Kosakoen burdinazko gerrikoa

Bonben eztanda gero eta hurbilago sentitzen da Luhansken. Argi eta ur barik igarotzen dute ilunabarra hiri matxinatu honetan, urrunean grad misilen oihartzuna entzuten den bitartean. Novorossijako (gehiengoa errusieraz mintzo den Ukrainako zonaldea) hauteskunde demokratiko, jendetsu eta baketsuen osteko egunetik, Ukrainako presidente Poroxenkok mendekua iragarri zuen. Hiriak defentsa antolatzen jarraitzen du.

Bonbardaketen aztarnak nabariak dira Luhansk hirian.
Bonbardaketen aztarnak nabariak dira Luhansk hirian.

“Frontea  gero eta hurbilago dago”, kexu dira hilabete luzez errefuxiatu izateari utzita Luhanskera itzulitako biztanle asko. Luhansk hiri segurua da abuztutik hona, apaltxensiek(milizianoak) setio militarra apurtzea lortu eta bonbardaketak hiritik urruntzea lortu baitzuten, Strelkov jeneralak gidatutako kontra-ofentsiba arrakastatsu baten ostean.

“Frontea hiritik 15 km eskasera dago, hurbilena StanitxaLuganskaya herrian”, dio Oleg-ek, hara abiatzen ari dela. Oleg Popov Novorossija eta Luhanskeko Herri Errepublikako parlamentarioa da eta herri milizietako komandantea.

Bere eskutik frontea ezagutzeko parada izan dugu. Popov jaunaren autoa ez da parlamentario normal batena, miliziano batena baizik. Luhanskeko Herri Errepublikaren matrikula eta akreditazio ofizialaz aparte bala batek eragindako zuloak apaintzen du kotxe sobietar zaharraren kristala: “Tirokatu ninduten, baino zorionez ez zen ezbeharrik gertatu”, esan digu. Autoaren atzeko partean berriz ez dago eserlekurik, gasolina eta arma batzuk besterik ez. Bere ondoan AK-47 zahar eta astun bat, bidaia osoan hanken artean eraman duena. Abiadura handian doa Popov, hiritik iparralderantz. Errepidea erdi-hutsik dago, herrietara itzultzen diren auto edo bizikleta gutxi batzuk topa daitezke bakarrik. Bonbek utzitako zuloek abiadura moteltzera derrigortu
gaituzte. Ukrainako armadak Donbasseko azpiegitura gehienak txikitzea izan du helburu guda hasi zenetik. Zerbaitek gure arreta eraman du bat-batean, muino batean dagoen komando militar baten presentzia: “Kosakoen frontera” heldu gara.

“Kosakoek defendatzen dute gure hiria”

Kosakoek kontrolatzen dute Luhansk hiritik gertu dauden fronte nagusiak: StanitxaLuhanskaya eta Slobianoserbsk. Kosakoak (errusieraz Kazaki) herri eta talde sozio-militar nomada dira. Kide guztien askatasuna, berdintasun soziala eta kide ororen adierazpen askatasuna dira historikoki komunitate kosakoen barne-antolakuntzaren oinarriak. Kosakoak aski ezagunak dira herri borrokalaria izateagatik. Hori dela eta kosako terminoa mespretxuz erabili izan da mendebaldarren artean, ezjakintasuna medio. Kosakoen inguruko irudi faltsu bat sortu izan da, beldurra eragiteko asmoz. II. Mundu Gerran armada gorriaren parte izan ziren, Sobietar Batasunaren alde eta nazien aurkako borrokan parte hartu zuten. Ezaugarriei dagokionez,  kosakoak eslaviarrak eta ortodoxoak dira eta X. mendean Ukrainako hego-ekialdean (Novorossija historikoan) ezarri ziren. Bertan dago beren jatorria eta hori da Errusiatik edo Ukrainako beste leku batzuetatik etorritako milaka kosakok borroka egitearen arrazoietako bat. Egun, Prizrak brigadarekin batera Novorossijako armada bateratua sortu dute, Aleksei Mozgovoi komandantearen gidaritzapean. “Kosakoek defendatzen dute gure hiria, eta hori dela eta eskerrak baino ezin diegu eman”, diosku Luhanskeko biztanle batek. Donbasseko defentsan aitzindariak izanda, herriak kosakoei ematen dien babesa agerikoa da. Azken egunotan Ukrainako armadak kosakoen kontrako borroka argudiotzat hartuz Pervomaisk eta Stakhanov herriak etengabe bonbardatu ditu, hainbat zibilen heriotza eraginez. Baita Slobianoserbsk herria ere, bertan topatu dugun herritar batek esan digu hori bonbardatu berri duten eraikin baten aurrean: “Gaur eraikin hau bonbardatu dute, eta orain dela gutxi Lenin kalea bonbardatzen ari ziren”. Slobianoserbsk Luhanskeko ipar-mendebaldeko herri bat da. Umeak futbolean ari dira bonbak orduro jausten badira ere. “Ikaragarria da herri honetako jendearen lasaitasuna”, dio gurekin dagoen kazetari errusiar batek.

“Guk defendatzen dugu Slobianoserbsk herria. Frontea gure eskutan dago eta posizioak irabazten joango gara aurrerantzean”, dio Kosakoen komandanteak mortero eta grad hotsak gure ondoan sentitzen diren bitartean; “lasai egon, grad bat jaustekotan bota zaitezte lurrera”. Herritik buelta bat emanda kosakoen posizio defentsak ikusgai dira, baita kuartelean dagoen destakamendua ere. Slobianoserbskeko herritarrek ere laguntza eskaintzen eta babesa ematen diete beraien herria eta zibilak defendatzera joan direnei.

Iluntzear da eta negu gorria Donbassera heldu da. Termometroa zero azpitik dela igaro behar dute gaua fronteko milizianoek. Komandanteak frontearen lerroak zelan antolatzen diren azaldu digu, ukrainarren “jokaera zikinaz” kexu den bitartean. “Ukrainako gobernuak heriotzara bidaltzen ditu bere soldaduak. Eraso gehienak artilleria astunaren bidez egiten dituzte, populazio zibila izutzeko eta hiltzeko asmoz. Ukrainako soldadu askok ez dute esperientziarik, arropa ezegokiekin eta baldintza txarretan bidaltzen dituzte frontera. Bigarren lerroan Guardia Nazionaleko kideak daude, eta azken linean, posizio ziurrenetan, Pravi Sektor batailoi naziko kideak. Hau da ukrainarren estrategia, jende arrunta heriotzara bidaltzea, frontera joatera derrigortzea, gobernatzen duten faxistak etxean bero-bero dauden bitartean”. Herri miliziek ordea “ukrainarrek herrietan dituzten posizio militarrak ez ditugu bonbardatzen, horrek zibil askoren heriotza eragingo lukeelako. Ukrainako armadak hori baliatzen du eta ospitale eta eskoletan ezkutatzen dira”, diote milizianoek.

Faxismoaren aurkako erresistentzia

Iluntzear da Slobianserbsken eta Kosakoen komandanteak bertatik alde egiteko gonbita egin digu, bonba hotsak gero eta biziago bilakatzen direla. “Iluntasuna dela eta ofentsiba hastear dago eta egoera oso arriskutsua da”. Komandantea agurtu eta kotxea argi barik gidatu dugu segurtasun kontuak direla eta.

Iluntasunean hiru kilometro inguru eman ostean milizianoen checkpoint-era heldu gara. Tiroka hasi dira bat-batean, etsaiari beren presentziaz ohartarazi nahian. Herri-miliziek armak soberan dituzte oso sofistikatuak ez badira ere. Ukrainako estatu kolpearen ostean eman diren desertzioei esker lortu dituzte ukrainar armadari ostutako armak eta bestelako tresna militarrak. Guregandik gertu dauden artilleria posizioak ere entzungai dira. Haien esanetan “ukrainarrek jasotzen duten kanpo-laguntzari esker, gure aldean artilleria bikaina daukate. Infanteria aldetik oso eskasak dira ordea, koldar hutsak dira”.

Afaltzen harrapatu ditugu milizianoak. “Hemen ezin dugu argirik erabili, soilik janaria prestatzeko eta gure gorputzak berotu ahal izateko su apal bat”. Gau luzea eta hotza eman beharko dute bertan, baina altua da milizianoen morala. Horren seinale “No pasarán”, “Venceremos” edo “Caput Hitler”, edonon eta miliziano ororen ahotik entzungai diren leloak; Kuba, Latinoamerika edo Espainiatik inportatutako aldarri iraultzaileak sarritan erabiliak izaten dira Donbassen, faxismoaren eta inperialismoaren kontrako erresistentzia guda dela adieraziz. Nazien aurkako askapen borroka beti egon da presente Donbasseko herri eta langileen memoria kolektiboan, egungo borrokaren identitatea eta arrazoia eraikitzen lagundu duen ezaugarrietako bat izan da.

Luhanskera itzultzeko bideari ekin diogu. Auto gutxi eta tanke batzuekin soilik gurutzatu gara bueltako bide arriskutsu honetan. Artilleriaren hotsa gertu entzuten delarik, Novorossijako zeru ilunean misilen distira piztu da bat-batean; Bi su gurutzatuen artean, Luhanskera doan errepide txikituan barrena, beldurrak eragindako isiltasuna izan da nagusi bidaia liluragarri honen amaieran.

Existitzen ez den bakea

Irailaren hasieran Ukraina, Errusia eta Novorossijako hainbat ordezkari politikok, Nazioarteko Kontakturako Taldearen bitartekaritzaz, Minskeko akordioa izenaz ezaguna den bake plana sinatu zuten. Akordio horren helburu nagusia Ukrainako ekialdeak bizi duen gatazkari amaiera ematea zen. Aldebiko su-etena indarrean jarri eta negoziazio politikoaren bidez adostu beharreko akordio nazional eta politikoari ateak zabalduko lizkiokeen akordioa zen.

Autodefentsarako Herri Miliziek akordioa iruzurtzat jo zuten hasieratik; Kievek bere indar armatuak berrantolatzeko saiakera hutsa zela salatuz. Indar kolpistek egun kontrolpean daukaten Mariupol hiri estrategikoa berreskuratzear zeunden milizianoak garai horretan.

Novorossijako herritarren artean ere ezkortasuna izan da nagusi su-etena indarrean jarri zenetik. Ukrainako Gobernuak zibilei eraso egiten jarraitu duelako, eta maiatzean erreferendum bidez herritarrek bozkatutakoari bizkarra eman diolako.

Gudak, beraz, aurrera darrai. Mariupolen, Ukrainako Gobernuak Donbassen duen hiriburu politiko eta ekonomikoan, arpilatzeak, bortxaketak, legez kanpoko bahiketak eta hilketa selektiboak ugaritzen ari direla salatzen ari dira. Eta horiek eteteko asmoz, herri milizien ofentsiba militarrak aurrera jarraitzen du. Donetskeko aireportua kontrolatzeko borroka, kasu. Liskar bortitz horretan bi aldeetako militar askok galdu dute bizitza, tartean Ukrainako Gobernuaren alde soldatapean borroka egitera Poloniatik eta AEBetatik joandako militarrak. Gerra-fronte nagusiak Donetskeko eta Luhanskeko Herri Errepublika matxinatuen arteko mugan daude, hauen arteko komunikazioa eten asmoz.

Kieveko erasoaldia hasi zenetik 4.000 lagunek galdu dute bizitza eta beste 10.000 inguru zauritu dituzte, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) argitaratu berri duen txostenaren arabera. Minskeko bake-akordioaren ostean ere, 1.000 hildako baino gehiago suertatu dira. Ukrainako armadak, herri eta hirietan egin dituen bonbardaketek zibil asko hil ditu, eta NBEk sistematikoki salatu badu ere, erasoaldiak ez dira eten. Ukrainako armadaren legez kanpoko armen inguruan ere kezka handia dago. Nazioarteko legedian debekatuta dagoen cluster bonben erabilpena frogatutzat eman du hainbat adituk. Zibilen bahiketak, exekuzioak edota tortura sistematikoak Ukrainako armadaren praktikak direla salatu dute giza eskubideen aldeko hainbat erakundek. Bestetik, Errusiak milizianoei emandako ustezko laguntza militarra inbasiotzat jo du NBEk, OSCEko (Europako Segurtasunerako eta Lankidetzarako Erakundea) begiztatzaileek eta nazioarteko adituek frogatutzat eman ez badute ere.

argialogo

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *