Biarritz blindatzeko neurriak iragarri dituzte, G7aren bilkurak eragingo dituen protesten aurrean

Munduko zazpi potentzia ekonomiko nagusiak abuztuaren 24tik 26ra Biarritzen elkartuko dira G7aren bileran. Bestelako politiken aldeko eragileek hainbat mobilizazio iragarri dituzte, baina antolatzaileak ere ez daude geldirik: hauek dira Lapurdiko hiria prostesten aurka blindatzeko hartuko dituzten neurriak.

Kanadan egin zen iazko G7aren bilkura eta aurten Euskal Herrian egingo da (argazkia: Casa Rosada / CC-by).
* ARGIA @argia / 2019ko apirilaren 10a
Biarritzen egun horietan ezarriko diren “segurtasun guneak” zein izango diren urtarrilean iragarri zuten Pirinio Atlantikoetako prefetak eta Biarritzeko alkateak emandako prentsaurrekoan. Bi perimetro ezarriko dira, bata segurtasun berezikoa, egun horietan Lapurdiko hirian izango diren estatuburuak elkartuko diren guneetarako eta bigarrena, askoz eremu zabalagoa hartzen duena, praktikan hiriko errepide-sarbide guztiei eragingo diena.

Sud Ouest egunkariak argitaratu zuen segurtasun-eremu horien mapa.

Herritarrek eta Biarritzen lan egiten duten pertsonek seinale bereziak eraman beharko dituzte nabarmendutako guneetan ibiltzeko eta neurriak zorrotzagoak izango dira segurtasun bereziko eremuan.

Urtarrilean iragarritakoaz gain, hirian beste neurri batzuk ere hartuko dituzte herritar arruntak ez sartzeko moduko gotorleku bihurtzeko. Abuztuaren 22tik Biarritzeko aireportua itxi egingo dute eta G7aren topaketan parte hartuko dutenen hegazkinak bakarrik lurreratuko dira.

Gainera, Biarritzeko tren geltokiari ere eragingo diote segurtasun neurriek eta, Gara-ren arabera, litekeena da inguruko udalerrietako tren geltokiei ere eragitea, Donibane Lohizune, Baiona edo Hendaia besteak beste.

Frantziako Gobernuak, bere aldetik, Gipuzkoa eta Lapurdi artean zirkulazioa etetea eskatuko du bilkurak irauten duen bitartean. Europar Batasunaren oinarrizko akordioetako bat den Schengen-eko akordioa zenbait egunez bertan behera uztea eragingo luke horrek, EBko herritarrek batasunaren barruan libreki ibiltzeko duten eskubidea kolokan jarriz.

G7aren bilkura abuztuan egingo dela kontuan izanda, eta Biarritz oso hiri turistikoa dela, munduko herrialde aberatsenen bilkurak arazo logistiko handiak eragingo dituela aurreikusten da.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *