UKRAINA EKIALDEKO GATAZKA. BIZITZA BONBA ARTEAN (I)
Abuztuan Ukrainako armadak setiatua egon zen Luhansk, eta biztanle askok ihes egin zuten hiritik.
Herritarrak bueltatzen hasi dira, gerra bukatu ez den arren, eta bonba artean bizitzera ohitu dira ia

2014-11-11 / Lur Gil, Berriemaile berezia
Hiriaren erdigunea berreskuratuz doa gerra hasi baino lehen zeukan itxura, baina gainerako eremuak hondatuta daude. Gatazkaren ondorioak, ordea, nabariak dira hiri erdian ere. Ukrainako banderarik ez da inon ageri; Luhanskeko Herri Errepublikaren banderek hartu dute ukrainarren lekua: eraikin publikoen atariak, autoen matrikulak, kale margoketak, publizitate iragarkiak… Kaleetan dauden bandera bakarrak ez dira Luhanskekoak, ordea. Errusiako eta Errusia Berriko ikurrak ere edonon ikus daitezke, San Jurgiren irudiekin batera. Nazien aurkako ikur bilakatu zen Bigarren Mundu Gerran, eta Ukraina ekialdeko gatazkan ere, euren esanetan «faxistak» direnen aurka erabiltzen dute.Ez dira horiek soilik gerrak utzitako ondorioak; irudi latzagoak ere ageri ditu Luhanskek. Gerra hasi zenetik Ukrainako armadaren erasoek suntsitutako eraikinek beren hartan diraute, hondarretan. Saltoki asko txiki-txiki eginda daude, elizak, eskolak eta ospitaleak bonbardaturik, Luhanskek zeukan industria garrantzitsua erabat hondaturik.
Azoka nagusia suntsituta dago guztiz ekaina bukaeran airez erasoa izan ostean, eta, gutxika hiri erdigunea normaltasunera bueltatzen ari denean, salgaiak kalera atera dituzte. Denda gehienak itxita daude, eta irekita dauden gasolindegi gutxietan gasolinaren prezioak ikaragarri egin du gora. Zaila da ezer ordaintzea, gainera, soldatarik ez dagoenean, biztanle askok lana ere galdu baitute gerraren ondorioz.
Oxana Kiriluk, ukrainar ziega batik atera berri den milizianoak etsiturik azaltzen du bere egoera ekonomikoa: «Bihar berrehun hrivnia kobratzera joango naiz. haur txiki bat edukitzeagatik ematen didaten diru laguntza da, nire familiaren diru sarrera bakarra momentu honetan».
Egunero doa Kiriluk Luhanskeko Herri Administraziora, gerra egoeraren informazio bila. Eraikin horrek ere itxura guztiz aldatu egin du. Maidaneko protestek Ukrainako gobernu aldaketa ekarri ostean, herrialdearen ekialdean hasitako altxamenduetan matxinoek okupaturiko lehenengoetariko eraikin publikoa izan zen. Eraikina defendatzeko barrikadak egin zituzten orduan administrazioaren inguruan; gaur, kenduta daude jada, baina barrualdea defentsarako prest dago guztiz, Ukrainako armada aurrera egiten ari dela baitakite. Miliziek kontrolatzen dute eraikina, eta sarrera guztiz kontrolatuta dago: politikariak, milizianoak, bertako langileak eta kazetariak sar daitezke soilik. Guardia egiten dute uneoro milizianoek, barruan eraikitako barrikaden atzetik; eta lurpeko bunkerrean jantokiak eta lotarako guneak dituzte, Ukrainako armadaren erasoaren zain.
Negu gorria gerra giroan
Luhansken bizitzea ez da erraza. Etenik gabeko bonba hotsek aldiro beste eraso baten arriskuaz ohartarazten dituzte biztanleak. Hiria hustu egin zen abuztuko erasoen ostean: milizianoez aparte, jende gutxi geratu zen hirian; gainontzekoak Errusiara joan ziren bizitzera. Oxana Kiriluken senide guztiak Sotxira abiatu ziren gerratik ihesi. Orain, bi hilabete igaro direla, Luhanskeko biztanleak euren bizitokietara bueltatzen ari dira, normaltasun bila, Luhansken ez dagoen normaltasun bila.
Negua Luhanskera heldu da, eta hotzari aurre egiteko baliabideak eskasak dira. Askok etxea galdu dute; beste askok argirik eta berogailurik gabe igaro behar dute negua. Argindarra eguneko ordu batzuetan besterik ez dago, eta iluntzean argia mozten dute, ez baitago argindar nahikorik hiri guztiarentzat, eta arratsaldeko bostetatik bederatzietara ilunpean dago hiria. Ura ere goizeko lehen orduan soilik heltzen zaie etxera, eta bidoietan sartutako urarekin moldatzen dira egunez.
Zaila da negua horrela igarotzea, zaila da gudan horrela ibili behar izatea, baina ez du ematen gudak etenik izango duenik, ez eta laster amaituko denik ere; herri miliziak ez baitaude Ukrainako Gobernua onartzeko prest, ezta Petro Poroxenko Luhansk eta Donetskeko Herri Errepublikak onartzeko ere.