Jatorrizkoa bertsioa errusieraz: PolitNavigator
Ingelerazko bertsioa: Greg Butterfield (Red Star Over Donbass bloga)
Euskarazko itzulpena: Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komitea
Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komitearen oharra: Idatzi hau pixka bat zaharra da. Bertan, Ukrainako Borotba (Borroka) erakunde marxistak Errusiako oposizioko liderretako batek, Ilia Ponomariovek esandakoari erantzuten dio. Ponomariov, ezkerretik datorrena (Alderdi Komunistako kidea izan zen), 2012an Errusiako Duman Bidezko Errusia alderdi nazionalista eta sozialdemokrataren parte aukeratua izan zen. Azkeneko urteetan oposizio liberalarekin (Navalni, Nemtsov, Sobtxak) elkartu izan da, oposizio demokrata-liberal mendebalzaleari ezkerreko aurpegi bat emanez. 2014an Krimeak Errusiarekin bat egitearen aurka bozkatu izan zuen diputatu bakarra izan zen, eta beraz, Bidezko Errusia alderditik kanporatua izan zen. Greg Butterfieldek esaten duenez, azkenaldian Ponomariovek AEBtako konferentzia inperialistetan zein eskisto-gasaen ingurukoetan (2015, Vartsovia, Polonia) parte hartu izan du. Nahiz eta oso herri babes gutxi izan, eta Borotbarekin izandako polemika honek pisu handirik ez izan, hemen kontatzen dena euskaratu nahi izan dugu, Borotbak emandako erantzunak gurean iritzigile batzuek Maidan “ezkerretik” justifikatzeko erabiltzen dituzten mitoak, Ponomariov berak erabiltzen dituenak, “hasieran bai ezkertiarrak zein eskuindarrak, herri osoa zegoen Maidanen”, “Maidan berez aldaketarako aukera bat izan zen, geroagoko gobernuak zapuztu zuena” bezalakoak gezurtatzen dituelako.
Ukrainar ezkertiarrek Errusiako Dumako diputatu eta AEBn bizi den Ilia Ponomariov azpijokoan aritzeaz salatu dute Honela erantzun diote Ponomariovek Kieven prentsaurreko batean esandakoei.
Bereziki, kazetariek Ponomariovi bere ezkerreko aliatuak, Ukrainako Alderdi Komunista (KPU) eta Borotba Batasuna Maidanaren garaipenaren ostean jasotzen ari deiren errepresioarengandik zergatik ez dituen defendatzen galdetu zioten.
“Ez dut uste Alderdi Komunista ezkerreko alderdi bat denik, talde oligarkiko bat da Aspaldi utzi zion ezkerreko alderdi izateari. Ezkertiar batzuk oraindik han daude, baina beherakadan dago duela urte asko.
Saiatu nintzen, gogor saiatu ere, Borotbak paper bat izan zezan, baina ez nuen lortu, iraultzaren ostean Die Linke alderdi alemaniarraren ukrainar bertsioa izateko aukera izan bazuten ere. Zoritxarrez, ukrainar bizitza politikoaren tradizioak eta Errusiakoak ez dira ezberdinak. Oso erraza da arerioak, batez ere zurekin bat ez badatoz, Kremlinen agenteak direla esatea. Hasieran ez zuten posizio errusiarzalerik. Eurekin harremanena nengoen etengabe, Errusiako Ezkerreko Fronteak inbasioaren eta DHEren eta LHEren aurkako jarrera zuelarik.
Borotba Maidanarekin bat egiten saiatu zen, baina eskuinak bota egin zituen. Alderdi hau biratzen hasi zen eta azkenean manifestazio errusiarzaleekin bat egin zuen. Azkenean “herriaren etsai” eta “bosgarren zutabe” izaten bukatu zuten, ni Errusian “bosgarren zutabekoa” naizen bezalaxe. Orain batez ere Krimean ezkutatzen dira, Krimea ukrainarra dela eta beraz Ukrainako lurretik irten ez direla uste dutelako.
Oso tristea da. Ukrainan ezker indartsurik egon ezean, sistema politiko egonkorrik ezingo da garatu” esan zuen Ilia Ponomariovek.
Bere hitzek, Borotbaren liderretako batengan, Odesako diputatu Aleksei Alburengan harridura piztu zuten.
“Borotba, egia esan, sekula ez da errusiar antolakunde bat izan, orain ere ez. Antolakunde ukrainarzale bat gara, Kieveko Junta faxista uzkaili nahi dugulako eta Ukrainan faxismoaren kontra borrokatzen ari direnak babesten ditugulako. Ez dugu faxismoaren aurka borrokatzen Errusiaren alde egiteko, ukrainarren alde egiteko baizik.
Ilia Ponomariovek Borotbako liderrak Krimean antza denez “Krimea ukrainarra” dela uste dugulako daudela dio. Hau ez da egin. Sozialista gisa Krimea (ea beste edozein lurralde) bere herriarena dela uste dugu, eta krimearrek herri-galdeketan Errusiarekin batzea erabaki badute, ez gara gu izango Ukrainarekin, eta batez ere 2014ko otsailaz geroztik existitzen den Ukrainarekin batzera behartuko ditugunak.
Ilia Ponomariovek, berak “iraultza” deitzen duen Maidanaren ostean Borotbak “Die Linke alderdi alemaniarraren ukrainar bertsioa” izateko aukera zuela esan du. Bitxia da hau entzutean, Die Linkeko kideak Donbass matxinora joan eta handik Kieveko gobernu ultraeskuindarra eta bere guda-krimenak salatu izan dituztenean. Eta bitxiagoa Ukrainan ezkerreko politikak posible balira gisa hitz egiten entzutea, ezker osoa eta are edozein oposizio ezabatua dagoenean. Maidan-gobernuak Borotbako zenbait oposizio-jarduerengatik kide atxilotu izan ditu. Ilia Ponomariovek hau jakin behar du.
Iazko den otsailean Kieven gertatu zena neoliberalen eta neonazien bloke bat boterera eraman zuen ukrainar burgesia handiak babestutako Estatu-kolpe bat izan zen. Egoera honetan, ezkerra, Borotba barne, ezin daiteke erregimenaren “oposizio leial” izan.
Hau hala ulertuz, Borotba Batasunak Maidanaren eta bertan parte hartu zuten indarren aurkako jarrera hartu zuen, Ez dugu ulertzen zergatik dioen Ilia Ponomariovek posizio errusiarzaleetara “biratu” dugula. Maidanen ez zuen inongo borotbistek parterik hatu, 2013ko azaroan Borotbako Levin anaiak jipoitzearen istilua Maidanetik gertu gertatu zen Khrestxatik kalean. Borotba Batasunak, hasieratik, neofaxista boterezaleen zein “Europar integrazioa” delakoaren aurkako jarrera izan du, are Janukovitx eta Eskualdeen Alderdia honen alde egon direnean” esan du Borotbako kide honek.
“Orain, urte bat pasa ondoren, Maidanaren esan nahi antisoziala eta anti-herrikoa argi geratu denean, Maidanak boterera indar argiki neofaxistak ekarri zituela argi geratu denean, 2014ko otsaileko kolpea justifikatzea edo zuritzea, ezkerreko politikekiko desegokia izateaz gain, traizio bat ere bada” bukatu du esaten ukrainar ezkertiarrak.