Ibai Trebiño (Berria)
2015-IV-2
Ukrainako agintari kolpistei erantzuna emanez, hemen hasi ziren krimearren herri matxinada eta Krimeako udaberria. «Nazionalistaz bete zaigu Ukraina, Maidango estatu kolpearen ondoren, eta gure hautu bakarra borrokatzea izan da. Jende gehienak hartu zuen parte mobilizazioetan eta miliziak eratzeko deialdian, tatar askok ere bai», dio Katiak, gazteleraz eskas mintzo den gazte krimearrak. Denboraren Esentzia talde komunistaren jarraitzailea da Katia, baita Maidan mugimenduaren aurkako ekintzailea ere.
Sebastopol hiria errusiarrek sortu zuten 1783an, eta ordutik, Errusiako armadaren egoitza izan da. Egun, Ozeano Bareko base militarrekin batera, Errusiak dituen base geoestrategiko garrantzitsuenen artean dago. Krimeako krisia hasi zenean, Errusiak bere soldaduak inolako bereizgarririk gabe penintsulan sakabanatu zituen, independentziarako erreferenduma bermatu zezaten. «Ezin da inbasio batez hitz egin, hemengo gehiengo argi batek independentziaren aldeko hautua demokratikoki egin duenean», dio Katiak. 2014ko martxoaren 16ko erreferendumean, %97k aldeko botoa eman zuten.
Bada Krimean emandako prozesuarekin ados ez dagoenik ere. Vladimir, esaterako, taxi gidaria da Simferopolen. «Ukrainarra» dela eta Errusia ez zaiola gustatzen adierazi du ingeles makal batean. «Zer pentsatuko zuketen espainolek Kataluniak independentzia aldarrikatuko balu?», dio haserre handiz. Vladimir ukrainera hiztuna da, eta errusiera ere menperatzen du.
Ukrainarrez gain, tatarrak ere badira Krimean. V. mendean penintsulara heldutako musulmanak dira, eta bertako lehendabiziko biztanletzat jotzen dituzte askok. Katiaren esanetan, ordea, «Krimeako aitzindariak greziarrak dira». Tatarren harira, Katiak azaldu du bi alderdi tatar nagusiek Krimearen hautuarekin bat egin zutela, ez, ordea, Errusian debekatuta dagoen Medzhlis talde islamista erradikalak. Krimean, Sebastopoleko hiri autonomoan ez bezala, hiru hizkuntza ofizial dituzte: errusiera, tatarera eta ukrainera. Ukrainako Gobernuak errusiar hizkuntzari bere estatusa kendu eta Ukrainako beste gutxiengo etnikoen jazarpena bermatu egin du.
Atzo, baina, Krimeako tatarren hedabide ia guztiei lanean jarraitzeko baimena ukatu zien Errusiak. ATR eta Lale telebistak, QHA berri agentzia, Avdet egunkaria eta Maydan irratia, besteak beste, lizentziarik gabe geratu dira.
Ukraina berriarekin bat egiten ez duten militante politiko nahiz Donbass eskualdeko gerratik ihes egindako zibil askok babesa aurkitu dute Krimea berrian. Hori da Elenaren kasua: Kieven gaztelaniazko irakaslea zen, eta, Maidango gertakarien ondoren, egoera jasangaitzetik ihes egitea erabaki zuen. Haren bikotekide ohiaren kasuan, berriz, Jarkovetik ihes egitera derrigortu zuten Ukrainako autoritate berriek. Biok Krimean lasai bizi direla onartzen badute ere, Antonoven kasuan Kharkoven utzi duen familiagatik kezkatuta dago. «Familia mehatxupean bizi da Kharkoven eta, noski, ezin da lasai egon», esan digu Elenak.
Sergeik Zaporizhia hiria utzi zuen orain dela urtebete. Ukrainan ez zen gustura bizi, eta Krimeara «lanera» etortzea erabaki zuen. Arrazoi ekonomikoez gain, ez zuela «gerran dagoen herrialde batean» bizi nahi nabarmendu du: «Bakezalea naiz, eta ezin naiz Ukrainan bizi». Krimean badaude Sergeiren gisako iheslari ekonomikoak ere. Ukrainako ekonomia oso kaltetuta baitago, eta ez da inolako lan aukerarik.
Errusia Batuak duen egoitza kanpoan, alderdiko gazte erakundeko neskato batzuk daude bilduta. Europako Batasunak Krimeari ezarritako zigorrei buruz galdetuta, «inolako kalterik» ez dietela eragin diote; aitzitik, «sektore estrategikoen nazionalizazioaren bidetik» Errusia indartzen lagunduko dutela diote.
Agerikoa da Krimeako jendearen artean bizimodua ez dela asko aldatu. Krimearrek uste dute ekonomikoki «lehen bezala» jarraitzen dutela, Ukrainak okerrera egin duen aldean. Askoren hitzetan, AEBek Errusiaren aurka jarritako zigorrek kalte handiagoa egiten diote Europari, Errusiari berari baino. Herritar askok argi dute arlo geopolitikoan zigorrek «Eurasia blokea» ahultzea eta zatitzea dutela helburu. Zigorrak? Guri bost, halaxe dio Sebastopoleko azokan salgai dagoen kamiseta batek.
Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komitearen oharra: Jatorrizkoan agegertzen den «jarkov», «Kharkov» adieraz ordeztu dugu.