Donbass: Gerra Europaren bihotzean dokumentala kaleratzeko diru bilketa martxan jarri du ARGIAk Karena.eu plataforman. Ibai Trebiño eta Mikel Arregi kazetariek Ukraina, Krimea eta Donbassen jaso dituzten lehen eskuko testigantzetan oinarrituta dago lana.
10, 15 eta 20 euroko laguntzak sortu ditugu, trukean izena kredituetan, dokumentala DVD formatuan eta argiaren kamiseta jasoko dute ekarpena egiten dutenek. 50 euroko ekarpen berezia ere prestatu dugu, dokumentalaren emanaldia eta egileekin solasaldia antolatuko genuke ordainetan. Ondorengo helbidean dago ekarpena emateko aukera: www.karena.eu/proiektua/donbass-gerra-europaren-bihotzean
“Donbasseko gerra-frontera joateko asmoa daukagu Mendebaldeko masa komunikabide gehienek erakusten ez duten beste aldeari –ezkutatzen duten besteari– ahotsa emateko”. Oso argia izan zen Trebiñok eta Arregik ARGIAko lantaldeari egindako proposamena. Gogoz heldu zioten abenturari eta horren emaitza dira argitaratu ditugun erreportajeak, argazki-bildumak, bideoak eta iritzi artikulu ugariak. Ikuspegi kritikoz jorratutako lanak, Europako kazetari gutxik jaso duten lehen eskuko testigantzez lagunduta.
Lan oparo horren emaitza biribiltzera dator Donbass: Gerra Europaren bihotzean dokumentala. Euskal Herriko jendartearen gehiengoarentzat oraindik oso ezezaguna den gerra baten testuingurua eta ondorioak azaldu nahi dituzte ARGIAk sustatutako dokumentalaren bidez. Dozenaka orduko grabazioak editatzeak, euskaraz gain beste hainbat hizkuntzatara itzultzeak (ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz, italieraz…) lanaren produkzioaren kostuak… lan handia dago dokumentalaren atzean. Beraz, lana baldintza egokietan egin ahal izateko eta egileek –freelance gisa– egin duten lanak ordainsari duina merezi duelako, diru-ekarpenak jasotzeko crowdfundinga abiatu dugu.
Jatorrizko dokumentalaren bertsioa euskaraz izango da, gaiak Euskal Herritik kanpo duen pisua ikusita, gaztelaniazko eta ingelesezko bertsioak ere gehitu nahi dizkiogu. Crowdfundingaren bidez lortuko dugun diruaren arabera beste hizkuntza batzuetara itzuliko dugu (katalanera, frantsesera…).
Euskal Herrian sortua, euskaraz pentsatua eta baliabide gutxiagorekin eginik ere, munduko geopolitikaren lehen lerroko gai bati heldu nahi diogu. Jakitun garelako, komunikabide handietako jabeen interes ekonomikoek behartuta, ezkutatzen den ikuspegiaren zabalpena hedabide independenteen esku baino ez dagoela.
“Donetskeko zenbait auzo erabat suntsituta daude. Zutik iraun duen ia ezer ez da. Asko hunkitu ninduen sotoetan sartuta bizi zirenen bizimoduak. Zenbait familiak hilabeteak daramatza aire erasoen aurkako babeslekuetatik atera gabe, oso egoera tamalgarrian bizirauten. Hori bezalako gerraren eragin zuzenak jaso ditugu”, dio Mikel Arregik.
2014ko otsailean Kieven izandako gertaeren ondotik aldaketa politiko sakona bizi izan du Ukrainak. Maidan izenarekin ezagun egin ziren protesten ondoren, estatu kolpea eman zuten. Ukrainako egoera politiko, ekonomiko eta sozialean aldaketa sakonak gertatu dira harrezkero.
Apirilean, Kieveko agintari berriak onartzen ez zituzten Luhansk eta Donetskeko herritarrak altxatu egin ziren, eta erantzun moduan, Ukrainako presidente Poroxenkok Donbasseko Gerra abiatu zuen. Europan aspaldi ikusi gabeko anabasa humanitarioari hasiera eman zion gerrak –1.500.000 errefuxiatu eragin ditu– eta hara joatea erabaki zuten dokumentala egitera; Krimean eta Donbassen bizitakoa, entzundakoa eta ikusitakoa dokumentu historiko bezala jasota gera dadin.