Inperialismoaren zuriketa

skripal-rusia-kolE--620x349@abc

Asier Blas (ARGIA Astekaria)

Mendebaldeak burutzen dituen esku-hartze inperialistak justifikatzeko edota erasotuari babesa ez emateko diskurtsoaren lerroetako bat, gatazken konplexutasuna azpimarratzea eta inperioen arteko talkaz hitz egitea da. Errusia inperialista omen da. Akusazio hori Latinoamerikako eskumak egiten duena bezalakoa da, esanez kubatar inperialismoa dagoela kontinente amerikarrean. Noski, propaganda baino ez da. Kontua da Latinoamerikan gaztelaniaz hitz egiten denez, Mendebaldeko ezker hegemonikoak ezin izan duela ezker eraldatzaile latinoamerikarraren kontrako diskurtsoa elikatu. Ekialde Hurbilean, berriz, herrialde sozialista ohietan, Asian edo Afrikan erraz asko defenda daiteke mezu Mendebaldar zalea. Gutxik ezagutzen dituzten hizkuntzak hitz egiten dituzte eta orain gutxira arte ingelesez edo gaztelaniaz gertakarien bertsio alternatiboak izatea ia ezinezkoa zen. Harresi linguistikoa profitatuz Mendebaldeko sektore progresista askok beraien herrialde inperialisten interesak defendatzen dituzte erasotzaileak eta erasotuak parekatuz.

XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Inperialismoa azaltzeko lanik erabilienetakoa da Leninen (1916) Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena. Liburu horretan, John A. Hobsonen lanek eraginda, inperialismoa kapitalismoaren ondorio saihestezina bezala aurkezten da, sistema ekonomiko kapitalistaren garapen logikoa eta jarraipenerako tresna bezala. Fase horretan konkurrentzia askea desagertzen da monopolio kapitalisten nagusiarengatik, enpresa eta banku gutxi batzuetan kontzentratzen da kapitala eta aldi berean aberastasun finantzarioak, paperezkoak, tamaina handia hartzen du ondasun erreal nahikorik gabe justifikatzeko bere existentzia.

Leninen aburuz, Inperialismo modernoak bost oinarrizko ezaugarri izango lituzke: a) produkzioaren eta kapitalaren kontzentrazioak bizitza ekonomikoa kontrolatuko duten monopolioak sortzen ditu; b) banketxeetako kapitalaren fusioa industrialarekin eta kapital horretan oinarrituz oligarkia finantzarioaren sorrera; c) ondasunen esportazioa ez bezala, kapitalaren esportazioak garrantzi handia hartzen du; d) mundua beraien artean banatzen duten kapitalisten nazioarteko elkarte monopolisten sorrera; e) munduko lurraldeen banaketa potentzia kapitalista garrantzitsuenen artean gauzatzen da lehengaiak, lan indarrak eta merkatuak lortzeko.

 

Bost ezaugarrietatik bat bera ere ez du betetzen Errusiak, justu kontrakoa, bere ekonomiak lehengaien dependentzia handia du. Halere, azken urteetan subiranoa izateko asmo irmoa azaldu du. Errusia munduan zorpetze tasa baxuenetako bat duen herrialdea da (ez du Mendebaldeko kapitala inportatzen); 2001ean banku publikoen kuota %35,9 zen eta %60ra igo zen 2015ean; eta estatuaren partaidetza ekonomian %35etik %50-70era (neurketa irizpideen arabera aldatzen da) pasa da Putinen garaian.

Bestalde, gure egunerokotasunean Errusia zenbat dago presente? Zenbat produktu erosten diegu? Errusiar bankuek gure ekonomia kontrolatzen dute? Federazio eurasiarrak Munduko BPGren %2 baino ez du ordezkatzen, gutxi-asko dagokiona populazioagatik. Errusiar jaiak noiz diren badakigu? Akaso Halloween, Santa Claus eta Esker On Eguna errusiarrak dira? Errusiar militarrak ditugu ateetan? Orduan zergatik estigmatizatu nahi da Errusia? Hain zuzen ere, Leninek zehazten dituen bost ezaugarri horiek dituzten herrialdeei aurre egiten dielako, bere interes nazionalaren defentsan bai, baina aurre egiten die, besteak beste, inperialismoaren esanetara jarri nahi ez diren bere herrialde aliatuei lagunduz, gaur Siria. Latinoamerikako ezkerrak garbi du, Putin ez da izango aurrerakoia, baina bai inperialismoaren aurrean aliatua eta horrela ikusten dute Evo Moralesek, Rafael Correak, José Mujicak, Luiz Inácio Lula da Silvak edo Cristina Fernández de Kirchnerrek.

 

 

 

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *