Oxandabaratz (Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komiteko kidea)

Berriki jakin izan dugu Turkiako legebiltzar hauteskundeetan nagusiki kurduez osatutako HDP Herriaren Alderdi Demokratikoaren arrakasta nabarmena. Botoen %10a lortuz, alderdi bezala Turkiar Legebiltzarrean sartzea lortu du, alderdi “kurdu” batek lortzen duen lehen aldia da hau. Komatxoen artean jarri dut “kurdu” hitza, hain zuzen ere, alderdi honek bere burua ez baitu soilik kurduen alderditzat, zanpatutako gutxiengo (etniko, zein generozko, zein ekonomiko) guztien alderditzat baizik. Hala adierazi zuen HDPko buru Suleiman Demirtasek hauteskunde gauean “HDP orain turkiar Estatuko alderdi bat da”, hau da, turkiar Estatuaren biztanle (zanpatu, zokoratu) guztiena izan nahi duena. Halako ideiak kartzelan dauden buruzagi kurdu abertzale eta Kurdistango Langileen Alderdiko (PKKko) buru historiko eta erreferente moral den Abdallah Öçalanen pentsamoldetik datoz.
Öcalanen ideia berritzailea “Konfederalismo Demokratikoa” deritzona da; anarkismotik zertxobait, eta batez ere asanblearismo horizontaletik edaten duen ideia honek, nazio-arazoari dagokionez, Estatu-nazioaren ideia “borondatezko batasun konfederatiboen” ideiarekin gainditzea proposatzen du; proiektu plurinazional honek, logikoa denez, itsasgarri bezala jokatuko zukeen eredu berri askatzaile bati lotuta joango delarik. Azkenotan, euskal prentsan irakurri ditugun ekintzaile kurduen ahotan behin eta berriz entzun izan dugu “Estatu kurdu batek, arazoak konpondu baino, berriak sortuko lituzkeela” bezalako ideiak; Estatuari dario diezaiokeen bertikaltasuna eta homogeneizatze-jarrera, Ekialde Hurbila bezalako etniez osatutako eskualde batean are gehiago, arrisku bat izan daitekeelako. Beraz, kurduek euren Estatu independentea eraiki beharrean, beste herriekin Estatu (edo dena delako) plurinazional batean murgildu edo elkartu beharko lirateke.

Ni ez naiz nor kurduen estrategia edota euren alderdi abertzaleen ideologia epaitzeko, ez baitut hango egoera eta bizi izan duten gogorkeria ezagutzen. Baina deigarri egin zait gure arteko iritzigile batzuen jarrera, batez ere ezker independentistaren inguruan egon den jarrera. Aho batez txalotu izan dute kurduen biraketa ideologikoa, “erreferente ideologikoa”, independentzia beste herri batzuekin batera eredu sozial berri bat eraikitzearen ondoan azkenesten duena. Alta, halako ideologia orain babesten dutenek historikoki, halako ereduak errealak zirenean, kontrako jarrera babesten zuten. Eredu konkretu bi jartzearren: Jugoslavia edota Sobietar Batasuna, zeintzuk eredu berri baten oinarritutako eraikuntza plurinazionalak ziren, oso arbuiatuak izan ziren nazio-zapalketaren (serbiar edo errusiar) mozorro soil bailiran. 1991ko prozesuak anitz txalotuak izan ziren batean edo bestean, “Nazioen askatasunaren” izenean, nahiz eta prozesu horien atzean eredu atzerakoiago bateranzko atzerapausoa gertatu.

SESBko errepublika gehienak 1991ko martxoan batasuna mantentzearen alde agertu ziren, ez “independentziaren” alde. Eredu soziala eredu nazionalaren aurretik lehenesten zuen autodeterminazio-ariketa baten aurrean gaude. Azkenean ordea, SESBeko eliteek bultzatutako usteltze prozesuak sezesioak erraztu zituen bestelako eskema batekin: kasu hauetan independentzia ez zen tresna bat askapen sozialerako, baizik eta helburua berez. Ildo horretan, gurean ikusi izan ditugu, berriki ere, Lituaniako, Mazedoniako edota Esloveniako banderak eredu politiko gisa. Ez zen kontutan hartu ere egiten herri horiek, parez-pare, eta ez menperatzaile-menperatu eskema batetik, elkartzeko hautua egin zutela (bai 1917ko Iraultzan, zein 1941-1945ko alemaniarren aurkako borrokan, eta SESBn 1991ko erreferendumean).

