1872ko martxoaren 31an ALEXANDRA KOLLONTAIren jaiotza

*Maiatzak 1 Egin

Militante komunista eta feminista izan zen Alexandra Kollontai. Lehenengo Mundu Gerraren kontra aritu zen bere izaera inperialista dela eta. Iraultza Boltxebikean amaituko zen borrokaldian zehar Petrogradoko Sobieteko kide hautatu zuten. 1917an alderdi boltxebikearen Batzorde Nagusiko kide hautatu zuten. Leninekin bat egin zuen eta urriko intsurrekzioaren, Neguko Jauregia hartzearen eta sobietei botere osoa ematearen alde bozkatu zuen. Kollontairen ustez Iraultza boltxebikeak emakumeentzako ordena sozial berri bat lortzeko itxaropenaren adierazle zen.

Boterea eskuratu ondoren Gizarte Gaietarako Herriaren Komisario izendatu zuten eta kargu horrekin parte hartu zuen gobernuan. Sobietar Batasuneko emakumeen baldintzak modu erradikalean aldatuko zituzten dekretuen proiektuak egin zituen. Emakumeak gizonen menpe jartzen zituzten legeak aldatu ziren, emakumeen boto eskubidea onartu zen, baita dibortzioa eta abortua ere, zilegizko eta sasiko seme-alaben arteko aldea desagertu zen, amentzako Estatu laguntzak onartu ziren, etab.

1920an Batzorde Nagusian alderdiko emakumeen erakundearen arduradun izan zen Inessa Armandekin batera.

Alderdiaren X. Kongresuan, 1921ean, Langile Oposizioaren burua izan zen. Frakzio horrek sindikatuek industriaren kontrola izatea eta langileek Alderdiaren kontrol demokratikoagoa izatea eskatzen zuen.

1922an Oslon erbesteratu zen eta 1923ko maiatzean Sobietar Batasuneko Norvegiako enbaxadore bihurtu zen. Historiako lehenengo emakume enbaxadorea izan zen.

Bere gairik gogokoenak honakoak ziren: maitasunarekin, ezkontzarekin eta familiarekin lotutakoak. Bere ideiek marxismoa eta feminismoa uztartzen zituzten; izan ere, sozialismoak emakumearen emantzipaziorako aukera adierazten zuela uste zuen.