Ibai Trebiño
2014-11-07
Oxanarekin gaude Luhanskeko merkatuan. Orain dela bost egun eskas askatasuna berreskuratu zuen miliziana honek, Kieveko gobernuarekin adostutako guda-presoen elkartruke baten ondorioz. 4 seme-alaba ditu, orain dela hilabete bueltatu ziren erbestetik, bere ama oraindik preso zela. 2 hile luzez gatibu egon da 40 urteko apaltxenka hau eta egunero jasan izan dituen torturen testigantza kontatu digu Luhanskeko merkatua bisitatzen dugun bitartean.
Luhanskeko merkatua ere leku hunkigarria da Oxanarentzat. Ekainean Ukrainar armadak merkatua jendez lepo zegoela, bonbardatu eta dozenaka zibilen heriotza eragin zuen. “Ni bonbardaketa hasi baino lau minutu lehenago hemen nengoen” esan digu Oxanak berarekin bahituta egondako miliziano batekin topo egin baino lehen.
Luhanskek hiri lasaiaren itxura izango luke bonben hotsengatik ez balitz; Poroxenko ukrainar presidenteak ofentsiba bat iragarri zuen orain dela lau egun. Frontea hiritik 15kmra dagoen arren jende asko etxera bueltatu da abuztutik hona. Zentroan igartzen den normaltasun faltsu hori erabat aldatu egin da merkatura heldu bezain laster. Dena suntsituta dagoen arren jendeak bere eguneroko bizitzarekin jarraitzen du, arazo guztien gainetik. Hiriaren periferian aurkitzen diren herri txikietan suntsipena da nagusi. Bertara eraman gaitu Oleg milizianoak “Mendebaldeko Europak eta Kievek egiten ari diren sarraskien berri eman dezazuen”. Umeendako parke bat zegoen tokian orain bonbak baino ez daude; suntsipena eta etsipena dira nagusi. Bertako biztanleak pozik daude Europako kazetariak bertara gerturatu direla ikustean: “kontatu zuen herrian ze egiten ari diguten Ukrainiako naziek” diote.
Hiri erdialdean tentsio egoera da nagusi normaltasun arraro baten baitan. Bertako miliziek Herri Administrazioa eta hiriko gainontzeko eraikin publikoak kontrolatzen dituzte. Defentsarako prest dituzte denak, bonbak egunero entzuten baitira. Behin eta berriro errepikatzen dute: “Ez dira pasako!”.