Evgeni Txulkov fisikari errusiar eta EHUko irakasleari elkarrizketa

«Egunkari eta telebista askotan hemen Putin gaiztotzat daukate, baina Errusia salbatu zuen, modu objektiboan. Hura gabe, ez zen existituko jadanik. Herrialde aberatsa da; ondo gobernatua izatea besterik ez du behar. Putinek Errusiako oligarkak kontrolatu zituen, eta askok ihes egin behar izan zuten. Ez da erraza horiei jazartzea, milaka milioi baitauzkate kontuetan.»

Euskadi ikerketa saria eman diote EHUko Fisika irakasle eta Donostia International Physics Centerreko ikertzaileari. Urte luzez, mundu osoko dozenaka zientzialari erakarri ditu Euskal Herrira, eta DIPC planetako erreferente bihurtzen lagundu du.

Evgeni Txulkovek (Riazan, Errusia, 1950) fisika eta matematika ikasi zituen Tomskeko Unibertsitate Publikoan (Errusia), eta han hasi zen ikerketan. Sobietar Batasuna desegin ostean, Euskal Herrian jarraitu zuen lanean, EHUn, eta, gero, Donostia International Physics Centerren ere bai.

Eusko Jaurlaritzak 2018ko Euskadi ikerketa saria eman berri dizu. Zer deritzozu?

Lankideekin banatu dut, denek egin zutelako ekarpena. Ia ez dago neuk bakarrik argitaraturiko artikulurik.

Euskal Herrira zenbat ikertzaile ekarri dituzun nabarmendu dute. Zu errusiarra izateak lagundu al du talentua ekartzen?

Nolabait, bai. Munduko talde askorekin egiten dugu lan: Japoniarekin, Azerbaijanekin, AEBekin, Europan batez ere Alemaniarekin, Italiarekin, Errusiarekin… Gure artikuluek aipamen asko jasotzen dituzte. Teorikoa naiz, eta baita Pedro ere [Etxenike]. 2009an isolatzaile topologikoen inguruko lehen artikuluak argitaratu genituenean, zera pentsatu nuen: zer egin behar dugu, ikerketa teorikoekin jarraitu, edo beste modu batean antolatu? Bakarrik teorian ikertzen baduzu, problema bat konpondu eta gero aldizkari batera bidali behar duzu. Baina alorra izugarri lehiakorra da, eta aldizkariaren editoreek epaileei bidaliko diete artikulua, eta, epaileek eremu berean egiten badute lan, lehiakideak dira, eta zure artikulua blokea dezakete, eta bitartean zeure lanaz baliatu.

Gertatu zaizue inoiz?

Oraingoz ez, baina kasuak ezagutzen ditut. Tenperatura altuko supereroaleak topatu zituztenean, Suitzako ikertzaileek artikulu bat bidali zuten Physical Review Letters aldizkarira. Bell Laborategietako fisikariek kontrolatzen zuten orduan aldizkaria, eta atzera bota zuten artikulua. Ikertzaileek, orduan, Alemaniako argitalpen batera bidali zuten, eta han berehala argitaratu zieten, bi hilabeteren buruan. Physical Review Letters-en, ordea, Bell Laborategietan zebilen batek argitaratu zuen ikerketa. Suitzarrei Nobel saria eman zieten [J. Georg Bednorz eta K. Alexander Mueller, 1987an]. Baina zer gertatuko zen garaiz argitaratzerik izan ez balute? Besteak eramango zuen saria. Zientziaren historian ohikoak dira halakoak. Giza natura da.

Nola eragin du lehia latz horrek zuen antolakuntzan?

Beste modu batean antolatu behar zela pentsatu nuen: geuk alde teorikoa landu, eta gero esperimentatzaile talde batzuk sortu, materialak gara zitzaten, eta beste batzuk neur zitzaten. Horrela aritu gara hainbat herrialdetako taldeekin lanean. Antolaketa horrekin jauzi handia egin genuen. Physical Review Letters-en 17 artikulu argitaratu genituen 2010 eta 2012 artean. Ez dut uste munduko laborategirik handienek ere halako publikazio kopuruak lortzen dituztenik.

Sobietar Batasunean jaio zinen, eta berrogei urtez bizi izan zinen han. Nola gogoratzen duzu hura?

Historiako lehen hiru sateliteak Sobietar Batasunak jaurti zituen, Gagarin lehen kosmonauta espazioratu zuen, Titov bigarrena, Terexkova lehen emakumea… Etxean txakurra dugu, eta semeak Sultan jarri zion. Terrier bat da, eta, paseatzen dugunean, beste txakur jabeak topatzen ditugu. Horien txakurretako askok Laika dute izena [Lurraren orbitara bidalitako lehen animalia izan zen]. 1957tik dabil izen hori bolo-bolo.

Erabakigarria izan zen orduko zientzia giroa zu fisikari eta matematikari bihurtzeko?

Zientzialari asko zegoen orduan, eta heziketa oso ona zen, batez ere unibertsitateetan. Baina bazegoen oso gustuko ez nuen gauza bat hezkuntzan, orduan eta orain: beti kontatzen da iraganeko zientzialariek eginikoa. Baina ikasleak ikertzaile gisa hezteko, kontzeptuak nondik datozen eta nola garatu diren azaldu behar diezu beti. Oinarrizkoa pentsatu behar da: zergatik agertzen da fenomeno bat? Nondik dator? Zer da? Pentsamolde analitiko zientifiko hori trebatu egin behar da, eta hori ez dute inon egiten ondo.

Fisika atomikoak zientziaz haragoko interesa zuen orduan. Zientziak barik, Gerra Hotzak bultzatu zuen alorrarekiko interesa?

Niri fisikarekiko interesa piztu baino askoz lehenago hasi zen Gerra Hotza, txikia nintzenean. Orduan irratian kontatzen zuten estatubatuarrak Korea nola bonbardatzen ari ziren. Esaten zuten gurera ere heltzerik bazutela hegazkinekin. 4 bat urte nituenean, neure buruari galdetzen nion: «Non ezkuta naiteke ez hiltzeko?». Duela hamar bat urte, Los Angeles Times egunkarian irakurri nuen 1950eko hamarkadaren inguruko artikulu bat. Idazleak kontatzen zuenez, zortzi-hamar bat urtez, estatubatuarrek gutxienez 800 hegaldi egin zituzten Sobietar Batasunaren aire espazioaren gainean. Hegazkin horietako askok bonba atomikoak zituzten. 1950eko bigarren zatian, Pentagonoko jeneralek Txina bonba atomikoekin bonbardatzeko plana zuten. [Dwight D.] Eisenhower presidenteak ezetz esan zien, baina irudika dezakegu presidente ergelago bat baietz esaten.

Norbait duzu buruan «presidente ergelago bat» esatean?

Ez. Historian buruzagi aski txatxuak egon dira. Sobietar Batasunean behartuta zeuden misil balistikoen egitasmoak garatzera, ez zutelako beste aukerarik. Hegazkin estatubatuarrak sekulako altueran hegaldatzen ziren, eta Sobietar Batasuneko aireko militarrak ezin ziren horraino heldu. Bakarrik misilekin bota ahalko zituzten hegazkinak. Ordurako, Sobietar Batasunak bazituen sateliteak eta txakurrak espazioan. Misilak garatu gabe, herrialdeak ezingo zuen bizirik iraun, AEBek hegazkinekin aire espazioa menpean zutelako. Sobietarrek oso ondo egin zuten lan hori.

Eta espazioan aitzindaria izan zen potentzia hura galdu egin zen. Nola bizi izan zenuen Sobietar Batasunaren amaiera?

[Mikhail] Gorbatxovekin hasi zen kaosa. AEBentzat eta Ingalaterrarentzat, hura bakea ekarri zuen gizona da. Ongi dago bakea, baina zer preziotan? Sobietar Batasuneko jendearentzat, denaren suntsipena izan zen prezioa. Sinestezina izan zen ikustea herrialde bateko presidenteak nola suntsitu zuen bere herrialdea. Bakea bai, baina, gutxienez, aldebikoa izan behar da beti, ez alde bat suntsituta.

Zergatik onartu zuten eliteek herrialdea suntsitzea?

