*Asier Blas Mendoza / ARGIA astekaria
Nazioarteko politikan Mendebaldeko hedabideen interesgune nagusietako bat giza eskubideen urraketak dira. Egiazko, erdi-egiazko edo gezurrezko berrien sirimiri eta euri-jasak tartekatuz, setiatutako herrialdeetako gobernuak eta liderrak estigmatizatu egiten dira disimulu gutxiko nagusitasun moraletik.
Hurreratze humanitarioak karitate logikatik asko du, emozioak astindu nahi ditu, arazoen iturburu eta benetako arduradunetatik atentzioa urrunduz. Honek argi uzten du nork kontrolatzen dituen agenda eta kontakizuna. Izan ere, logika humanitario antzuak mesede egiten dio inperialismo iparramerikarrari justifikatu ahal izateko estatu subiranoen aurkako erasoak.
Ironikoa da ikustea nola AEBetatik hedabideetan oihartzun handia duten giza eskubideen lezioak ematen zaizkion munduko hainbat herrialderi. Bitartean, lehentasunezko notizia bilakatu ez arren, Washingtonek inpunitate osoz urratzen ditu nazioarteko legeak eta giza eskubideak: NBEren babesik gabe estatuak bonbardatuz, okupatuz edota miseria zabalduz zigor ekonomikoen bidez. Hori guztia gutxi balitz, AEBek nahi beste exekuzio estrajudizial burutzen dituzte, azkena Qasem Soleimani iraniar jeneralarena.
Zerbitzu sekretuek burutzen zuten sikario lan ezkutukoa orain kasu batzuetan publikoa da, AEBetako presidenteak aginduta. Obamak sortu zuen jardun modu hau 2010ean, Trumpek bidea jarraitu eta Souleimaniren erailketarekin salto kualitatibo bat eman du: herrialde subirano baten jenerala hil du hegaldi erregular batean zihoala misio diplomatikoan, Irakeko Gobernuak gonbidatua eta pasaporte diplomatikoarekin. AEBetako indar armatuen burua edo estatu-idazkaria hil izan balute, dagoeneko gerra irekian ginateke.
Iranen kontrako gerra ez da berria. 1953an CIAk eta MI6ak (Zerbitzu Sekretu Britaniarrak) estatu kolpea eman zuten petrolioaren gaineko kontrola berreskuratu nahi zuen Iraneko Gobernu demokratikoaren aurka. 1979ko iraultza eta gero, anglosaxoiek berriro ekin zioten Iran subiranoaren aurkako gerrari gaur egun arte.
Trumpek Irani inoiz herrialde batek izan dituen zigor gogorrenak jarri dizkio bere ekonomia ito eta gobernuaren aurkako altxamenduak laguntzeko asmoz. Bitartean, badirudi Souleimaniren hilketa Trumpek erabili dezakeela bere irudia indartu etaimpeachment prozesua iluntzeko; aldi berean, AEBetako sektore militaristei eta inperialistei atsegin emateko mugimendua izan daiteke ere bai, Iranek buru duen Ekialde Hurbileko erresistentziaren ardatza indartu eta Txinak Irakekin elkarlan ekonomikoa adostu den unean. Bestela, Iranek emaniko erantzun neurtu eta mugatuak eta Trumpek azaldutako jarrerak garbi utzi dute ez dutela zuzeneko gerrarako borondaterik. Areago, agian AEBetako presidenteak etorkizunean Irak uzteko mugimendua izan daiteke gertatutakoa. Orain zailagoa izango da Iranek hegazkin komertzial bat bota duelako. Teheranek zorigaiztoko gola sartu du bere atean, 176 pertsona hil ostean.
Halere, istripuarekin Iranek lezio bat eman die AEBei. 1988an, itsaso iraniarra inbaditzen ari zen itsasontzi iparramerikar batek Iran Air 655 hegaldi komertzialaren hegazkina bota zuen misil batez, iraniar aire espazioan zegoela. AEBek 290 bidaiari hil zituzten eta George Bushek esan zuen inoiz ez zutela barkamenik eskatuko. Azkenean, 1996an Washingtonek biktimei kalte-ordainak ordaindu zizkien, baina ez zuen ordaindu hegazkinaren galerarengatik eta egun oraindik ofizialki barkamenik eskatu gabe jarraitzen du.