Txernobileko ume ukrainiar bateri harrera egin dion Nerea Romero bizkaitarrari elkarrizketa

Zelan ezagutu zenuten Chernobil Elkartearen umeen harrera proiektua?
Askotan entzun dugu prentsaren bitartez munduko zenbait tokian umeak laguntzeko premia dagoela, ez bakarrik Txernobylen, baita Saharan ere. Nire (Nerea) lehengusu batek Txernobyleko bi haur ekartzen zituen urtero, eta beraren bitartez Chernobil Elkartea ezagutu genuen. Elkarteko zenbait familiarekin hitz egin genuen eta polita iruditu zitzaigun proiektua. Haur bakarra geneukan orduan eta pentsatu genuen, zergatik ez lagundu?  Ez du hainbesterako izan behar. Elkartean izena eman eta Inna etorri zen gurera, 2014an.

Zer zenekiten Txernobylen inguruan?
Telebistan eta dokumentaletan ikusitakoa, ezer gutxi gehiago.

Ivankiv herrikoa da Inna. Txernobyletik 50 kilometrotara dago.
Pentsa, Txernobyletik 30 kilometrotara hurbiltzea debekatuta dago, ‘Lurralde Hila’ deritzona da hortik aurrera. Eremu horretatik kanpo, bizilagunak dituen lehenengo herrietako bat da Ivankiv. Oso jende gutxi bizi da han, baliabide ekonomiko nahikoak zituztenak berehala alde egin baitzuten bertatik. Esaten dute toki segurua dela, baina ez da egia. Bertako herritarrek ortuetan landatutako elikagaiak eta ibaian arrantzatutakoa jaten dute,  eta logikak dio elikagai horiek ezin direla oso osasungarriak izan. Bestalde, nahiko herri pobre eta deprimitua da. Alkoholismo eta droga dependentzia kasu ugari daude eta familia desegituratuak dira nagusi. Gurera etorri ahal izateko baldintzetako bat, hain zuzen ere, familia hauek bizitokiz aldatzeko baliabiderik ez izatea da.

Kutsatutako eremutik hain gertu bizitzeak eraginik al du bertako bizilagunen osasunean?
Erabatekoa. Euskal Herrira etortzen diren ume gehienak gaixorik datoz. Innak, adibidez, bronkitis kronikoa dauka. Lehen aldiz etorri zenean askoz gehiago igartzen zitzaion: arnasteko arazoak, zorabioak, sukarra… Gogoan dut lehendabiziko urtean hiru aldiz joan behar izan ginela ospitalera.  Askoz hobeto ikusten dut orain: korrika, jolasean eta irribarretsu. Gurean pasatzen dituen egunak arnas gune itzela dira berarentzat. Kutsatutako eremutik irten eta sano jatea, ez du besterik behar. Urtean bi hilabete baino ez dira baina oso lagungarriak egiten zaizkio gainontzeko hilabeteetan zehar izan ditzakeen osasun arazoak murrizteko.

Innak bosgarren urtea du zuenean. Zer nolako garapena ikusi duzue?
Lehenengo urtea berezi xamarra izan zen, denok geunden apur bat galduta. 6 urte baino ez zituen berak, oso gaztea zen, eta milaka kilometrotara bizi zen familia berri batera zetorren. Arazorik nabarmenena komunikazioa izan zen. Negar piloa egiten zuen eta guk ez genuen ulertzen zergatik. Berak ere ezin zigun nahi bezala azaldu. Nahi eta ezin. Gogoan dut nirekin ondo konpontzen zela baina aita adibidez, ez zuen ikusi nahi. Ez zion aurpegira begiratzen. Etxean pozik egon zitekeen, jolasean, baina aita etorri eta izkina batean esertzen zen, ixilik, beldurtuta. Elkarteak jakinaren gainean jarri zigun, Ukrainako gizartea nahiko matxista dela eta aitaren rola oso autoritarioa izaten dela familia arteko harremanetan. Kosta zitzaigun elkarren arteko konfiantza hori sortzea baina etxekoak ezagutu ahala, konturatu zen gauzak ezberdinak zirela gurean. Janariarekin ere komeriak pasa genituen hasieran…

Zer ba?
Piloa jaten zuen, ikaragarri. Ez genekien oso ondo zer egin: jaten utzi, muga jarri… Han ez dute goserik pasatzen, baina kontatu digunagatik, patata eta sopa asko jaten dute egunerokoan. Hemen jaki berri piloa ikusi ditu lehen aldiz, eta asko gustatzen zaizkio: oilaskoa, kroketak, txokolatea… Lehenengo asteetan mahai gainean jartzen dugun den dena jan gura du. Egunak pasata, baretu egiten zaio gosea.

Euskaraz ederto hitz egiten du.
Zalantza izan genuen hasieran, euskaraz edo gaztelaniaz egin. Bata ala bestea aukeratu, zerotik hasi beharra zeukan. Gure etxeko hizkuntza, baina, euskara da, eta naturaltasunez aritzea erabaki genuen. Oso arin ikasi zuen. Lehendabiziko urtean gai zen jada gurekin euskaraz komunikatzeko. Eskas, baina kapaz ginen elkar ulertzeko. Hurrengo urteetan geroz eta gehiago ikasi du eta orain euskaraz hitz egiteko eta ulertzeko erabat kapaza da. Normala denez, etortzen den bakoitzean kosta egiten zaio erritmoa hartzea baina egun batean topera ari da berriro.

