinski hartaz gertu igarotzera behartuta zegoen. Gestapo-koak ibilgailurantz bota ziren, baina gidaria atzeratu egin zen. Izugarrizko ezustekoarekin gainean, ez zegoen motorra martxan jartzeko modurik. Azkenean kamioneta tokiz mugitu zenean, “Opel”-a jada urruti zegoen.
Hasi zen jazarpena.

Hiriko kanpoaldean, Kuznetzov-ek jarraitzen zion kamioneta ikusi zuen Gestapo-ko agenteekin. Aurretik, ehun bat metrotara, kolore beltz berdineko beste “Opel” bat ikusi zuten, Kuznetzov-ena bezala norabide berean zijoana.

– Biratu ezkerretara! – oihukatu zion Kuznetzov-ek Strutinski-ri.

Honek hain brastakoan eman zuen buelta automobilak ia-ia kanpai-buelta eman zuela. Kalezulo batetik atera ziren kale paralelora eta abiadura bizian abiatu ziren kontrako noranzkoan, basora zuzenean.

Gestapo-koek “Opel”-a segitzen jarraitu zuten. Hiriaren kanpoaldean, errepidean, autoaren aurka egin zuten tiro. Baletako batek pneumatikoen batean eman zuen, eta abiada bizian zijoan “Opel”-a arekan sartu zen. Jazarleek beldurrez erdi hilik zegoen komandante germaniar bat atera zuten automobiletik, kolpatu zuten, lotu zuten eta Gestapo-ra eraman zuten. Bere aldetik, Kuznetzov eta Strutinski zoriontsu iritsi ziren zaintza-postu berdera, eta hortik kanpamendura.

(…) Baina orain ere ez zen hil. Esku-granadak galtzadan egin zuen eztanda, espaloiaren ertz berean, eta uhin hedakorrak aurkako aldean kolpatu zuen. Kalearen beste aldean granadaren kirtenak teniente koronel bat hil zuen.

(…) Izan zitekeen Dargel-en aurka hirugarren aldiz tirokatzeko baimena eskatzea hurrengo egunean hau Berlinera hegazkinez abiatu zenaren oharra iritsi izan ez balitz.

Gobernuko presidentearen karrera amaitu zen.

(…)
Hermann Knut-en espezialitate nagusia arpilatzea zen. “Pakete-enkate”-ko ofizinako kapital guztia hiritar sobietarren ondasunez zegoen osatuta, metrailetaz eta gomazko borraz eskuratutakoak. (…)

Kaminski-k automobilaren atea erdizka ireki zuen, tentetu egin zen eta, Knut-en ibilgailua beraienarekin parekatu zenean, esku-granada bat bota zion barnera. Automobileko aurreko partea birrindu egin zen, norabidea galdu zuen eta beste aldeko hesiaren aurka talka egin zuen.

Kuznetov-ek eta Strutinski-k su egin zuten metrailetekin. Eta jada noren aurka tirokatzea ez zegoela ikusi zutenean, itzuleraren bidea hartu zuten iritsi ziren bezain lasai.

“Pakete-enkate”-ko ofizinatik gertu, automobil suntsituaren azpian, Hermann Knut-en gorpua zegoen. Bere alboan, bere txofer partikularraren hilotza.

(…)
Alfred Funk-ek “SSen buruzagi gorena” graduazioa zuen. Ukrainara bidalia izan baino lehen, germaniarrek okupatutako Txekoslovakiaren “epaile nagusia” zen eta errepresio odoltsua zeraman aurrera gupidarik gabe abertzale txekoslovakiarren aurka. Hemen, Ukrainan, Funk-ek bere misio odoltsua are ahalegin handiagoz jarraitzen zuen. Bere aginduz bahituak salbuespenik gabe fusilatzen ziren, zigor krudelak eramaten ziren aurrera espetxe eta kontzentrazio-esparruetan eta milaka pertsona errugabe hiltzen ziren.

(…) Hitleriarrek Von Ilgen bahitu zuten gerrillariak bilatzen orpoak galtzen zituzten goiz berean, hirian sarekadak pilaka egiten ari zirenean, Nikolai Ivanovich besaulki batean zegoen patxadan eserita Epaitegi nagusiko eraikinaren bigarren solairuan, Funk-en itxarongelan, SSen buruzagi gorena.

(…) Euritako jantzia kendu zuen, txapela eskegi, mahaira hurbildu eta besaulkiaren besoetara heldu zen, orduan bere bizkarrean entzun zuen:

– Ez molestatu, jeneral. Ez duzu eseri behar izango.

Funk-i ez zion denborarik eman buelta emateko lehen lotinantak hurrengo hitzekin hurbidu zitzaionean: “Tori, zital halena, jende errugabearen odol eta malkoengatik”, eta bi aldiz egin zion tiro hurbil-hurbiletik.

Borreroa zerraldo erori zen. Kuznetzov-ek idazmahaira jauzi egin zuen, bertan zeuden paperak hartu eta arin atera zen bulegotik. Erotutako idazkaritik gertu igaro zen eta bultaka jaitsi zen eskaileratik.
(…)”

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *