«Donbass: Gerra Europaren bihotzean» dokumentala Arrasaten estreinatuko da Ekainaren 11n

Mikel Arregi «Pollu» eta Ibai Trebiño kazetari arrasatearrek iaz Ukrainako Gerra bertatik bertara ezagutu zuten. Han lortutako materialarekin dokumental bat prestatu dute, horretan urte oso bat egin dutelarik.

Komunikabide masiboek ez dituzte Ukrainako Gerra zibilaren errealitate ugari azaltzen.

Kieveko Maidan plazako mobilizazioen ondoren ukrainar oposizioak orduko Yanukovitx presidentearen aurkako estatu kolpe bortitza eman zuen 2014ko Otsailean.

Geopolitikak gerra berri bat piztu zuen, Europaren bihotzean, ukrainar nazionalisten eta Ukrainako errusiar-hiztunen artekoa.

MikelArregiIbaiTrebino
Mikel Arregi «Pollu» eta Ibai Trebiño

Hori jakinik, eta gerrako itzal horietan argia jartzeko asmoz, Ibai Trebiño eta Mikel Arregi kazetari arrasatearrek gerra frontetik informatzea erabaki zuten.

 

Ibai kazetari lanetan ibilia zen 2014ko irailean eta azaroan Donbassen. 2015eko martxoan, berriz, Mikel Arregi lankidea eta biak erreportari aritu ziren.

Prestaketa lan nekosoen ostean, lehenengo Krimearen egoeraz informatu zuten, Itsaso Beltzaren bazterretik.

Handik egun batzuetara, gauza bera egin zuten Donbassetik (Donetsk eta Lugansk eskualdeetatik, hain zuzen), gerra frontean izan zirelarik.

Aste horietan zehar, lantaldeak tokian tokiko lekukotzak hartu zituen, eta lehen eskutik ezagutu zituen hango errealitateak.

Horietan guztietan oinarriturik, kronika idatziak eta ikus-entzunezko albisteak helarazi zituzten handik.

Lan horiek Argia, Berria, Radio Euskadi, Mondraberri.eus eta beste komunikabide batzuek zabaldu zituzten.

Gainera, han lortutako material guztiarekin dokumental bat egitea erabaki zuten. Diru-laguntza lortze aldera, 2015ean «crowdfunding» kanpaina bat hasi zuten, herritarren artean laguntza ekonomikoa lortuz.

Urte oso bat egin dute «Donbass: Gerra Europaren bihotzean» dokumentala prestatzen. Edizio lanak, produkzioa, itzulpenak,… beraiek egin dituzte, inguruko lagun batzuen laguntzarekin.

Azkenik, dokumentalak argia ikusiko du, estreinaldia Ekainaren 11n izango delarik, Amaia Udal Antzokian bertan.

Dokumentala pantailaratu ostean, herritarrek galderak egiteko aukera izango dute, eta azkenean luntx bat ospatuko da.

mondraberri-logo