MINSK ETA DEBALTSEVO ARTEAN

Oxandabaratz

(Euskal Herriko Antinperialistak/Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komitea)

Aste honetan Debaltsevoko hirian Ukrainako Indar Armatuek porrot izugarria jaso izan dute, agian gudako handiena, eta ez bakarrik hiri garrantzitsu bat galtzearren edota material eta pertsonak galtzearren, baizik eta galera hori nola gertatu den moduagatik. Izan ere, gertatu den moduak eta garaiak (Minsk gertatzen ari zela hasi eta juxtu ostean bukatuta), ondorio asko utzi ditu, agian euskal publikoarentzat ezezagunak izango direnak.

Laburbilduz, Debaltsevoko borrokaldia Minsken gertatu izan denarekin hertsiki lotua dago, Minskeko saiakera, Debaltsevoko poltsa itxi eta berehala hasi zen gorpuzten, Hollandek eta Merkelek Kievetik eta Moskutik egindako itzulinguruan, Minsken batu ziren azkenean bai Errusiako Putin zein Ukrainako Poroxenko lehendakariekin, goi-bilkuraren antolatzailea Bielorrusiako lehendakari Aleksandr Lukaxenko zelarik. Bide batez, esan dezagun lehendakari hau, Bielorrusiaren kudeaketa ekonomikoarengatik (zeinak hein batean sistema sobietarra mantentzen saiatu izan den) “Europako azken diktadore” deitua izan dena (nahiz eta hauteskundez aukeratua den), indartuta atera etorkizuneko koloreetako Maidanen aurrean.

Baina Minsk gertatzeko arrazoi nagusia Debaltsevo izan bazen ere, handik atera zen Itunean ez zen Debaltsevorik aipatu. Minsken aipatu izan zena Iraileko Minskeko akordioen ezarpen bat izan zen, erreferentzia gisa egungo “kontaktu-lerroa” (frontea) aintzat hartuz.

Baina Minskeko bigarren itun hau Minskeko lehen itunaren “errepikapen” edo gaurkotze bat bada, zergatik da hain beharrezkoa? Zergatik Minskeko lehen Itunak huts egin bazuen bigarren Itun honek asmatuko du?

Lehenik eta behin ez dut uste Novorossijako Herri Errepubliken Batasuneko liderrek halako itxaropenik dutenik. Izan ere akordioa ez sinatzearren egon ziren, eta antza denez, Putinen insistentzia dela eta sinatu zuten (komeni da gogoratzea Poroxenkok eurekin zuzenean ez zuela behin ere hitz egin, mezularien bidez egin behar izan zutela dena). Bigarrenik ulertu behar da Juntak orain arte sinatutako konpromiso guztiak puskatu dituela, beraz ez da arraroa orain ere puskatzea, eta berriz gudan hastea. Kasu honetan zibilez betetako Volnovakhako autobusaren kontrako “erasoa” izan zen, non Donetskeko Herri Errepublikako miliziei leporatu ostean (gero ikusi zen ez zela hala izan, baizik eta Juntaren peko indar batzuek egin zutela sarraskia), urtarrila bukaeran ofentsiba bat hasi zuten, batez ere aireportutik Donetsk hiriaren kontrako bonbaketen bidez.

Ofentsiba hori ezin okerrago prestatutakoa izan zen, eta emaitzak ere halakoak izan ziren. Koordinazio falta nabarmena izan zen Juntaren partetik, bai armadak zein eskuin muturreko paramilitarrak bakoitzak bere aldetik funtzionatu baitu. Hori argi ikusi zen, adibidez, Azov Batailoiaren Xirokinorekin kontrako erasoan, zeina armadarekin kontatu gabe izan zen, edota Debaltsevotik gertu, Uglegorsk berriz Juntaren alde hartzeko Donbass batailoiaren saiakeran (non Semen Sementxenko hauen komandanteak Armadako agintariak publikoki salatu zituen bere batailoia ez laguntzearren). Arazo politikoa nahiko handia izan zen, izan ere, bai indar “Ofizialek” zein “boluntarioek” (Goardia Nazionaleko batailoietan enkarratuak direnak) elkarrekiko mesfidantza handia dute, gudara baino gudaren ondoren etorriko denari begira, hori dela eta, “ondokoa” zelatatzea eta “ondokoarekiko” baja kopurua zenbatzea ohikoa izan da; etorkizunerako borroka politikorako (batez ere militarra bihurtzen bada) indarrak gordetzeko.