Udarako plangintza berezirik egiten duzue Inna datorrelako?
Bizimodu normala egiten dugu. Azken finean, Inna familiaren parte da, eta beraz, naturaltasun osoz antolatzen ditugu egunak. Hiru urte daramatza herriko udalekuetan parte hartzen eta lagun piloa egin ditu herrian. Familiakoa da etxekoentzat eta baita herrikoentzat ere. Gure umeak beti ari dira galdezka ea Inna noiz datorren. Bestalde, Chernobil Elkarteak proposatzen dituen jardueretan ere parte hartzen dugu. Alde batetik, horietan Ukrainatik datozen beste umeekin egoteko aukera duelako berak, eta bestetik, guretzat ere oso aberasgarria delako gainontzeko familiekin izan ditugun esperientziak konpartitzea.

Chernobil Elkarteak zein baliabide jartzen ditu familien eskura?
Hasiberriak diren familiak urte dezenteko esperientzia duten familiekin harremanetan jartzen dituzte. Bataren esperientziak izugarri balio du bestearentzat, hasierako urteetan batez ere. Bestetik, Ukrainako 4 begirale ere etortzen dira udan zehar haurren jarraipena egiteko. Eta, esan bezala, elkarteak 15 aisialdi jarduera antolatzen ditu haur, harrera-familia eta begiraleen arteko topagune gisa.

Norbaitek pentsa dezake diru laguntzak jasotzen dituzuela harrera egiteagatik.
Ez dugu zentimorik kobratzen. Harrera familia guztiak boluntarioak gara, proiektuan sinisten dugu eta lagundu nahi dugulako egiten dugu. Are gehiago, guk ordaintzen ditugu Ukraina-Bilbo eta Bilbo-Ukraina hegazkin txartelak.

Zuek hiru seme-alaba dituzue, eta Innarekin lau.
Lehen aldiz etorri zenean seme bakarra geneukan, eta gerora, beste bi etorri dira. Nagusienak sei urte ditu, erdikoak lau eta gazteenak bat. Inna da nagusiena, 11 urterekin. Gure seme alabentzat arreba nagusia da Inna. Jendeak esaten digu: ‘Ez zarete estu ibiltzen lau umerekin?’. Guk gauza bera esaten dugu beti: bost garenean izugarri zoriontsu gara, eta sei garenean ere. Ez dago aldaketa handirik. Egia esan, Innak asko laguntzen digu arreba nagusi gisa, gainontzekoak asko entretenitzen dira berarekin.

Etxeko txikienek badakite Inna zergatik datorren?
Oso gazteak dira oraindik. Nagusienak zerbait ulertzen du, eskolan Txernobylen inguruko proiektua landu baitute. Gu saiatzen gara azaltzen, baina eurentzako zaila da egoera imajinatzea, ikusi ezin den errealitatea baita Txernobylekoa.

Hara joateko asmorik duzue?
Orain arte ezinezkoa suertatu zaigu, etxean ume txikiak baititugu, baina nahi izanez gero, Chernobil Elkarteak hara joateko aukera eskaintzen dizu. Umeak neguan eta udan etor daitezke gurera, eta familiak Aste Santuko oporretan joan daitezke hara. Gustatuko litzaiguke noizbait Innaren herria ezagutu ahal izatea.

Noiz arte izango da zuekin? Kontziente zarete egunen baten bukatuko dela?
Badakigu berandu baino lehen agurtzeko momentua iritsiko dela. Hasieran oso gogorra egiten zitzaigun hori onartzea, baina bagoaz ulertzen horrela dela, Innak aukera izan duela gurera etortzeko, hemen egon den bitartean zoriontsu izan garela guztiok, eta egunen baten helduko dela agur esateko unea. Han ere familia dauka eta ziur gaude ondo egongo dela. Hala ere, momentuz, luzerako egongo da gurekin. Nahi izanez gero, 18 urte bete arte etor daiteke gugana. Orain etortzen hasi direnak, ordea, 14 urte bete arte etorri ahal izango dira bakarrik. Elkarteak hartutako erabakia izan da, kontuan edukita Txernobyl inguruan etorri barik gelditzen diren ume asko daudela. Gurera etortzeko aukera ahalik eta ume-nerabe kopuru handienari eskaintzea da helburua, eta horregatik txikitu dute tartea.

Zer esango zenieke proiektuan parte hartu ala ez zalantzan dabiltzan familiei?
Jendeak esaten digu: ‘Nik ere pentsatu dut, baina ez dut ikusten, ez dakit kapazak izango garen…’. Horiei guztiei esango nieke: animatu. Zinez aberasgarria da guztiontzako. Laguntzeko egiten duzu hasieran, baina gero familiakoa da, lana ez da hainbesterako, hiru ume ditugu jada, ba apur bat gehiago.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *