Mendebaldea eta disonantzia kognitiboa

Asier Blas
 
Psikologian, disonantzia kognitiboa  gertatzen da pertsona baten ideia, sinesmen eta jarreren arteko talka gertatzen bada, adibidez, gatazkan dauden bi pentsamendu mantentzeagatik edo norberaren baloreei kontra jartzen zaion portaera  izateagatik. Bestela esanda, pertsona batek inkonpatibilitate kognitiboa duten bi pertzepzio baditu aldi berean, orduan bere jarreretan inpaktua izan dezakete ideia eta sinesmen berriak sortuz edota lehentasunak aldatuz, betiere bere kontraesanak gutxitu eta ahal bada desagerrarazteko asmoarekin.

Disonantzia kognitiboarekin Mendebaldeak nazioarteko politikan duen moral bikoitza estali baino lurperatu egiten du. Jakina da Putin deabru bat dela eta errusiarrek umeak jaten dituztela, baina hori ez da nahikoa, batez ere arazo “txiki” batzuekin topo egiten denean: frogak. Ukrainako krisian eta gerran Mendebaldeak kontakizun (ipuin) bat sortu du bere demokrazia eta giza eskubideen aurkako jarrera justifikatzeko, hain zuzen ere hor dago disonantzia, balore horiek baitira defendatzen omen dituenak.

Maidaneko manifestarien parte garrantzitsu batek Europan azkeneko hamarkadetan ikusi ez den biolentzia eta sinbologia faxista erabiltzen zituela? Maidanen masakrea gertatzen dela? Janukovitx errudun. Gertakariak pasatu eta bi aste beranduago, elkarrizketa pribatu batean Estoniako kanpo harremanetarako ministroak EBko kanpo gaietarako arduradunari adierazi zion hipotesi sinesgarriena zela frankotiratzaileak Maidaneko oposizioko sektore bat izatea eta gainera, gobernu kolpista berriak ez zuela ikertu nahi. Gero hamarnaka informazio eta dokumental etorri dira bertsio hori babestera, besteak beste, Alemaniako telebista publikoak eginikoa. Urtebete pasatu da eta orain BBCk onartu behar izan du, ezin zela Janukovitxi errua botatzen jarraitu, bestela bere sinesgarritasuna hondoratu egingo litzateke, baina diskurtso berria prestatu du: frankotiratzaileak Errusiaren zerbitzura zeuden. Negargarria.

Frankotiratzaileen afera horrek Janukovitx derrigortu zuen 2014ko otsailaren 21ean akordio bat sinatzera oposizioarekin. Bitartekariak Frantzia, Polonia eta Alemania izan ziren. Ordu gutxi batzuetan oposizioak akordioa hautsi eta parlamentua okupatu zuen. Ehun diputatu baino gehiagok ihes egin zuten eta presidentea legearen kontra kargugabetu zuten indarrez. Gobernu berrian besteak beste Svoboda alderdi faxistaren ordezkariak zeuden, urtebete lehenago Europar parlamentuak kondenatu zuen alderdia.

Odesan Maidaneko jarraitzaile batzuek 40 pertsona baino gehiago erre eta erail zituzten. Bestalde, Kievek deszentralizazio eskaerak ukatu, erabakitze eskubide prozesuak jazarri eta inbasio gerra bat hasi zuen Donbass eskualdean. Kolpistek hasi zuten gerra autonomia eta sezesio eskaeren kontra. Bitartean, Baltikoko herrialdeetan sorgin ehizan daude barneratuak: Estonian italiar europarlamentari ohi bat atxilotu eta deportatu zuten konferentzia bat eman ez zezan. Lituanian eta Letonian kable bidezko telebista kate baten emisioa ezabatu zuten; politikari abertzale lituaniarrak atxilotu edo epaitegietan salatu dituzte beren iritzi politikoengatik, eta Lituaniak polizia berezia sortu du, besteak beste, administrazio publikoak eta enpresa pribatuak presionatzeko iritzi politiko zehatz batzuk dituzten langileak kaleratzeko. Izan ere, John Frederick Charles Fuller-rek azaldu bezala, “demokraziaren indar nagusia ez da bestearekiko amodioa, baizik eta gainontzeko tribu, frakzio eta nazioekiko gorrotoa”.

argia

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *