Asier Blas
Ukrainan estatu kolpea gertatu ostean, ukrainar ezkertiarrak eta “errusiar zaleak” botere berria nazismoarekin identifikatzen saiatu dira. Akusazio hori sostengatzeko froga asko dituzte eskura. Errealitate deseroso horren aurrean, Mendebaldeak ezikusiarena egin du, “ahaztuz” Europako Parlamentuak Svoboda eskuin muturreko alderdia kondenatu zuela 2012ko abenduan, garbi dauka Ukrainakoa ez dela gerra ideologiko bat, izan ere, maiz erakutsi duen bezala aurkariak diren ideologia desberdinak erabili ditzake bere interes inperialistak defendatu eta zabaltzeko. Horregatik, atentzioa deitzen du hainbat lehentasun geopolitiko estaltzeko asmoarekin ezkertiarren artean sortutako ika-mika ideologikoak. Eztabaida continuumaren bi muturrak irudikatuko bagenitu, alde batean ditugu sobietar sinboloak erakarrita Donbasseko eskualdean borroka antiinperialista, antifaxista eta sozialista uztartuak ikusten dituztenak, eta bestean, mendebaldar-zentrismo inperialistatik eskuin muturreko errusiar nazionalismoaren atzaparra baino ikusi nahi ez dutenak. Azken horiek Ukrainako hauteskundeetan eskuin muturreko alderdiek izan dituzten emaitza apalekin beraien argudioak indartu dituzte esanez Kieveko bandoan eskuin muturra ez dela hegemonikoa eta Donbasseko Herri Errepubliken alde eskuin muturreko sektore asko daudela borrokan.
Bitxia da akusazio hori kontuan hartzen badugu horrelako gogoetak ez direla egiten Hamasi buruz Palestinan edo eskuin muturrekoen presentziari buruz askapen nazionaleko borroketan. Ezker-eskuin ardatzean ideologia berdina dutenek borrokatu dezakete elkarren aurka beraien herrialdeen artean talka badago. Errusiar eskuin muturra zatituta dago Ukrainako krisian, batzuek aberriaren defentsa lehenetsiz Donbassen alde agertu dira, beste batzuk aldiz, ideologia lehenetsiz Ukrainar estatuaren alde azaltzen dira. Ukrainar eskuin muturrak errazago du, koherentzia ideologikoak eta abertzaleak bat egiten dute Donbassen aurkako gerran, ez dago zatiketarik.
Bestalde, hauteskunde emaitzen argudioa oso eztabaidagarria da Ukrainako alderdi arruntek eskuin muturrekoen programaren parte bat bere egin dutelako eta hautagai faxistak barneratu dituztelako zerrendetan. Gertutasun horren beste froga bat emaitzak dira. Hautesleek bi boto dituzte, bata sistema proportzionalerako eta bestea izen bakarreko barrutiko ordezkaria hautatzeko. Eskuin muturreko alderdiek zazpi barruti irabazi dituzte, beraz, boto-emaile batzuek alderdi “arruntei” eta eskuin muturrekoei bozkatu diete aldi berean. Horri erantsi diezaiokegu berriki Errusiak NBEn nazismoa, arrazismoa eta xenofobiaren apologiaren kontra aurkeztutako mozioa. Munduko herrialde gehienek babestu egin zuten proposamena, aurkako hiru boto bakarrik egon ziren: Ukraina, AEB eta Kanada. NATOko herrialdeak eta erakunde horrek kontrolatzen dituenak abstenitu egin ziren.
Ukrainako krisian ideologiak batez ere apaingarri funtzioa du borroka nazionalista eta inperialista batean (gobernu berriak hiru ministro atzerritar ditu). Alde batean, sobietar sinboloak ekialdeko eslaviarren anaitasun abertzalearen adiera soil bat dira gehiengoarentzat; beste aldean, nazismoarekin harremana duen sinbologiak nazionalismo ukrainar etnikoaren espresio hutsa da gehiengoarentzat. Horrek ez du esan nahi, bakoitzak transmititzen dituen baloreak oso desberdinak ez direnik. Halere, garrantzitsuena ez da eztabaida ideologikoa, garrantzitsuena demokraziaren aurkako atentatua (estatu kolpea eta barne eta kanpo autodeterminazioaren kontra Kievek hasi duen gerra) eta giza eskubideen urraketak dira.