Teknikoki ere, erasoak nahiko pobreak ziren, batez ere prestakuntza aldetik. Aireportuko batailan, ukroek tankezko eta infanteriazko gehiengo koantitatibo hutsarekin garaitu nahi izan zuten, aireportua bezalako ondo gotortutako posizio baten kontra gehienetan emaitza txarrak eman ohi dituen taktika bat izaten da hau, halako gune gotortuak hartzeko taktika “koalitatiboak” (elitezko txoke-taldeak) erabiltzea komeni baita. Artilleria hiriak eta toki erresidentzialak bonbatzeko erabili izan da nagusiki, tankeen aurrerapena “estaltzeko” baino. Honek bi gauza erakuts ditzazke, Ukrainar Armadaren agintarietan dagoen inkonpetentzia edo bertan dagoen “gorputzeko borrokarako” elitezko soldaduen falta (edo Novorossijarekiko azpikotasuna arlo horretan). Bi gauzak izan daitezke, alde batetik, mandoen purga erabatekoa izan baita Ukrainar Armadan, mandorik “nazionalistenak” promozionatzeko asmoz (askok, mentalitate sobietarzale bat zutenek, Ekialdetik zetozenek batik bat ez baitzuten euren herrikideen kontra borrokatu; huts eginiko Estatu-eraikuntza baten ajeak), eta betetik udako kanpainan izandako sarraskiaren ondoren, halako soldaduen falta eta halakoak trebatzeko denbora falta gero eta nabarmenagoa da. Kieven bizi den giro kolpista aspaldi joan da ernaltzen, Aidar Batailoiaren desegite-saiakera horren lekuko.

Laburbilduz, emaitzak oso pobreak izan dira: Juntaren indarrek ofentsiba osoan ez baitute inon apurtzerik lortu, ezta ofentsibaren lehenengo faseetan ere (lortu duten “garaipen” bakarra, Debaltsevo ixten ari zela, Mariupol Ekialdeko ia lagatako herri batzuk, Kominternovo kasu, okupatzea izan zen). Gorlovkan ere (hiri isolatua Debaltsevo askatu arte) novorossijarrek aurrera egin zuten, eta zer esanik ez aireportuan. Galeren inguruan ere, emaitza zalantzagabekoa izan da, hainbat analista militarren arabera, Debaltsevoko borrokaldia kontutan hartu gabe (hots, aireportua eta Luganskeko borrokak), jada, UIAren galerak NIAren hirukoitzak edo laukoitzak ziren, aireportuan ia bi mila soldadu galtzeraino.

Gauzak honela Minskeko bigarren itun honek, lehenarekin badu testuinguruarekiko antzekotasunen bat: biak eman dira novorossijar kontraerasoen testuinguruan. Emateen du Novorossijar Indar Armatuak aurrera zihoazela armada, edota zehatzago, indar armatuen konglomeratu deskoordinatu baten aurrean, eta momentu horretan berriz suetena sinatzen dela. Zergatik? Egia esan, novorossijarrentzat baikorrak zein ezkorrak izateko elementuak daude itunotan. Kontutan izan behar da, aipatu dugun bezala, lehenik ez dela ez Novorossijako Herri Errepubliken Batasuna, ez DHE, ez LHE aintzatesten, baizik eta “Ukrainaren Donetsk eta Luganskeko eskualdeetako zenbait zonalde konkretu” aipatzen dira. Horrez gain, Itunak mugen kontrola “Ukrainaren” (hots, Juntaren) eskuetara itzultzea, eta “Indar armatu ilegalez” (Novorrosijako Indar Armatuen?) desegitea ere aurreikusten ditu, trukean “ordena publikoa mantentzeko herri-miliziak” (Udaltzaingoa?) sortzeko aukera emanez. Beste alde batetik, Minsken ez da guda-kriminalen kontrako jazarpenik aintzatesten, are gehiago, “amnistia osoa” ematen da (presoen trukaketa ere “denak denengatik” printzipioen araberakoa izango da). Autogobernua, onartzea Ukrainako Verkhovna Radaren esku dagoen lege baten araberakoa izango da, lege hori Minskeko lehen itunak (irailekoak) ere aurreikusi zuen, eta halako bat indarrean ere jarri zen, gutxi iraun bazuen ere. Federalizaziorik eta autonomiarik ere ez da onartzen, baizik eta “hizkuntza-autodeterminazioa” soilik. Beraz, herri errepublikentzat porrot politiko bat dela ematen du.

