2015-02-28 / Joxerra Senar (Berria)
Panorama konplexu hori ikusirik, Espainiako Barne Ministerioak honako hau leporatzen die atxilotuei: «Atxilotuek parte hartu duten gatazkan ehunka zibil hil dira, gehienak ukrainarrak. Eta ekintza horietako batzuk terroristatzat jo dituzte bertako agintariek». Hain justu ere, hildako gehienak gatazka eremuan dira, Donetsk eta Luhansk eskualdeetan, errusiarzaleen lurraldean, alegia. Barne Ministerioaren arabera, atxilotuen parte-hartzea delitu izan daiteke, «Estatuaren bake eta independentzia auzitan jarri dutelako eta nazioartearen aurrean Espainiak hartutako neutraltasuna urratu dutelako». Zigor Kodeari erreferentzia eginez, lau eta hamabost urte arteko espetxe zigorraren aukera aipatu dute.
Ministerioak gaineratu duenez, atxilotuek iazko udan bidaiatu zuten Ukrainara, eta gehienak abenduan eta urtarrilean itzuli ziren. Sare sozialetan, uniformeak eta armak erakustea eta «bortxa erabiltzen duten indar separatisten borroka armatuaren alde agertzea» egozten die. Ustez, atxilotu gehienak Carlos Palomino Nazioarteko Brigada barruan izan ziren. Izen hori 2007an neonazi batek Madrilen hildako gaztearen izena hartzen du.
Iruñeko atxilotua
Polizien arabera, Iruñean atxilotutako gaztea urriaren 19an izenik eman gabe Diario de Noticias egunkariari elkarrizketa eskaini ziona da. Elkarrizketa horretan, bere nortasuna ezkutatzen zuen gazteak Iruñean lana utzita, Vostok (Ekialdea) eta Prizrak (Mamua) batailoietan borroka egin zuen. Elkarrizketatuak adierazi zuen «erabaki pertsonala» izan zela, eta Kieveko gobernu «faxistari» laguntza ematea leporatzen zion Espainiako Gobernuari. «Etxetik ezin nuen ezer egin. Aukera bakarra zen armak hartu eta Ukrainari aurre egitea».
