*BERRIA
Zatitutako mundu batean bizi gara, garai batean potentziek marraztutako mugen gainean zutitutako zementuzko harresi mardulez, txarrantxaz, hondarrezko murruez edo lubakiez zatitutako munduan, pertsonak, nazioak eta estatuak banatuz, lurrak bereganatuz, bizimoduak urratuz, giza eskubideak zapalduz….
Une honetan harri puskaren bat edo burdin hariren bat jartzen ariko dira munduko txokoren batean, beste bat, egunero-egunero, metroka-metroka, mapa are marra gorriagoez margotuz. Berlingo Harresia erori zenean, 1989ko azaroaren 9an, hamabost harresi zeuden mundu zabalean. Gaur egun ia bost bider gehiago dira. Milaka eta milaka kilometro axolagabekeria. Beldurraren metafora diren kilometro gorriak. Odol koloreko kilometroak.
Berlingo Harresia 155 kilometro luze zen, huskeria bat honezkero. Zaila da jakitea munduan zenbat harresi dagoen egun, ariketa ia ezinezkoa, paraje urrunetan daudelako batzuk, sekretismoak ezkutatuta, ahaztuta beste asko, desertu idorretan, eta egun batetik bestera sortzen direlako beste asko, bertakoentzat ez bada nazioartean arreta gehiegi deitu gabe.
Quebeceko Unibertsitateko Elisabeth Vallet irakasleak 2014. urtean egindako lanaren arabera, urte hartan 65 harresi zeuden munduan. Europan, baina, dozena erdi bat hesi egin dituzte azken bi urteotan errefuxiatuen exodoa oztopatzeko, beraz, 70 bat harresi izan daitezke egun herriak zatitzen dituztenak.
BERRIAk ariketa bat egin du. Munduko 25 harresi esanguratsuenen kilometroen batuketa. Emaitza itzela da: 19.758.Txinako Harresiak ia adina kilometro —21.196—. Euskal Herriari hamabost bat buelta emango lioke harresiak.
Elisabeth Valletek Borders, Fences and Walls. State of Insecurity? (Mugak, Hesiak eta Harresiak. Segurtasunik gabeko egoera?) liburuan jaso ditu bere ikerketak. Harresiak estatuen botere mekanismoak direla ondorioztatu du, baina historiari erreparatuz, harresien funtzioa aldatuz joan dela dio: «Garai batean subiranotasuna aldarrikatzeko estratagema ziren harresiak, inbasioak saihesteko egitateak, azken urteotan, berriz, segurtasunaren izenean eraiki dira harresiak, armaden bidea galarazi beharrean, pertsonena galaraziz».
2001eko irailaren 11ko erasoen ostean segurtasunaren izenean zutitutako harresien kopuruak nabarmen egin zuen gora. Ikerlariak zehazten duenez, erasoetatik hamar urtera, 2011n, bikoiztu egin ziren harresiak —45—.
Harresien eraginkortasuna, baina, zalantzan jartzen du Valletek: «Txinako Harresiak ez zuen mongolen inbasioa saihestu, eta egungoek ere ez dute laguntzen segurtasun ezaren sentipena arintzen, eta beldurra baretzen. Horren aitzakian egiten dira, baina ez dute funtzionatzen».
Iritzi horrekin bat dator Emmanuel Brunet-Jailly. Kanadako Victoria Unibertsitateko irakaslearen hitzetan harresiak, «akaso», politikarientzat dira beharrezkoak: «Mito bihurtu dituzte harresiak eta mito horretan oinarrituta egiten dituzte orain ere pertsonen kontrako harresiak».
Gerra Hotzaren izpiritua
Errefuxiatuen exodo handiekin etorri da harresien azken hazkundea. Europara begiratzea baino ez dago horretaz ohartzeko. 2014tik ia 500 kilometro hesi jarri dituzte estatu kideek kontinente zaharrean errefuxiatuen zeharkaldia oztopatzeko. Balkanetako estatuek, mugak ixtearekin batera, domino efektuan jarri zituzten alanbrezko hariak.
Susan Fratzke Washingtongo Migrazio Politika Institutuko analista politikoak «neurri populistatzat» jo ditu hesiak: «Harresi horiek izan dira dramatikoenak». Schengen eremuan mugimendua trabatzea eta muga nazionalak gotortzea «iritzi publikoan eragiteko» izan dela uste du: «Harresi fisikoak dira, baina harresi mentalen adierazle dira».
Gerra Hotza amaitu bazen ere, orduko izpiritua, mundua bi bloketan zatitu zuena, bizirik jarraitzen duela agerian geratu da azken urteotan, zatiketaren arrazoiak bestelakoak badira ere. Ekialde komunista eta mendebalde kapitalista banatzen zituen harresi antifaxistak, oraingo harresiek, berriz, pobreak eta aberatsak zatitzen dituzte.
Donald Trumpek Mexikoko muga guztiz zigilatzeko egin nahi duen harresia da zeresan handiena eman duena, baina, dozenaka dira munduan helburu berdinarekin zutitutakoak. Latinoamerikako hainbat hiriburutan auzoak banatzen dituzten hesiak daude aspalditik, eta hainbat eta hainbat estaturen arteko mugetan ere pobreen bidea oztopatzen dituzten hesiak eta harresiak daude.
Auzitan da, ordea, harresien eraginkortasuna. Migrazio Politika Institutuaren ikerketa baten arabera, 2009an, AEBetara Mexikotik sartzen saiatu ziren herritarren %97k lortu zuen euren helburua.
Reece Jones Hawaii Unibertsitateko ikerlariak hitzetan jarri ditu datu horiek. Bere ustez, pertsonek berdin berdin gurutzatzen dituzte mugak, horretarako bizitza arriskuan jarri behar badute ere: «Murruek ez dute gerratik edo gosetik, etsian, etorkizun baten bila abiatzen direnen ametsa zapuzten. Mafiei ordainduko diete, tunelak egingo dituzte, basamortuak edota itsasoak zeharkatuko dituzte, baina euren ametsari eutsiko diete. Beste bide batetik edo beste metodo batzuen bidez, baina mugak zeharkatzen saiatuko dira ».
Harresiek, beraz. bide arriskutsuagoak zeharkatzea dakartzate, eta horietan errazagoa da heriotza aurkitzea. Berlingo Harresia zeharkatzeko ahaleginean, 300 lagun hil ziren, zenbaki hutsala hori ere egungo datuekin alderatuta. Migrazioen Nazioarteko Erakundearen arabera, 2000. urtetik 40.000 lagun hil dira beste herrialde batera joateko ahaleginean. Egunero egunero hiltzen da pertsonaren bat mugaren bat pasatzeko saiakeran. Indiak Bangladesheko mugan eraikitako harresian, esaterako, lagun bat hiltzen da bost egunetik behin. Badira, ordea, datu gertuagoak: iaz 5.097 lagun ito ziren Mediterraneoan —mundu osoan 7.495 migratzaile zendu ziren—.
Gizagabea
Harresien eraikuntzarekin giza eskubideak urratzen ari direla salatzen dutenen ahotsak gero eta irmoagoak dira. Human Rights Watch eta Amnesty Internationalek etengabe aldarrikatu dituzte iheslarientzat zeharkaldi seguruak. John Dalhuisen AIko kidearen ustez zeharkaldiak ixtea «legez kanpokoa izateaz gain, gizagabea ere bada». Nazioarteko legedietan jasotzen diren eskubideak ere urratzen ari direla salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek, merkantziak alde batetik bestera erraztasun osoz pasatzen diren bitartean, pertsonentzat zailtasunak gero eta handiagoak direla zehaztuz. Harresiak eraikitzeko negozioez ere ohartarazi dute, hala nola, harresiak zaintzeko enpresa militarren hazkundeez, askotan gobernuen esku hartzearekin.
Eduardo Galeanok esan zuen moduan, krisian dagoen mundu baten ikur dira harresiak. Espejos (Ispiluak) liburuko pasarte batean horrela dio: «Izorratua dagoen gure mundu honek hesia du ikurrik gailena. Zitaltasun eta lotsaren harresiak, han eta hemen. Batetik, hirietako hesiak, badutenak eta beharra dutenak bereizteko. Hesiez bestaldean, besteen errealitatea dago».