Hala ere badaude baita ere baikorrak izateko arazoak. Batzuk militarrak dira, tartean, eperik laburrenean bete beharreko puntua, hau da, artilleria armak frontetik erretiratzea (eta artilleria armetan da momentu honetan Ukrainar Armada nagusi). Beste puntuak, Juntaren onerakoak direnak, ere betetzeko zailak dira (adibidez presoen trukaketa hori nola eramango den ikusi beharra dago), edo sinesgaitzak dira: adibidez, mugen kontrola Ukrainako Gobernuari itzuliko zaio prozesu politiko bat betetzean, zeina Ukrainako Juntaren eta Novorossijako ordezkarien (hauteskunde berri batzuen ateratako ordezkarien) arteko adostasuna behar duen Ukrainako Konstituzioa erreformatzeko prozesu bat ireki ostean gauzatuko den (eta hau betetzeko urtebete soilik ematen da). Hots, gertatutakoa gertatzen dena zaila izanik, momentuz ziurtzat eman daitekeen gauza bakarra suetena eta arma astunen erretiratzea da, azken honek Novorossijari on egingo diolarik.

Badaude baita ere puntu batzuk betetzeko zailak edota zentzuz kanpo daudenak. Horietako bat, pentsioen eta prestazio sozialen ordainketa da. Ukrainako ekonomia hondoratuta dagoen honetan, ez da zehazten hori nola gauzatzen den, ezta ere Ukrainako ekonomia nola berbideratu behar den (eta hau arazo larria izango da datorren urteetan). Beste alde batetik, laguntza humanitarioa ere aipatzen du Itunak, baina laguntza humanitarioa jada banatzen ari dira Donbassen. Prozesu politikoa betetzeak (hauteskundeak eta horren ostean negoziaketak eta honen ostean Konstituzio-erreforma eta azkenik Ukraina berriak mugen kontrola lortzea) zaila ematen du baita ere. Bestetik “atzerriko tropak erretiratzea” eskatzen da, baina ez da zehazten zeintzuk: Mendebaldeko prentsak matxakatzen badu ere, errusiar tropa erregularrik ez da atzeman, Ukrainako Inteligentzia Zerbitzuek eurek diote 5.000 bat boluntario daudela eta euren artean erregularrik ez (bai NATOren tropa batzuk).

Beste aktoreei dagokienez, Errusiak bere helburua bete du, nolabait gatazkaren intentsitatea jaistea (gogora dezagun Errusiak ez duela bilatzen ez Poroxenko uzkailtzea eta ezta ere Novorossijaren independentzia, baizik eta federalizazioa; eta gatazka bereziki “Ukrainar barne arazo” gisa ikusten duela), zigor berriak ahal ezkero saihestea, eta garrantzitsuagoa dena, balizko edozein konponbidetarako bere burua ezinbesteko gisa agerraraztea (eta gogoratu aipatutako “Mugetan” ez dela Krimea azaltzen, beraz, itzulirik gabeko puntu batean sartu da Krimea). Europar Batasunak momentuz, lortu du bere kanpo-politika propioa bisualizatzea (Minsken AEB ez da egon) eta Errusiari “hortzak erakutsi dizkiotelaren” itxura ematea (hala ere, horrek ez du errealitatea aldatzen, Kieveko Juntaren gaineko boterea AEBk izaten jarraitzen du, begira ezazue bestela Ukrainako gobernuaren profila eta Ukrainaren ekonomia noren menpe dagoen). Lukaxenkok lortu du bere gaineko itzal ilun bezain injustua pixka bat aldentzea. Juntak momentuz, novorossijaren aurreratzea etetea lortu du eta paperean bada ere Ukrainaren lurralde-osotasuna aintzatestea lortu du. Novorossijarrek Junten bonbaketak eten dituzte eta lortutako aurrerapenak aintzatestea lortu dute, muga Ukrainaren gobernuaren eskuetara pasatzeko prozesu konplikatua bete arte ere euren eskuetan egongo delarik (beraz laguntza humanitarioa eta ekonomikoa jaso ahal izango dute).

