Ezer ez da berdin

*Asier Blas Mendoza / ARGIA

Hedabideek Hong Kongeko manifestari neokolonialista biolentoak demokraziaren eta askatasunaren aldeko uso zuri gisa aurkezten dizkiguten bitartean, polizia gupidagabea dela esaten digute, nahiz eta segurtasun indarrek ez duten hildakorik eragin eta gobernuak ez duen salbuespen egoerarik aldarrikatu. Berriz, Frantzian 2015eko azaroaren 13an salbuespen egoera dekretatu eta 2017an lege antiterrorista onartuz egoera hori betikotu zuten de facto. Militarrak kaleetan ikustea gauza arrunta bilakatu da, aitzakia terrorismoaren aurkako borroka edo Jaka Horiak erreprimitzea izan daiteke. Esan gabe doa, Jaka Horiak biolento batzuk dira hedabideentzat eta Frantziako indar errepresiboak uso zuriak, nahiz eta hauen jardunak hilketak eragin dituzten.

Latinoamerikan antzera gertatzen da, gobernuak hautesleen babesa badu eta herrialdeak giza garapenean aurrerapauso inportanteak eman baditu, laster agertuko dira hedabideak eta ustezko Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) autoritarismoa salatzera. Jakina, neurri sozialdemokratak bakarrik Mendebaldean dira onargarriak, izan ere, Ipar hemisferioko bake sozialak funtzionatzen du, baldin eta oligarkia finantzarioak eta burges handiek hirugarren munduko herrialdeetatik lapurtutakoarekin konpentsatzen badute birbanatutakoa etxean. Horregatik, Mendebaldearentzat, Nikaraguko edo Venezuelako oposizioko manifestariak, eraikin publikoak bahitu eta pertsonak hil arren, askatasun demokratikoen aldekoak dira. Lehen munduko politikariek manifestariekin elkartzea edota diruz ondo koipetzea ohikoa da, baina zaudete lasai, hor komunikabideek ez dute ikusiko kanpo esku-hartzerik: “Zer izango ote dira orduan AEBek Juan Guaidóri eman berri dizkion beste 52 milioi dolarrak?”.

Bestalde, herrialde bat Mendebaldearen esanetara badago lasai egon daitezke bere agintariak erailketa politikoak ikusezin egiteko, Kolonbian eta Hondurasen bezala. Hedabide hegemonikoek ez dituzte kritikatu gerra judizialaren (lawfare) bitartez buruturiko estatu kolpe ahul edo diferituak Paraguain, Brasilen, Argentinan edo Ekuadorren. Baina ezta ere Hondurasko estatu kolpe gogorra eta ondoren inposatu den erregimen autoritarioa.

Moral bikoitza itzalaldi informatiboarekin praktikatu daiteke ere bai. Haitik, Amerikako herrialde pobreenak, politika neoliberal eta neokolonial bortitzak sufritzen ditu klima aldaketaren ondorio latzekin batera, estatua arpilatu dute eta jendeak aski esan du, mobilizazio biolentoak herrialde guztian zabaldu dira, baina hedabide eta GKE gehienek ez dituzte mobilizazioak idealizatzen eta babesten, bai ordea isilarazten.

Ekuadorreko protestek oihartzun handiago izan dute, baina trataerak noski ez du zerikusirik Venezuelako edo Nikaraguakoekin. Hedabideek ez dute Lenin Moreno demonizatzen, nahiz eta motibo ugari dagoen bere ustelkeria kasuengatik, gezurren zerrenda amaigabeagatik edo boterera iritsi zelako Rafael Correa eta iraultza herritarraren eskutik gero denak traizionatzeko AEBen esanetara jartzeko. Morenok Ekuador ALBAtik (Latinoamerikarako Aliantza Bolibartarra), UNASURetik (Hego Ameriketako Nazioen Batasuna) eta OPEPetik (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea) atera ditu; NDFrekin (Nazioarteko Diru Funtsa) zorpetu da eta honek inposaturiko neurri neoliberalak egikaritu ditu estatuaren soberania ekonomikoa murriztuz; enplegatu publikoen soldata eta eskubideak murriztu ditu; eta protestak hasi bezain pronto salbuespen egoera dekretatu du 60 egunez, askatasun zibilak murriztuz, mobilizazioak gogor erreprimituz eta militarrak kalera ateraz. NDF dagoeneko txaloka dago.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *