
Aireportuan su-etenik ez
ESLA Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundeak jakinarazi du azken egunetan alde biek su-etena urratu dutela. Kieven arabera, matxinoek zortzi bider urratu dute su-etena azken 24 orduetan. Eduard Basurin Donetskeko herri errepublikako Defentsa ministroaren arabera, berriz, tarte berean Kievek hogeita sei aldiz urratu du Minsken otsailaren 11n Alemaniak, Frantziak, Errusiak eta Ukrainak adostutako akordioa.
Donetsk iparraldeko Gorlovka herrian «zibilen aurka su egitea» egotzi dio Basurinek Ukrainako armadari. Izan ere, aireportu inguruetan izan dira borrokarik latzenak. Spartak herrian, esaterako, ukrainar armadak hamahiru aldiz urratu du su-etena GRAD misilekin egindako erasoekin. BERRIAk erasoen tokian bertan ikusi ahal izan duenez, aireportu inguruan dagoen herri horren aurkako bonbardaketa masiboa izan zen igandean, eta kalte handiak eragin dituzte industrialdeetan eta etxebizitzetan.
Donetskeko aireportuak autodefentsarako milizien esku jarraitzen du, eta bonbardaketak areagotu egin ditu ukrainar armadak azken egunotan. Iparraldetik misilez egindako erasoen lekuko izan da BERRIA, eta Veslve herrian eta aireportuaren hegoaldean dauden bizitegi guneek ere eraso batzuk pairatu dituzte.
Horrez gain Lilia Rodionova gerra presoen batzordeko buruak jakinarazi du Donetskeko gobernuak eten egin duela ukrainar soldaduen gorpuen entrega, «Kievek bere konpromisoak betetzen ez dituen artean». Donetskeko gobernuak aireportuan hildako 22 soldaduren gorpuak batu ditu. Agintari matxinoek salatu dutenez, «Kievek ez du gure soldatuen gorpuak entregatzeko asmorik», eta horregatik, «ukrainar soldatuen gorpuen entrega etetea» erabaki du.
Tentsioa ukrainarren aldean
Ukrainako Gobernuaren menpeko armada osatzen duten batailoien arteko liskarrak ere nabarmenak izan dira azken egunotan, eta Igor Koloimoski oligarkaren eta Poroxenkoren arteko haustura gero eta nabarmenagoa da: Koloimoskiren gizon armatuek Ukrtransnafta gas industria nazionalaren egoitza okupatu zuten berriki, eta Koloimoski Dniepropetrovskeko gobernadore kargutik kendu egin zuen Poroxenkok.
Iragan larunbatean «Ukraina batuaren» aldeko manifestazioa egin zuten Dnipropetrovsken oligarka israeldar-ukrainarraren jarraitzaileek. Ekitaldian Dimitri Jarox parlamentariak ere —Pravi Sektor talde ultraeskuindarraren buruak— hartu zuen parte.
Atzo bertan, bestalde, nazioarteko tropei Ukrainan maniobra militarretan parte hartzea ahalbidetuko dien legea sinatu zuen Poroxenkok. AEBeko tropekin hiru ariketa eta Poloniakoekin beste bi aurreikusi dituzte aurten.
Oharra: Jatorrizkoan zegoen «Yarox», «Jarox» adieraarengatik rdeztu dugu, hori baita euskarazko forma zuzena