Kanpotik ezin izan zuten suntsitu herrialdea, baina barrutik bai. Sistema komunista, garaietara moldatu eta garatu beharrean, erabat geldotuta zegoen. Gauza on asko zeuden, baina baita txarrak ere, leku guztietan bezala. Baina beti moldatu behar da aldaketetara, eta haiek ezin izan zuten. Gorbatxovek ez zuen talenturik estatista izateko. Politikari handiak talenturik gabe datozenean, akabo! Izan ere, sekulako eragina duen jendea da. Begiratu orain Ingalaterrari.

Orduan, zientzialari askok Errusiatik ateratzea erabaki zenuten. Hori ez da edonolako erabakia. Horren txarra zen egoera?

Gorbatxovekin —eta are gehiago [Boris] Jeltsinekin—, ezin genuen bizirik iraun. Ni, esaterako, laborategi bateko zuzendaria nintzen zientzia institutu batean. Nire soldatarekin, Sobietar Batasunaren garaian, hilabete batean hirutan bidaia nezakeen hegazkinez Moskura, joan eta etorri. Horren baliokidea zen neure soldata. Ieltsinen hasieran, ordea, soldata berarekin joan-etorri bat eta berriz joateko hegazkina ordain nezakeen. Eta hilabete batzuk geroago, behin bakarrik joan ahalko nintzen Moskura, itzultzeko dirurik gabe. Ieltsinek dena suntsitu zuen. Kanpotik ikusita, zaila da ulertzea nola bihur daitekeen herrialde aberats bat pobre. Zortea izan nuen Pedrok Donostiara gonbidatu ninduelako.

Zer deritzozu Vladimir Putinen agintzeko moduari?

Ez naiz Putinen apologista, baina, errealitatea bakarrik aztertuta, Putinek salbatu egin zuen herrialdea. Ordena ezarri zuen, oreka, eta jendea berriz sinesten hasi zen herrialdean. Egunkari eta telebista askotan hemen Putin gaiztotzat daukate, baina Errusia salbatu zuen, modu objektiboan. Hura gabe, ez zen existituko jadanik. Herrialde aberatsa da; ondo gobernatua izatea besterik ez du behar. Putinek Errusiako oligarkak kontrolatu zituen, eta askok ihes egin behar izan zuten. Ez da erraza horiei jazartzea, milaka milioi baitauzkate kontuetan.

Talka kultural handia izan zenuen hona heltzean?

Bizimodu oso ezberdina aurkitu genuen hemen. Harritu ninduen zenbat betetzen zizuten platera hemen jaterako orduan. Ezin genuen horrenbeste jan! Eta jendea zein gutxi janzten den hotza egiten duenean. Han, ondo janztea hil edo biziko kontua da.

EHUn hasi zinen, Kimika Fakultatean irakasle. Gero, DIPCn. Zer ekarpen egin zenion?

Fisikaren eremu ezberdin batetik heldu nintzen, eta beste mentalitate bat ekarri nuen. Horrek asko lagundu zuen Pedrok landuriko eremua garatzen. Denborarekin, Pedroren inguruko zentroa DIPC bihurtu zen, haren ahaleginarengatik, eta, gero, mundu mailako zentro bilakatu da. Azken urteotan material topologikoekin egin dugu lan; oso eremu garrantzitsua da nazioartean, eta urtero jende asko etortzen da hona horretan lan egitera. Horrez gain, partikula eszitatuen alorrean ari gara. Gauza asko aurkitu ditugu.

Isolatzaile topologikoekin ari zarete lanean. Horrenbesteko itxaropena pizten al dizute?

Askok uste dugu material topologikoekin teknologia aurreratuagoetara jauzi egin ahalko dugula. Korrientea galerarik gabe eraman dezaketen materialak sortu ahalko ditugu. Bost urte baino lehenago ez, baina hamar urterako-edo izango ditugu prest. Munduko talde asko ari da lanean horretan, eta lehia izugarri handia dago. Orain beste artikulu bat aurkeztu dugu Nature-n, eta argitaratzea espero dugu; eta beste bat prestatzen ari gara Nature Physics-erako. Jo eta ke ari gara lanean.

Zer asmo duzu etorkizunerako?

Lanean jarraitzea. Aspergarria da jo eta ke lanean ez aritzea. Neure bizitza da.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *