Neus Catalá erresistente katalanaren bizitza harrigarria da. Bigarren Mundu Gerran naziek atxilotu zuten eta torturatua izan ondoren Ravensbrück-en giltzapetu, Alemanian emakumeentzako sorturiko kontzentrazio lager bat. Balkoirik gabeko barrakoi luzetan pilatuta, horma eta txarrantxez inguratuta, hainbat urtez jasan behar izan zituen SSen izugarrikeriak, 40.000 poloniar, 20.000 judutar eta beste hainbat herrialdetako esklaboekin batera, gehienak preso politikoak.
Historialarien arabera, Ravensbrück-en 50.000 lagun hil ziren eta horietako 6.000 inguru gas ganberatatik pasa zituzten azken momentuan, 1945eko apirilean Ejertzito Gorriak liberatu baino lehen. Auschwitz ezezagun horretan iraun zuen errepublikar bakarrenetako bat zen Neus Catalá (1915-2019), eta bere testigantza hunkigarria idatzita utzi zuen Un cel de plom liburuan Carme Martí kazetariarekin batera –La Ciutat Invisible Coop.-ren liburudenda autogestionatuan eskuratu dezakezue, nahi izatera–.
Zein izan zen heriotzaren fabrika ilun horietatik bizirik irteteko sekretua? Zerk mantentzen zuen Neusen eta bere kideen morala goian, egoera horri aurre egiteko? Kantuak, poztasuna eta umorea izan ziren erabilitako armak. Insomnioari, goseari eta hotzari halaxe erakutsi zizkioten hortzak, barrez. Katalanari sarritan eskatzen zioten Charlot imitatu zezala, eta bere keinuekin algaraka jartzen zituen denak.
Behin, preso katoliko bat hurbildu zitzaion: “Guk Jainkoa daukagu esperantza mantentzeko, baina zuek, nondik ateratzen duzue itxaropena eta barre egiteko gogoa, inor ez baduzue?”. Katalanaren erantzuna berehalakoa izan zen: “Honek ez du ezer ulertu, nola ez dudala inor? Zu zaitut!”, esan zion, eta alboko beste lagun bat seinalatu zuen ondoren: “Eta bera, eta beste hura ere bai…”. Elkartasuna eta enpatia dira umorearen muniziorik onena.
Konfinamendu garaiotan, big dataren eta kontrol totalaren esklabo bihurtzeko bidean garenean, umorea bihurtu zaigu berriz ere itxaropena mantentzeko ihesbide bakarretako bat. Denok egoera zail bera bizi dugula jakitun, subkontzientziak gure buruaz barre egitera garamatza ezinbestean, eta terapeutikoa da –Maite Elizondo psikologoarekin ARGIAn egindako elkarrizketa honetan azpimarratzen den gisan–.
Beraz, senda gaitezen umore dosi txikiez egunero eta astero, esaterako igandetan abiatu dugun Oasiko Kronikak podcast saioa entzunez. Ravensbrücken gai izan baziren, hemen ere kontsolatuko gara euskaldun jendea, ezta?