Autodeterminazioaren ebazpen hori, orain kurduen kasuan defenditzen dena da; baina orduan Jugoslavia Sozialistako edo SESBko federazioen (herri anitz erreferente progresista batekin) alde ginenak (edo eredu politiko edo esperientzia historiko gisa oraindik ere babesten ditugunak) laidoztatuak ginen eta gara. SESBko errepublika gehienak 1991ko martxoan SESB mantentzearen alde agertu ziren, autodeterminazioaren bidez eredu soziala lehenetsi zuten eredu nazionalaren eta independentziaren aurrean. Orduan sobietar herriek hartutako erabaki demokratikoa defendatu genuenoi “Estatu handien alde” geundela esaten zitzaigun nazio-estatua balio absolututzat jotzen zutelako. Finean, Estatu handietako nazionalistek eta abertzaletasun kulturalistak bat egiten baitute horretan, Estatu bat = nazio bat ekuazioan, bestelakorik ezinezkoa bailitzan. Bientzat Estatu nazioanitzak (sozialistak ala ez) anomaliak dira, batzuentzat gutxiengoen nazioak Estatu-nazioaren baitan homogeneizatu behar direlako eta besteentzat gutxiengoak, gutxiengo izanagatik beti zanpatuak egongo direlako.

Abertzaletasunaren sektore batek, nazio-borroka erabat lehenetsi izan du, nazio-Estatuaren ideia bere eginez: hizkuntzen mapak eta mapa politikoak zenbat eta gehiago bat egin behar izan zuten, nazio-Estatuaren ideia burges-ilustratua bere eginez. Sarri, mugimendu abertzalearen barna, kanpoko gatazkak aztertzerakoan, euskal eskemaren unibertsalizaziotik abiatu izan da: X lurraldeko gatazkan “Xko euskaldunak” eta “Xko espainolak” identifikatzetik, nazio-arazo guztiak berdinak izango balira bezala; hala ez direnean, mundu guztiko gatazkak ez dira eta ez dute zertan izan behar Euskal Herriko gatazkaren ispilu. Azken eredua, Novorossija, entzun izan ditugu Donetsk eta Luganskeko erreferendumak “Araba eta Nafarroa Euskal Herria aske hipotetiko batetik Espainiarekin birbateratzeko bereiztearen baliokideak” izango bailiran gisa baloratzen, Ukrainako edota Novorossijako auzi nazional konkretuaren inguruko azterketarik egin gabe. Edo Kosovoren kasuan egin zen erridikulua, ezkerreko mugimendu batek AEBren kolonizazio prozesu argi bat txalotu izan zuen nazioarteko muga politiko batzuk aldatu zirela eta. Joera horrek “eredu sozial” aurrerakoiago bat, eredu sozialista zituzten Estatuak arbuiatzera eraman izan ohi izan du.
Kurduen biraketa politikoa dela eta nazio-estatuaren ideia absolutuaren gainditze hau ez dut nik arbuiatuko. Hala ere beranduegi datorrela deritzot, bi estatu sozialistaren desagerpenaren ondoren, eta desagerpen honi buruzko ahots kritikoen gabezia hain larri izan denean. Balantzea eginez gero, Jugoslaviaren kasuan zentratuz, nazioaniztasuna Estatu-nazioarengatik ordezteko prozesu horrek Öcalanen amesgaiztoa (gatazka nazionalak okertzea) suposatu izan du (bai eredu sozial atzerakoiagoa ekarri duelako eta bai nazio gatazkak okertu zituelako). SESBen kasuan, 1991n ez zen gatazka nazionalik okertu, bai ordea sistema sozio-ekonomikoa. Beraz, HDPren garaipenaren beste ondorio positibo bat hauxe da: noizbait SESBen eta Jugoslaviaren disoluzioari buruzko azterketa kritiko bati berriz heltzeko aukera izateko leihoa zabaltzea.