Ibai Trebiño (BERRIA, 2015-IV-10)
Sobietar Batasunaren garaian 40 meategi izan ziren zabalik Makievkan, eta orain bederatzi baino ez daude martxan.Hiriko lanpostuen %25 oraindik ere meatzeei lotutakoak dira

Lugansketik Donetskera doan lur eremua da Donbass. Sobietar garaiko industria eskualde garrantzitsua izan zen, orduko propagandak Errusiako langileen bihotz gisa definitzen zuena. Metalurgia eta meategiak izan dira lurralde horren motor ekonomikoa, eta, sobietar garaien osteko krisiak eta pribatizazio politikek zuzenean eragin bazieten ere, etorkizunari esperantzaz begiratzen diote meatze arro honetan.

Donbassen erauzten den ikatza batez ere metalurgiara —hau da, hango sektore industrial nagusira— eta energiara bideratzen dela azaldu du Liaxenkok. Meatzeen ezaugarriez mintzatzean, «gaur egun meategiek mila metro baino gehiagoko sakonera» dutela azaldu du. Sakonera handia, inondik ere, 1970eko hamarkadan hobiak «ehun metroko barrentasunera soilik» zabaltzen baitzituzten. «Ikatza agortzean, hurrengo bidea beherago egiten da, gero eta beherago, eta horrela iritsi gara horraino» azaldu du Liaxenkok. Urte luzeetako ustiapenaren ondorioz, produkzio kostuek gora egin dute, eta ikatzaren prezioa asko garestitu da.
Gogorra eta arriskutsua
Ikatza erauztea lanbide gogor eta arriskutsua da. Europako meategi arriskutsuenak Donbassen daudela eta horregatik meatzariak heroitzat hartzen dituztela azaldu du Liaxenkok. Joan zen martxoaren 4an, Kivski auzoko Zasiadeko meategian metano gasak eragindako leherketa baten ondorioz, 30 pertsona baino gehiago hil ziren, esaterako. Larriena izanagatik, hori ez da azken urteetako istripu bakarra. 2007an, 107 pertsona hil ziren meategi berean.
Ez da Donetskeko meatzeetan halako ezbeharrak izan diren lehen aldia. Hori da, hain zuzen, Makievkako Baxanova putzuaren kasua. «Oso lan arriskutsua» dela dio Anatoli Mozgolev zuzendariak: «Baxanovan ere istripu larria izan genuen 2011ko abuztuan, eta 14 pertsona hil ziren».
Baxanova, istripua baino lehen, Makievka hirian zegoen meategirik garrantzitsuena zen. Orain, ezbeharrak eta meategietan bermatu beharreko segurtasun neurriak dituzte kezka, eta horretaz aritu zaio Mozolev zuzendaria BERRIAri, meategiko bulegoan. «2011ko ezbeharraren ostean, Ukrainako lehen ministroa hemen izan zen, eta ikerketa martxan jarri genuen», azaldu du. «Orain, meategia geldi dago; mantentze lanak baino ez ditugu egiten», dio tristuraz.
Donetskeko gobernu berriaz «gauza onak eta konpromisoa» espero dituela dio Mozolevek, eta «sobietar garaian bezala, sektore estrategikoen, industriaren eta meatzeen nazionalizazioa» bideratu behar lituzkeela uste du. Sobietar denboren osteko Ukrainak meategien sektorea bere menpe eduki zuela aitortzen badu ere, SESB desagertzeak industria «hondoratu» zuela dio, amorruz. Segurtasuna eta lan baldintzak hobetzeko erronkan «nazionalizazioak segurtasuna bermatzeko» helburua eduki beharko lukeela azpimarratu du.
Zasiadeko meategiko ezbeharrak lehen ondorioak izan ditu jada, Alexander Zakhartxenko presidenteak meategia nazionalizatu egingo dutela iragarri baitu. Donetskeko gobernuaren nazionalizazio kanpainaren barruan egingo den operazioa da meategiena ere. Neurri horrekin, Zakhartxenkok lan istripuak etetea eta lan baldintzak hobetzea espero du, sektore horretan lan egiten duten milaka meatzariek bezala.