Egia esan, itun hau zerbait izan bada, denbora-irabazte bat izan da, alde guztietatik. Beste gauza bat da epe luzera iraungo duen. Kontutan izan behar da Ukrainaren izenean ituna Kutxma lehendakari ohiak sinatu duela, autoritaterik gabeko pertsona batek. AEB gabeko bake bat posible denaren fikzioak ere ez dakit luzaroan iraungo duen. Beste alde batetik, ez dakit Poroxenkok nola sal dezakeen Donetsk eta Luganskeko “terroristekin” Konstituzio-negoziaketak egitearen behar hori. Izan ere, Juntak (edo euren buru AEBk) gatazka hau politikoki baino militarki konpontzeko asmoa eta ametsa dute (bi aldiz saiatu dira, behin abuztuan eta bigarren aldiz orain, eta bietan huts egin dute). Beste alde batetik ez dago batere konponbide politikorik, ez da azaltzen Novorossija sobietarzalea nola etor daitekeen bat Ukrainarekin Ukraina Banderastan den artean (gogoratu 2014ko udaberrira arte, Novorossijako biztanleek, Donetsk eta Luganskekoak barne, euren burua ukrainartzat zutela, baina Ukraina Banderastan bihurtu zenean hori aldatu egin zen). Ukrainaren desbanderifikaziorik (hau da, denentzako Ukraina bat eraikitzearen aldeko neurririk) aurreikusten ez den heinean, zaila izango da halako ituna betetzea. Beraz borroka berriak laster etorriko direla pentsa dezakegu (Juntak Minskeko aurreko Ituna ere hautsia zuen, baita ere ofentsiba honen aurretik ere).

Debaltsevoko poltsa

Eta Debaltsevo? Zer gertatu izan da Debaltsevon? Itun honetan “kontaktu-lerroa” soilik aintzatetsi da, eta Debaltsevo ez dago hor baizik eta kontaktu-lerroaren atzean inguratuta. Hau berez Juntak ere ez du ukatu: Juntaren argudioa ez da izan Debaltsevorekiko zilegitasuna eurak zutela euren kontrolpean zutelako, baizik eta “inguratuta ez zegoelako”, hau da “zubiburu” bat zelako. Nahiz eta otsailaren 11tik argi egon poltsa itxita zegoela (orduan hartu zuten novorossijarrek Svetlodarskerako errepidea ixten zuen Logvinovo herria), Poroxenkok “errefortzuak bidaltzen ari zirelakoan” insistitzen zuen. Zilegitasuna hortan oinarritu du: “zubiburua” zela eta ez “poltsa” (“poltsa” bazen, hiria novorossijarrei zegokiela ulertaraziz). Bitartean, suetena ofizialki indarrean sartu aurretik, otsailaren 14an novorossijarrak Zorinsketik Debaltsevora sartuak ziren, 15ean barnean ziren (oraindik Juntak “zubiburua” zela esaten zuen eta ez zegoela zertan kezkatu, “errefortzuak iristen ari baitziren”!) eta 16rako Debaltsevo gehiena matxinoen eskuetan zegoen. (Bitartean, poltsarik zegoela ukatzen zuen poltsak Logvinovo berriz hartzeko saiakeretan hainbat material erre izan ditu eraso kamikazeak eginez; zentzugabea zatekeena eurak esan bezala poltsa itxia ez balego).

Orain badakigu Minskeko mahai-gainean novorossijarren proposamen bat egon dela: tropei irtetzen utzi, armak bertan uztearen truke. Juntak eskaintza ez onartzea kontutan hartu behar izan da. Izan ere, otsailaren 18an, asteazkenez (Debaltsevo osoa milizien eskura pasa zen egunez) onartu zuen Juntak lehenbizi Debaltsevo inguratuta zegoela (ez galdua zegoela), eta otsailaren 20an, ostiralez, Txernukhino galdua zuela. Beraz, Juntak koherentzia bat mantendu izan du… puntu batetaraino. Petro Poroxenko lehendakariak berak aipatu izan du “Ihes egin duten soldaduak heroiak direla” eta “eurak inguratzetik ateratzea sekulako garaipena” izan omen dela. Propaganda maidanista beste mito bat sortzen ari da? Denak ematen du hori egiten ari dela. Egia esan, Poroxenko eta Junta koherenteak izan dira, mitomanian oso koherenteak izan dira, narratiba bat bultzatu nahi izan du kosta ala kosta, egia kosta ala bere soldadu eta materialak kosta. Eta hala gertatu da; otsailaren 11an Logvinovo 10 gudarirekin soilik hartu zuen NIAren Olkhon taldeak. Ukrainarrak besterik gabe erretiratu ziren. Momentu horretan 4.500 soldadu ukrainar zeuden Debaltsevoko poltsan (askok ihes eginak zuten jada ikusita zer zetorren). Poltsa behin itxitakoan, unitate bakoitzak bere aldetik ekin du: batzuk ituna egin dute novorossijarrekin, beste batzuk besterik gabe errenditu dira, batzuek ituna egin eta gero ziria sartzen saiatu dira, eta beste batzuk indarrez inguratzea hausten saiatu dira. Debaltsevo ukrainar armadaren deskonposizioaren argazkia izan da. Oro har, 1.500 soldadu hil dira (eta poltsa itxi zenean 4.500 zeuden barruan), eta arma astun ia guztiak novorossijarren esku geratu dira. Hiru eguneko agonia jasan izan dute, azkenean hiria berdin galtzeko. Hiria galdua zegoen (ez dago kalitatean txarragoa den armada batekin halako inguratze baten aurka ezer egiterik), baina behintzat soldaduengatik zeozer egiterik bazegoen, behintzat Kieven manifestatzen ari ziren soldaduen senitartekoen (Kiev eta Borispileko aireportuaren arteko errepidea ere moztu egin dute) agonia saihesteko. Baina burugogorkeriak (eta inkonpetentziak) ehunka soldaduren heriotza ekarri du.

Egia esan, Debaltsevoko egoeraren kudeaketa ezin eskasak (Debaltsevori eustea ia ezinezkoa zen) ukrainar aldean asko ahuldu du lehendakariaren posizioa, eta baita ukrainar tropen sinesgarritasuna. Mandoen artean, enegarren aldaketa egon da; nahiz eta purgak izan Ukrainako armada ahuldu duten elementu bat (mando konpetente eta trebeen gabezia da Ukrainako Armadaren zailtasun handienetako bat). Panorama zaila berriz borrokak hasiz gero, eta hasten ez badira ere Poroxenkoren azken ideia nazioarteko kasko urdinak ekartzea da Ukrainako Armada eta Novorossijakoa banatzeko; baina ideia horrek ez du babes handirik izan, batzuentzat Novorossijarren de facto independentzia aintzatetsi dezakeelako, eta novorossijarren ustez, Krajinako aurrekaria gogorazten duelako (han kroaziarrak eta serbiarrak banatzeko behin-behineko kasko urdinak ere jarri zituzten; baina konponbide politikorik gabe, kroaziarrek euren armada AEBren laguntzaz indartu zutenean, 1995eko tximista-gudaren operazio baten bitartez Krajinako Serbiar Errepublika deuseztatzea eta 250.000 bat serbiar exiliatzea lortu zuten). Konponbide politikorik gabe, ez dute onartuko kanpoko indarrik, eta are gutxiago EBk edota NATOk parte-hartzea izango baitute (kontutan izan gabe, industria militar gabe eta aintzatespen politikorik gabe ez dutela euren armada garatzeko aukera parekiderik izango). Europarrek ere ez dituzte onartu. Kasualki onartzear egon den herrialde bakarra Errusia “etsaia” izan da, gatazka are gehiago izoztearren. Bitartean, Estatu-kolpearen zurrumurruak indartzen ari dira Kieven, eta ez da erabat baztertzekoa Jatseniuk lehen ministroa edo Turtxinov Radako bozeramailea (biak AEBrekiko hurbileko Fronte Nazionala alderdikoak, Poroxenkoren Blokea baino erradikalagoa) eskuin muturrarekin lerratzea.

Minskeko Ituna errebeldeentzat, eta hauen barruan Estatu-proiektu alternatibo (sozialista edota behintzat bolibartar-herrikoi) bat osatzeko ongarria edo kaltegarria izan den denborak argituko du. Momentuz, novorossijarrek argi izan behar dutena da kontraesanetako mundu honetan, aliatuak ez direla erabat aliatuak eta etsaiak ere ez direla garaitezinak. Novorossijak egin dezakeen gauzarik onena, bere Estatu-proiektua indartzea da eta bere adierazitako mobilizazioa, 100.000 gudaritakoa, bukatzea (Minskeko Itunaren kontra ez zatekeen joango); ikusita Juntaren iraungitze-data hurbil egon datekeela, eta deskonposizioa ere gertukoa izan daitekeela. Debaltsevon erakutsitako determinazioa norabide zuzenean daudenaren adierazgarri bat izan da.

Euskal Herriko Antinperialistak

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *